INFO

Hegal eta oinez, erresistentzia eta estrategia uztartuta, Pirinioak zeharkatuz

X-Pyr lasterkeat abiatu da igande honetan Hondarribiatik eta zazpi egunez Pirinioak zeharkatuko ditu, oinez eta hegal eginez, mendebaldetik ekialdera. Lehen egunak Euskal Herrian emango ditu, Larunen baitago lehen baliza. Euskal atleta bakarra egongo da lehian, Iñigo Ais Anchia.

Hondarribian hasi da lasterketa; hondartzatik Larhunerako bidea hartu dute. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Pirinioak mendebaldetik ekialdera, Kantauri itsasotik Mediterraneora. Astebetean, zeharkaldi hau egingo duen lasterketa abiatu zen atzo, Hondarribiatik. Hegal zein oinez, X-PYR izeneko lasterketak irudi ikusgarriak utziko ditu datozen egunetan.

Euskal Herrian barrena ibili da lehen egun honetan, Larhunen baitzegoen bigarren baliza. Eguraldi petrala izan dute lehiakideek lehendabiziko egun honetan baina umore ona gailendu da Larhunen, animatzera gerturatu diren zaleen hauspoarekin.

600 kilometroko ibilbidea da orotara, 7 egunetan osatu beharrekoa, eta parte-hartzaileek mendi-ibiltaritza eta parapentea uztartu beharko dituzte. Larunbatean bukatuko da, El Port de la Selvan (Girona).

2012an sortu zen lasterketa eta bi urtetik behin egin izan da. Aurtengo edizioan, 20 herrialde ezberdinetako atletak lehiatuko dira, erresistentzia eta estrategia uztartzen dituen proba honetan garaipena bilatu asmoz. Euskaldunei dagokionez, bi atleta ziren parte-hartzekoak baina azkenean Iñigo Ais Anchia izango da euskal ordezkari bakarra.

Mattin Iñiguezek, bestalde, istripu bat izan zuen orain dela gutxi eta horregatik ez da izan Hondarribiako irteera puntuan. Iñiguez ezaguna egin da urte honetan, parapentean 300 kilometro zeharkatu baitzituen maiatzean, Iruñetik Organyara (Lleida), korronte termikoek lagunduta. Estatu espainoleko errekorra ezarri zuen. 

Ibilbidea

Aurtengo edizioko ibilbideak Pirinioetako ingurumari esanguratsu eta malkartsuenetako batzuetan zehar eramango ditu parte-hartzaileak, nabigatzeko eta erresistentziarako dituzten gaitasunak proban jarriko dituzten biraketa-puntu ugarirekin.

«Pirinioek iraupen oihal ikusgarria eskaintzen dute lasterketa honetarako, eta parte hartzaile guztientzat desafio handi eta gogoangarria izaten jarraituko duela bermatzeko konpromisoa dugu», esan zuen Iñigo Redinek, X-Pyr lasterketako zuzendariak.

Igande honetan, Hondarribiako hondartza utzi ondoren, atletek Laruneraino abiatu dira, 15 kilometroko mendi ibilbidea, 870 metroko desnibel positiboarekin. Modu honetan, motxiletatik ekipoa atera eta azkenean hegan egin dezaketen lehen puntura iritsiko dira.

Lehen etapa luzea (edizio honetako luzeena) 122,2 kilometrokoa da Val d 'Azen-eraino. Handik Kataluniako ipar mendebaldean sartzen dira eta Aigüestortes Parke Nazionala bisitatzen dute; Boi Taull-en egongo da biraketa puntua.

Mendebaldera igarota, Monte Perdidoren ertzera joango dira, Ordesako Parke Nazionalera. Hegaldia mugatuta dagoenez, zilindro handi bat dago baliza horren inguruan (7 km).

Handik, lasterketa ipar-ekialderantz doa, Arriege-ra, Pic des Trois Seigneurs, Andorra iparraldean kokatua, ibilbidearen zatirik zailena izan daitekeena.

Horren ondoren, arazo gehiago izango dituzte taldeek. Baliza batera joango dira, eta han lurreratu (edo oinez iritsi) beharko dute –ez dago baliza-erradiorik–. Vall de Nuriaren berezitasuna da 1.962 metroko haran eseki batean dagoela, eta bertara kremailera-trenez baino ezin dela iritsi. Taldeen jarraitzaileek doako txartel bat dute igotzeko, ez baitago monasterioan –baliza izango da– sartzeko errepiderik.

Handik, 75 km zuzen daude, Santa Helena de Rodeseko azken punturaino. Larunbatean iritsiko dira bertara, 21.00ak aldera.

Antolakuntzaren webgunean jarraitu daiteke lasterketa, biraketa puntuetako grabaketen bitartez bai eta zuzeneko track-aren bitartez.