INFO

Isard Cos-en egoitza okupatu du Bizi! mugimenduak

Bizi! mugimenduko 25 kide inguruk Isard Cos-en Paueko egoitza okupatu dute ginear jatorriko bi adingaberen espetxeratzea salatzeko. «Manipulazioa» ikusten du Bizi!-k aipatu ginearrak Baionako helduen presondegian sartzeko erabakiaren atzean.

Bizi! mugimenduko kideak, protestan. (@bizimugi)

Isard Cos-en Paueko bulegoak okupatu ditu astelehen honetan Bizi! mugimenduak. Adingabe atzerritarren gaineko balorazioak egiten ditu Isard Cos-ek, eta bereziki bi gazte ginearren inguruan egindako balorazioa salatu nahi izan dute mugimendu altermundistako 25 kide inguruk.

Izan ere, Baionako helduen presondegian sartu dituzte aurrez aipatu bi gazte ginearrak, «ebaluazio bakar bat ere gainditua izan gabe». Bizi! mugimenduak salatu duenez, okertu egin du Isard Cos gazte hauen balorazioa egiterakoan, baina galdetu du: «gaitasun eza ala manipulazioa izan da?».

Mugimenduko bozeramaileetako bat den Txetx Etcheverryk adierazi duenez, afera honen iturburua gaitasun eza soilik balitz «larria litzateke, esan nahiko lukeelako Isard Cos-ek gezurtitzat hartzen dituela ginear gazteak».

Baina salaketa horretaz harago, Isard Cos-en ebaluazio irizpideek «zalantzak» sortzen dituztela salatu du. Manipulazio zantzuak ikusten ditu Bizi!-k bi gazteen espetxeratze aginduaren atzean eta, ondorioz, ebaluazioaren atzean nor dagoen jakin nahi dute.

Hori hala, borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi dute euren zalantzak argituak diren arte.