INFO

Joao Almeidak irabazi du Voltako etapa Boi Taullen, baina Nairo Quintana da lider berria

Portugaldarrak Quintana eta Sergio Higuita kolonbiarrak menderatu ditu helmugan, baina lidertza Arkeakoarentzat da postu hobeak lortu dituelako aurreko etapetan. Mikel Bizkarra ihesaldian sartu da mendiko maillota janzteko.

Almeidak Quintana eta Higuita menderatu ditu helmugan (VOLTA)

Joao Almeidak (UAE) irabazi du Voltako laugarren etapa, 166 kilometro La Seu d’Urgell eta Boi Taull artean. Portugaldarrak Nairo Quintana (Arkea) eta Sergio Andres Higuita kolonbiarrak menderatu ditu helmugan, baina lidertza Quintanarentzat izan da postu hobeak lortu dituelako lehen etapetan.

Aurrez beste bi mendate igo behar izan dituzten arren, lasterketa Boi Taulleko azken igoeran erabaki da. 13 kilometroko mendate luzea, batez ere hasieran eta amaieran gogortzen dena. Hasieran Arkea izan da erritmoa gogortu duena Elie Gesbert frantzioarraren eskutik, baina Quintana azkar geratu da taldekiderik gabe eta Ben O’Connor liderrak bikain eutsi dio erauntsiari.

Aurrera egin duena George Bennet (UAE) izan da. Hogei bat segundoko tartea ireki du eta ihesalditik bizirik geratzen zen azken txirrindularia, Bruno Armirail (Groupama) harrapatu du. Faboritoen taldetxoan Jonathan Castroviejo getxoztarra (Ineos) izan da erritmoa ezarri duena.

Bizkaitarrak bere lana amaitu duenean Carlos Rodriguez taldekide espainiarrak beste koska bat igo du erritmoa eta ondoren iritsi da Richard Carapazen eraso gogorra. Ekuadortarrak tartetxoa ireki du hasieran, baina azkar harrapatu dute atzetik faborito nagusiek.

Atzetik aurrera lan bikaina egin du Joao Almeidak, Carapaz harrapatu eta atzean uzteraino. Baina berekin eraman ditu Nairo Quintana eta Higuita. Hirukotea geratu da aurrean eta euren artean jokatu dute garaipena. O’Connor azken kilometroan ezinean gelditu da.

Azken bihurgunean Nairo Quintana izan da ongien irten dena, baina Almeida gai izan da azken kolpea jo eta helmugan bi kolonbiarrei aurrea hartzeko. Portugaldarrak 10 segundoko gainsaria eraman du eta Quintanak 6koa, sailkapen nagusian denboretara berdinduta geldituz, baina aurreko etapetan postu hobeak lortu dituenez liderraren maillota Quintanak jantzi du.

Castroviejoz aparte, Mikel Bizkarra (Euskaltel) izan da eguneko beste protagonista euskal txirrindularien artean. Bizkaitarra eguneko ihesaldian sartu da Marc Soler (UAE), Hugh Carthy (EF), Juan Pedro Lopez (Trek), Mark Donovan (DSM), Bruno Armirail (Groupama) eta Jesus Herradarekin (Cofidis) batera, eta mendateetan lortutako puntuei esker mendiko lider ipini da, Ander Okamikari postua kenduz.

Volta - 4. etapa
1. Joao Almeida (UAE)           4:20:27
2. Nairo Quintana (Arkea)             d.b.
3. Serguio Higuita (Bora)              d.b.
4. Wouter Poels (Bahrain)             7ra
5. Tobias Halland (Uno)               13ra
6. Juan Ayuso (UAE)                     d.b.
7. Richard Carapaz (Ineos)            d.b.
8. Jai Hindley (Bora)                     d.b.
9. Carlos Rodríguez (Ineos)           d.b.
10. Guillaume Martin (Cofidis)        d.b.
38. Jona. Castroviejo (Ineos)     4:09ra
43. Gotzon Martin (Euskaltel)    4:37ra
48. Urko Berrade (K. Pharma)        d.b.
88. Unai Cuadrado (Euskal.)    14:26ra
100. Ander Okamika (Bur.)      16:42ra
131. Mikel Bizkarra (Euskal.)    23:08ra
135. Oier Lazkano (Movis.)             d.b.
Mikel Nieve (Caja Rural)             Etxera

Volta - Sailkapen nagusia
1. Nairo Quintana (Arkea)         17:04:53
2. Joao Almeida (UAE)                      d.b.
3. Serguio Higuita (Bora)                   6ra
4. Juan Ayuso (UAE)                       17ra
5. Wouter Poels (Bahrain)                 d.b.
6. Ben O’Connor (Ag2r)                     d.b.
7. Tobias Halland (Uno)                   23ra
8. Guillaume Martin (Cofidis)             d.b.
9. Richard Carapaz (Ineos)              26ra
10. Torstein Traen (Uno)                 34ra
36. Urko Berrade (K. Pharma)       7:09ra
37. Gotzon Martin (Euskaltel)        7:38ra
73. J. Castroviejo (Ineos)          23:01era
111. Unai Cuadrado (Eusk.)        43:54ra
115. Ander Okamika (Bur.)         45:24ra
124. Mikel Bizkarra (Euskal.)       52:06ra
138. Oier Lazkano (Mov.)         1:04:46ra

Ineosen beste bat Coppi-Bartalin

Ineosek jaun eta jabe izaten jarraitzen du Coppi-Bartali lasterketan. Ben Tulett britainiarrak irabazi du hirugarren etapa, 163 kilometro San Marinon, eta Eddie Dunbar bere taldekideak jarraitzen du lider etapan bigarren amaitu ostean.

Tulett gazteak –20 urte baino ez– azken igoeran jo du erasoa eta helmugan garaile izateko nahikoa izan duen tartetxoa ireki du. Atzetik, faboritoak elkarri begira ibili dira eta azkenean Dunbarrek lortu du bigarren postua, Marc Hirschi (UAE) suitzarraren aurretik.

Elisa Balsamo garaile Brujas.De Panne klasikoan

Elisa Balsamo munduko txapeldunak irabazi du Brujas-De Panne klasikoa. Trek taldeko italiarrak esprintean menderatu ditu Lorena Wiebes (DSM) eta Marta Bastianelli (UAE) eroriko asko izan dituen 162 kilometroko proban.

Brujas-De Panne
1. Elisa Balsamo (Trek)            3:52:11
2. Lorena Wiebes (DSM)                d.b.
3. Marta Bastianelli (UAE)              d.b.
4. Lonneke Uneken (SD Worx)       d.b.
42. Lourdes Oyarbide (Movis.)      22ra