INFO

'La Manada' kasuaren «probokazioa» salatu dute Iruñean

Andrea-Lunes Lilasek deituta ehunka lagunek kontzentrazioa egin dute iluntzean Iruñean 'La Manada'-koen baldintzapeko askatasuna salatzeko. «Nazkatuta gaude, bi urte eta erdi goaz Justiziaren erabaki nabarmen patriarkalak jasaten». 

Iruñeko gaurko protesta. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Iruñeko Gaztelu Plazak 'La Manada'-koen auzia salatzeko protesta berri bat hartu du gaur, Andrea-Lunes Lilas kolektiboak deitutakoa, kasu honetan. «Nazkatatu gaude, bi urte eta erdi goaz Justiziaren erabaki nabarmen patriarkalak jasaten», salatu dute. Nafarroako Auzitegiak bost zigortuak baldintzapean aske uztea salatu dute, «9 urteko espetxe zigorra duten bost pertsona kalean ikusten ditugu, horren larriak ez diren auziengatik beste batzuk preso dituzten bitartean, Altsasuko gazteen kasuan, adibidez». 

«Probokazioa» da auzi honekin gertatzen ari den guztia, kolektibo feministaren ustez, «emakumeok eguneko edo gaueko edozein unetan askatasunez mugitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen ari gara, askeak izan nahi dugu, ez ausartak». Zigor Kodearen moldaketa eskatu dute, «ez da posible bortxaketa izan dadin emakumeak bere bizitza arriskuan jarri arte aurre egin behar izatea». 

Epaileek genero formakuntza behar dutela adierazi dute eta ezin dutela onartu «bitan erasotzea, lehenbizi gizonek eta gero justiziak sinesten ez gaituenean». 

Azken egunetan jakin diren beste hainbat eraso ere gogoratu dituzte, Laredon hil zuten 26 urteko emakumearen kasua eta Alacanten izan den bortxaketa. Hedabideei egindako adierazpenetan, Tere Saez kolektiboko ordezkariak gizartearen eta justiziaren artean «ageriko arrakala» dagoela adierazi du.