INFO

Txillardegi gogoratu dute hainbat euskaltzalek Donostiako Antiguan

Astelehen honetan Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ hil zeneko zazpigarren urteurrena izango dela eta, hainbat euskaltzale bildu dira igande honetan Antiguan, hura gogoratzeko eta, aldi berean, «oraindik zor zaion aitortza ofiziala aldarrikatzeko».

Hainbat euskaltzale elkartu dira Donostiako Antiguan Txillardegi gogoratzeko. (Gorka RUBIO/FOKU)

Goizean elkartu diren pertsonek Txillardegiren Antigua ibilaldia egin dute, bertatik bertara bisitatuz idazle, hizkuntzalari eta politikoa zen Txillardegik txikitan ezagutu eta ‘Antigua 1900’ liburuan islatu zituen hainbat leku.

Eguerdian, aldiz, Txillardegiren etxea zegoen plazan, iaz autorearen oroimenez margotu zen horma-irudiaren aurrean, ekitaldi bat antolatu dute. Bertan, Txillardegi Liburutegia herri ekimenaren presidenea den Fito Rodríguezek «oraindik zor zaion aitortza» aldarrikatu du: «Batez ere Donostiako Udalak zor dion aitortza ofiziala».

Ez dira falta izan aurreskua eta musika, baina benetan adierazgarria izan dena, antolatzaileen hitzetan, Jean-Louis Davan euskaltzain zuberotarraren hitzaldia izan da. Izan ere, Davant euskara batuaren sorreraren lekuko zuzena izan zen, 1963an eta 1964an Baionan egin ziren bileretan parte hartu baitzuen. Horrela, lekukotasun zuzen horren talaiatik, Txillardegi euskara batuaren aitatzat aitortu du.

«Euskara batuaren aita»

«Txillardegiri etiketa bat jartzekotan, poliaintzindaria zela erran nezake, zeren aitzindaria izan zen lauzpabost alorretan: frankismo denborako abertzale berria, sozialista librea, Iparraldekoen lagun goiztiarra, idazle polifazetikoa, bide berrien urratzailea», adierazi du Davantek. Hala ere, Txillardegiren obra nagusia «euskara batuaren sorrerakoa, iparraldean hasia» dela nabarmendu du.

Zentzu horretan, euskaltzainak Euskaltzaindiak «bi aldiz izkirioz adierazi ziola» azaldu du, momentu horretan horrelako berrikuntzak onartzeko prest ez zegoelako. Bestalde, Davantek euskara batua sortzeko lehenengo urratsak gogoratu ditu: «1963ko udazkenetik 1964ko udaraino, euskaltzale batzuk astero bildu ginen Txillardegiren inguruan».

Orain, Davant salbu, Akademian beste kide batzuk daudela azaldu du, «Txillardegiri diogun zorra kitatzera lehiatzen ari direnak». «Beren urratsa egin beharko lukete, nik uste, gainerako euskal instituzio eta erankunde publikoek», amaitu du Davantek.