INFO

Adimen emozionalak eskola errendimendua hobetzen du, EHUko ikerlan batek dioenez

Babes sozialak, adimen emozionalak eta autokontzeptuak eskola errendimendua hobetzen dute, EHUko ikerketa baten arabera, eta ondorioz, irakasleak eta familia funtsezkoak dira eskola egoeran.


Nerabezaroan eta gaztaroan adimen emozionalaren eta eskola errendimenduaren arteko harremana eta sexuak eta adinak duten eragina aztertu du Oihane Fernandez Lasarte EHUko Psikor ikerketa taldeko ikertzaileak. 1.894 ikaslek hartu dute parte ikerketan, eta emaitzek erakutsi dutenez, mutilek hobeto kudeatzen dituzte emozioak; neskek, berriz, eskola errendimenduan emaitza hobeak atera dituzte.

«Emozioak hautemateko, ulertzeko eta egokitzeko gaitasun gisa defini daiteke adimen emozionala, eta ikasleen eskola errendimenduan kontuan hartu beharreko aldagai garrantzitsu bat da», azaldu zuen Fernandezek. Era berean, «babes soziala hautematea eta autokontzeptua (nork bere burua ezagutzea) ere eskola arrakastarekin zerikusia duten aldagaiak dira», esan zuen.

Ikerketak egiaztatu du eskola egoera autokontzeptuaren eta adimen emozionalaren araberakoa dela neurri batean, eta horiek zerikusi zuzena dutela familiaren eta lagunen aldetik jasotako babesarekin.

Fernandezen ikerketak erakutsi du, berebat, adimen emozionalaren alde egiten dutela mutilek eta eskola errendimenduaren alde neskek. «Neskek emozioei jaramon handiagoa egiten badiete ere, mutilek argitasun eta erreparazio emozional hobea azaltzen dute», adierazi zuen ikertzaileak, eta zehaztu zuen generoaren araberako estereotipoek eragina izan dezaketela horretan.

Esperotako emaitzak jaso zituen Fernandezek bere ikerketan: zenbat eta babes handiagoa eskaini irakasleek, familiak eta lagunek, orduan eta handiagoa da ikasleen eskola errendimendua; zenbat eta autokontzeptu hobea izan, orduan eta handiagoa da eskola errendimendua, eta, adimen emozionala handitzen den neurrian, eskola errendimendua ere hobetzen da.

Autokontzeptua

Lan honek demostratu du autokontzeptuak aldagai psikologiko gisa duen indarra, eskola errendimendua mugatu baitezake. «Adimen emozionalak berak bakarrik ez du eraginik eskola errendimenduan, nik hala uste banuen ere, autokontzeptuaren laguntza behar du. Adimen emozionala hobetzen bada eta aldi berean autokontzeptua hobetzea lortzen bada, kasu horretan, nabarmen hobetzen da eskola errendimendua», adierazi zuen Fernandezek.

Bestalde, nabarmendu zuen irakasleek eragin handia dutela ikasleen eskola errendimendua baldintzatzen duten aldagaietan, eta familiak, berriz, aldagai psikologikoetan. «Komeniko litzake emaitza horiek guztiak kontuan hartzea eta eragile bakoitzak lan egitea indar handiena egin lezakeen aldagaietan», erantsi zuen.