INFO

400.000 pertsona ebakuatu dituzte Kongon Nyiragongo sumendiaren erupzioaren ondorioz

400.000 lagun ebakuatu dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoko Goma hirian, Nyiragongo sumendiaren erupzio berri baten arriskua dela-eta. Aurreko larunbatean izan zen lehen erupzioa eta kalte handiak sortu zituen aurretik ere egoera larria bizi zuen eskualdean.

Ke artean ihesi doaz hainbat herritar. (Moses SAWASAWA / AFP)

Kongoko Errepublika Demokratikoko agintariek 400.000 pertsona ebakuatzea agindu dute Goma hiriko hamar barrutitan, herrialdearen ekialdean, Nyiragongo sumendiaren erupzio berri baten arriskua dela-eta. Gutxienez 3.000 pertsona, tartean 1.800 haur, Ruandara joan dira.

Gomako Behatoki Bulkanologikoaren arabera, atzo 4,9ko lurrikara batek mendiko arrakaletatik laba gehiagok ihes egitea eragin dezake. Maiatzaren 22an labaz, hautsez eta gasez egindako lehen erupzioak 30 pertsona hil zituen, eta etxeak, eskolak eta osasun-instalazioak suntsitu zituen, errepideak moztuz eta ura eta elektrizitatea hornitzeko sistemetan kalteak eraginez.

«Orain arte, arreta humanitarioa erupzio bolkanikoak zuzenean erasandako pertsonengan eta ur-sarbiderik gabeko Goma auzoetan zentratu da, baina pertsonen desplazamendu masiboarekin, ikuspegi operatiboa zabaltzen ari da», adierazi du Jens Laerke OCHAko bozeramaileak Genevan emandako prentsaurrekoan.

Agintariek ebakuatzeko agindua eman ostean, milaka pertsona Gomako errepide nagusietatik ihes egiten saiatu dira, gehienak oinez, baina baita autoetan eta itsasontzietan ere, eta horrek auto-ilarak eragin zituen dardarek jarraitzen zuten bitartean.

Ipar Kivu Kongoko probintziaren (Goma bertako hiriburua da) beharrak handiak ziren jada; izan ere, herrialde horretako 5 milioi desplazatuen %44 bizi dira eskualde horretan, eta pertsonen %33k elikagaien segurtasun falta larria pairatzen dute.