INFO

Fridays For Futureko gazte ekologistek Guggenheim Urdaibai geldiaraztea eskatu dute

Pasa den igandean Juventud x Clima eta Fridays For Future gazte ekologistek protesta ekintza bat egin zuten Bilbon Guggenheim Urdaibai proiektua gelditzeko eskatuz. Ekosistemaren fauna eta flora mehatxatzen duela eta informazio falta salatu zituzten.

Abuztuaren 4ean egin zuten protesta gazte ekologistek, Bilbon. (Fridays For Future)

Urdaibaiko Biosfera Erreserban Guggenheim museo berria eraikitzearen «zentzugabekeria» irudikatzeko ekintza egin zuten pasa den igandean Juventud x Clima eta Fridays For Futurek. Bilboko museoaren aurrean egin zuten protesta ekintza proiektuaren sustatzaileen gardentasun falta eta informazio ezkutaketa salatuz.

«Guggenheim Urdaibai proiektuak Euskadiko naturgune ahulenetako eta babestuenetako baten turistifikazioa ekarriko luke, eta irregulartasun administratibo ugariz beteta dago, herritarren erreklamazioei jaramonik ez zaie egin», salatu zuten egindako ekintzan. Batetik, ekosistemaren fauna eta flora «mehatxatzen» dituela proiektuak azaldu zuten. Eta bestetik, turistifikazio ereduak «etxebizitzaren prezioa igotzea eta eskualdean lana prekarizatzea ekarriko luke», gehitu zuten.

Proiektuaren irregulartasun administratiboen inguruan ere kezkatuta daudela esan zuten gazte ekologistek; Kostaldeei buruzko Legearen aldaketa aipatu zuten, Muruetako egoitza eraiki ahal izateko. «Urdaibai hezeguneen Ramsar hitzarmenak babesten du, Europako Natura 2000 Sareak, eta Hegaztien Babes Bereziko Eremu gisa kalifikatutako guneak ditu», gogoratu zuten.

Protesta ekintza pasa den igandean egin zuten, izan ere, abuztuaren 1etik Basoa Defendatzaileen Etxean, Artean, bilduta egon dira ekintzaileak Juventud x Clima mugimenduaren topaketak ospatzeko. Eskualde ezberdinetako 60 pertsonek hartu dute parte, eta erakundearen aktibismoaren eta etorkizunaren inguruko bizipenak eztabaidatu eta partekatu zituzten.

Basoaren proiektu komunitario «inspirazio iturri» izan dutela kontatu zuen FFFeko Granadako Antonio Rodriguez gazteak: «Utopia gauzagarri eta bizitza erdigunean jarriz bizitzeko modu bat ikusi dugu». Bestalde, «biodibertsitatearen kontsebazioak eta babesak erakundeen lehentasunezko ekintza-ildoa izan behar du», gehitu zuen Rodriguezek, eta azpimarratu Guggenheun Urdaibai proiektu hori «guztiz kontrakoa» dela.