INFO

Aita Marik erreskatatutako 50 lagunak Italian lurreratu dira azkenean

Astearte goiz honetan lurreratu dira, azkenean, Aita Mari itsasontziak joan den ostegunean, maiatzak 27, Mediterraneo erdian erreskatatu zituen 50 pertsona migratzaileak. Siziliako uhartean porturatu dira, arazorik gabe, Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) erakundeak jakinarazi duenez.

Aita Mari itsasontziak erreskatatutako 50 lagunak Italiako Sizilia uhartean lehorreratu dira astearte honetan. (SMH)

Aita Marik joan den ostegunean Mediterraneo erdian erreskatatu zituen 50 pertsonak portu seguruan dira azkenean. Libiako kostaldetik zetozen lagun hauek Maltako uretan zirela hartu zituen euskal ontziak. «Oso egoera kaskarrean» zihoazen Europara, baina osasun aldetik ongi. Orain, Siziliako uhartean daude denak, Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) erakundeak baieztatu duenez.

Gobernuz Kanpoko Erakunde honek azaldu duenez, astearte goiz honetan lurreratu dira 50 pertsona hauek, tartean bakarrik dauden lau adingabe. Augustan porturatu dira, «gorabeherarik gabe».

SMHk erantsi duenez, guztiak dira gizonak eta marokoarrak eta negatibo eman dute covid-19aren testean.


Astelehenean, baimena

Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeak astelehenean jakinarazi zuenez, Erromako Itsas Koordinaziorako Zentroak baimena eman zion Aita Mari itsasontziari Siziliako Augusta portuan lehorreratzeko. Aita Mari berehala abiatu zen porturantz, gauean bertan iristeko esperantzarekin.

Migratzaileen eta asilo eskatzaileen eskubideak bermatuko dituen lehorreratze mekanismo bat eskatu dio beste behin SMHk Europar Batasunari, «itsasoan laguntza jasotzen duten unetik, bai eta bisatu-sistemak birformulatzea ere, pertsonak Mediterraneo erdikoa bezain hilgarriak diren bideak aukeratzera behartuta egon ez daitezen».