Roglic izan da indartsuena Milano-Torinon eta beldurra sartu du Lombardiara begira
Jumbo taldeko esloveniarrak Adam Yates menderatu du Supergako helmugan izan duten buruz buruko lehia ikusgarrian. Aurreko larunbatean ere bera izan zen onena Giro dell’Emilia klasiko gogorrean. Joao Almeida izan da hirugarren eta eguneko ihesaldian Oier Lazkano sartu da.
Primoz Roglic esloveniarrak beste erakustaldi bat emanda irabazi du gaur Milano-Torino klasikoa, larunbatean korrituko den Il Lombardia klasiko handiaren aurretik jokatu den goi-mailako lasterketa. Jumbo taldeko txirrindularia Adam Yates (Ineos) britainiarrarekin iritsi da azken metroetara, baina Roglic indartsuagoa izan da buruz buruko lehian.
Guztira 190 kilometro egin behar izan dituzte txirrindulariek, Milanotik irten eta Torinoko Superga mendate gainean amaitzeko. Azken 20 kilometroetan bi aldiz igo behar zuten Superga, bost kilometroko mendatea, bataz beste %9ko penditza duena baina puntu batzuetan %14raino irsiten diren maldak dituena.
Eguneko ihesaldia sei ziklistak osatu dute, tartean Caja Rural taldeko Oier Lazkano, datorren urtean Movistarren korrituko duen arabarra, eta Joan Bou, Euskaltel Euskadi taldeko valentziarra. Beraiekin batera Mattia Frapporti (Eolo-Kometa), Davide Orrico (Vini-Zabu), Kevin Vermaerke (DSM) eta Juri Zanotti (Bardiani-CSF) izan dira helmugara iristeko 53 kilometroren faltan harrapatu dituzten iheslariak.
Tropelean erritmoa oso bizia izan da, batez ere Deceuninck taldeak egindako lanari esker, eta horren erakusle izan da Supergako lehen igoeran jada 20 bat txirrindulariz osatutako taldetxo bat geratu dela lasterketa buruan. Zenbait eraso izan dira, Nairo Quintanarena esaterako, baina Mauri Vansevenant izan da gaina lasterketa buruan igaro duena, taldearekiko 20 bat segundoko aldearekin.
Bigarren igoerara bidean, tropeltxoan Rafal Majka (UAE) izan da erritmoa bizitu duena, Tadej Pogacar taldekidearen aukeretan pentsatuz seguru asko. Vansevenant azken igoera hasi bezain laister harrapatu dute eta orduan hasi da oilar nagusien arteko eraso festa. Julian Alaphilippe (Deceuninck) munduko txapelduna izan da jotzen aurrena –ortzadar maillota bigarrenez irabazi zuenetik korritzen zuen lehen lasterketan–, baina Majka azkar sartu zaio gurpilera eta berehala ikusi da frantziarra ez zegoela beste batzuetan bezain fresko.
Aldiz, eraso bortitzena Adam Yates ingelesarena izan da hiru bat kilometroren faltan. Primoz Roglic bakarrik izan da gai bere erritmoa jarraitzeko, eta atzean utzi dituzte Pogacar eta Joao Almeida portugaldarra (Deceuninck).
Egoera horretan iritsi dira bio bikoteak azken metroetara. Aurrean, Yates saiatu da Roglic atzean uzten, baina ez du lortu eta esloveniarrak aurreko larunbatean Giro dell’Emilia klasikoan lortutako garaipena errepikatu du, Yates 12 segundora utziz.
Atzean, Almeida Pogacar baino azkarragoa izan da eta hirugarren postuan sartu da 35 segundora. Michael Woods (Israel) bosgarren izan da, David Gaudu (Groupama-FDJ) seigarren, Diego Ulissi (UAE) zazpigarren, Fausto Masnada (Deceuninck) zortzigarren, Nairo Quintana (Arkea) bederatzigarren eta Alejandro Valverde (Movistar) hamargarren.
Ervitiri ebakuntza
Imanol Ervitiri ebakuntza egin diote gaur metakarpoan zituen «pare bat» haustura sendatzeko. Paris-Roubaix klasikoan izandako erorketan egin zituen haustura horiek, eta sare sozialetan aipatu duenez, dena ongi irten da.
«Dena ongi irten da eta orain errekuperazioa hasten da. Ez da modurik onena, biana horrela amaitzen dut denbioraldia. Milesker animo guztiengatik», aipatu du txirrindulari nafarrak bere mezuan.
Vollering azkarrena erlojupekoan
Demi Vollering neerlandarrak (SD Worx) irabazi du The Womens Tour lasterketako hirugarren etapa, 16,6 kilometroko erlojkupekoa Atherstone hirian. Volleringek 23:18ko denbora egin du helmugan, Joscelin Lowden britainiarrari (Drops Le Col) 1:04eko aldea aterata eta 1:05ekoa Leah Kirchmann kanadarrari (DSM).
Vollering, aurten garaile La Course eta Fleche Wallone lasterketetan, lider ipini da sailkapen nagusian. Juliette Labous (DSM) dago bigarren 1.09ra eta Clara Copponi (FDJ) hirugarren 1.19ra.
Ostegunean laugarren etapa korrituko da Shoeburyness eta Southend on Sea artean, 117,8 k¡lometroko ibilbidearekin.