AEBetako egunkari handienak ere Bideni lasterketa uztea eskatu dio
Debateko irudi tristea eta emaitza kaskarra ikusita, eta Trumpen mehatxuari aurre egiteko sasoiko dagoen hautagai bat ezinbestekoa dela iritzita, ‘The New York Times’ egunkariko kontseilu editorialak Joe Bideni eskatu dio lasterketa presidentziala bertan behera uztea.
Donald Trumpekin izan zuen Atlantako eztabaidan Joe Bidenek munduari erakutsi zion irudi kezkagarri, ahultasun fisiko eta kognitiboa, begirada galdu eta geldotasun ezin ezkutatzekoa, jokaera errari eta eman zuen penak alarma guztiak piztu ditu. Eta ageriko sekretua zena aldarri bilakatu da: modu koherente batean eztabaidatzeko gai ez den, bere planen inguruko bisio koherente bat zabaldu ezin eta, askotan, esaldiak bukatzeko komeriak dituen hautagaia batekin ez dago aurrera egiterik. Orain delako momentua hori barneratu eta zuzentzeko neurriak hartzea. Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan. Hau da bolo-bolo dabilen ideia.
Baina ‘The New York Times’ AEBetako egunkari boteretsuenak eta demokraten defendatzaile porrokatuenak ideia bere editorialera eraman eta «bere herrialdea zerbitzatzeko» Bidenek «(presidentziarako) lasterketa utzi beharko luke» aipatzen duenean, kezkek eta ezinegonek marka guztiak gainditu dituela esan nahi du. Ez delako zutabegile baten edo bestearen iritzi soila –eta milaka dira gauza bera diotenak–, eragin eta lobby politikoen botere gune gorenaren iritzi instituzionala delako. Broma gutxi.
Munduari buelta eman dion editorialean irakurri daitekeenez, Biden «presidente miresgarria izan da. Haren lidergoaren pean, nazioak aurrera egin du eta epe luzeko hainbat desafioei aurre egin dio, Trumpek irekitako zauriak sendatzen hasi dira. Baina momentu honetan Bidenek egin dezakeen zerbitzu publiko handiena presidente kargurako bere burua hautagai gisa ez duela proposatuko iragartzea da».
Ordu batzuk lehenago, herrialdeko beste egunkari handienak ‘The Washington Post’-ek Joe Bideni gomendioa luzatu zion: «hartu ezazu aste bukaera zure etorkizunaz hausnartzeko». Ez zion esplizituki lasterketa uzteko esan, baina esan gabe nahiko esplizitua zen igorri zion mezua.
Trumpekin izan zuen eztabaida «kalamidade» bezala definitu ondoren, Biden «barnera begirako hausnarketara» kondenatua dagoela uste du, herrialde osoan galdera edo kezka «legitimo» bat zabaldu duelako, ez beste lau urtez karguari eusteko gorputzez eta buruz gai den.