Palestinako futbol selekzioak historia egin du, Asia Kopako final-zortzinenetarako sailkatuta
C multzoko hirugarren postuan sailkatuta lortu du final-zortzirenetako txartela, Asia Kopan bere historiako aurreneko garaipena erdietsi ostean. Hong Kong-eko selekzioari 0-3 irabazi zion, Dabbagh-ek bi gol sartu eta Al Qanbar-ek beste gol bat eginda. Australia izango du hurrengo arerio.
Palestinako futbol selekzioa historia egiten ari da Asia Kopan, bere historian aurreneko aldiz final-zortzirenetarako sailkapena lortu ondoren. Makram Daboub entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak Hong Kong 0-3 garaitu du aurreneko faseko ligaxkako azkenengo neurketan. Orotara lau punturekin amaitu du Palestinak eta C multzoko hirugarren postuan sailkatu delarik, kanporaketa zuzenetara sailkatzea lortu du.
«Oso pozik gaude, historia egin dugulako», adierazi dio ‘Euskadi Irratiari’ Leioan jaio eta hazitako Yaser Hamed Mayor futbolari palestinarrak. «Palestinan dagoen egoera oso txarra da, mundu guztiak dakien bezala, eta nire ustez sailkapen hau zorion txiki bat da palestinar guztiontzat», gaineratu du.
Palestinako selekzioak 4-1 galdu zuen aurreneko jardunaldian Iranen aurka eta banako berdinketa gauzatu zuen, berriz, Arabiar Emirerri Batuen aurka. Aldiz, Asia Kopan bere historiako aurreneko garaipena eskuratu du Hong Kong-en aurka, Dabbagh-ek bi gol sartu eta Al Qanbar-ek beste gol bat eginda. Orotara, lau punturekin eta golen aldeari esker, hirugarren postuan sailkatu diren lau talde onenetako bat izan delako lortu Palestinak du hurrengo kanporaketarako txartela.
Esan beharrik ez dago Gazan nozitzen ari den egoera lazgarria gogoan –25.000 lagunetik gora dira dagoeneko Israelek erail dituenak–, Palestinako selekzioko jokalari eta kide guztiek pozarren eta hunkituta ospatu dutela bai garaipena eta baita sailkapena ere.
«Mundu osoak jakin dezala Palestina hemen dagoela eta, bide batez, eskerrak eman nahi nizkieke herri handi hau laguntzen eta defendatzen duten guztiei», gaineratu du horren harira Yaser Hamed Mayor jokalari leioarrak.
Final-zortzirenetako aurkaria Australia izango du Palestinak, B multzoko aurreneko postua eskuratu ostean. «Australiaren aurka ere historia egiten ahaleginduko gara, batez ere Palestina defendatu eta berari ahotsa emateko. Hori da hemen garrantzitsuena», azpimarratu du Yaser Hamed Mayor Palestinako selekzioko euskal jokalariak.