INFO

Errumania haurrei txertoa jartzen hasi da, eta Alemaniak eta Poloniak astelehenean ekingo diote

Irizpide ofizialen kontra, hainbat herrialdek immunizazio estrategietan adingabeak sartzea erabaki dute. Alemania eta Polonia astelehenean hasiko dira, eta Errumania asteazken honetan bertan hasi da haurrei txertoa jartzen.

Europar Batasuneko hainbat herrialdetan hasi dira haurrei txertoa jartzen. (Getty)

Errumania BioNTech/Pfizer txertoa jartzen hasi da asteazken honetan 12 eta 15 urte bitarteko adingabeei eta, horrenbestez, adin horretako haurrak immunizatzen dituen Europako Batasuneko (EB) lehen herrialdea da.

Bukaresteko txertaketa kanpainako iturriek Efe agentziari azaldu diotenez, seme-alabei txertoa jarri nahi dieten gurasoek internet bidez hitzordua eskatzeko edo zuzenean edozein txertaketa zentrotan aurkezteko aukera dute. Hala, 12 eta 15 urte bitarteko 2.000 haur baino gehiagok eman dute izena dagoeneko lehen dosia jasotzeko.

Asteazken honetan txertoa hartu duen lehen umeetako bat Rares izan da, 14 urteko gazte bukarestarra, eta injekzioa jarri diote Bukaresteko hegoaldeko parke batean, adingabeen immunizazio kanpainaren aurkezpen ofizialean. «Txertoa hartu nahi dut, lehen bezala bizi ahal izateko», esan du Raresek, bere ama Sandra Alexiu medikuarekin batera.

Daniel Baluta Bukaresteko 4. sektoreko alkatearen arabera, datorren astelehenetik aurrera txertaketa unitate mugikorrak jarriko dituzte eskoletan, gurasoei aurtengo ikasturtea amaitu arte immunizatzeko aukera emateko.

Errumaniako osasun agintariek erabat ireki dute txertaketa, adin eta gizarte-talde guztiei, lehentasunik gabe, txertaketa erritmoa moteltzen ari dela eta. Hiriguneetan, biztanleen %40k gutxienez behin hartu du txertoa, eta landa eremuetan, berriz, %10ek baino ez.

Aditu batzuk beldur dira azken asteetako txertaketa erritmo motelak baieztatuko ote dituen herrialdean eginiko galdeketak, errumaniar biztanleen erdiek baino gehiagok koronabirusaren aurkako txertoa hartzea errefusatzen zutela esaten baitzuten.

Alemania eta Polonia, astelehenean

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) joan den ostiralean onartu zuen BioNTech/Pfizer txertoa adingabeentzat, eta dagoeneko hainbat herrialdek sartu dute urrats hori txertaketa programetan.

Alemania eta Polonia datorren astelehenean hasiko dira adin horietan immunizatzen, Italiak egun horretan irekiko ditu hitzorduak, eta beste herrialde batzuk aztertzen ari dira.

Maiatzaren amaieran, Alemaniak iragarri zuen datorren astelehenetik aurrera 12 eta 16 urte bitarteko adingabeei covid-19aren aurkako txertoa jartzeko hitzordua eskatzeko aukera emango diela.

Txertoa borondatezko izango da, eta ez da derrigorrezko baldintza izango eskolara joateko edo bidaiatzeko. Egungo araudiak berrogeialdia gordetzetik salbuesten ditu Alemaniara iristen diren adingabeak, gurasoak erabat immunizatuta badaude, koronabirusa gainditu dutelako edo txertoaren bi dosiak jaso dituztelako.

Angela Merkelek azaldu zuenez, astelehenetik aurrera 12 eta 16 urte bitarteko haur guztiek (5,3 milioi inguru) ezin izango dute txertoa hartu, baina bai data eskatu. Egun horretatik aurrera indargabetuko da adinagatik, gaixotasunagatik edo lanbideagatik txertoa eskatzea ahalbideratzen zuen lehentasun sistema. Berlinen helburua pertsona guztiei uda amaierarako txertoa jartzeko aukera ematea da.

Polonian, 12 eta 15 urte bitarteko haurren txertaketa –2,5 milioi inguru– datorren astelehenean hasiko da, immunizazio guneetan. Hilabete honetan informazio kanpaina bat egingo da, adingabeak injekzioak jasotzera joan daitezen. Gobernuaren ustez, adin talde horren immunizazioak mutazio berriak garatzea saihestuko du eta birusaren transmisioa murrizten lagunduko du.

OME, haurrei txertoa jartzearen aurka

Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) zuzendari nagusiak, Tedros Adhanom Ghebreyesusek, maiatzaren erdialdean eskatu zien haurrei eta nerabeei covidaren aurkako txertoa jartzen hasteko aukera aztertzen ari diren herrialdeei asmo hori berriz azter dezaten eta, beraz, beren txertoak Covax mekanismoari eman diezazkieten, gehien behar dituzten eskualdeek txertoak eskura ditzaten.

«Herrialde aberats batzuek txertoen horniketa gehiena erosi zuten, eta orain arrisku txikiagoko taldeak txertatzen ari dira. Ulertzen dut batzuek beren haur eta nerabeei txertoa jarri nahi izatea, baina orain berriz aztertzeko eskatzen diet, eta, horren ordez, Covaxi txertoak emateko; izan ere, diru-sarrera baxuak eta ertainak dituzten herrialdeetan txertoen hornidura ez da nahikoa izan osasun arloko profesionalak immunizatzeko ere», esan zuen.