AEK-k ireki du ikasturte berriko matrikulazioa, «herritarrek euskara eroso ikas dezaten»
EAE-n euskara hutsetik ikasi nahi duten ikasleen matrikula merkeagoa izango da hemendik aurrera, orain arte ordaintzen zuten matrikularen laurdena ordainduta. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere badira euskara ikasteko diru sailak
AEK-k ‘Euskara eroso bizitzeko’ 2024-2025eko ikasturteko matrikulazio kanpaina jarri du martxan, eta horrela, matrikulazioa zabalik dago jada AEKren euskaltegietan, «herritarrek euskara eroso ikas dezaten bertan».
AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek aurkeztu dute kanpaina asteazken honetan Bilboko Kalderapeko Kulturgunean, eta agerraldian Lurdes Etxezarreta Artabe Bizkaiko ordezkariak hartu du hitza. Aize Otaño Lizarralde Gipuzkoako ordezkaria, Xabier Gartzia Castell Nafarroako ordezkaria, Bixente Claverie Ipar Euskal Herriko kidea eta Maialen Begiristain Grado Arabako ordezkari berria ere izan dira agerraldian.
Etxezarretak azaldu duenez, AEKren xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz «eroso» bizitzea, eta, hori dela-eta, euskararen ezagutzan, erabileran eta sustapenean aritzen da. «Herritarrek, ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea nahi dugu, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe», adierazi du.
Euskaltegiak «euskara ikasteko gune erosoak» izatea nahi dutela nabarmendu du, eta ikasleak handik ateratzean «gure hizkuntza arlo guztietan erabiltzeko aukera» izan dezaten bilatzen dutela, hala nola lagunartean, familian, lanean edota aisialdian.
Horretarako, eskaintza integrala du AEK-k, eta, sarean zein aurrez aurre euskara ikasteaz gain, erabilerarako aukerak ere eskaintzen ditu, besteak beste, 'AIZU!' aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikatu zerbitzua, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko.
Halaber, Etxezarretak salatu du azkenaldian epaitegietatik heldutako sententziek ez dutela uzten euskaraz eroso bizitzen, eta behin eta berriz urratzen dituztela hizkuntza eskubideak. «Gure eguneroko bizimoduan, euskaldunak garen heinean, eroso bizi nahi dugu euskaraz. Horregatik, euskaraz eroso bizitzeko aukera eskaini nahi diegu gure euskaltegietara hurbilduko diren guztiei, ikas-prozesua eroso bizi dezaten, estutuko dituen oinetakorik gabe, bizimodua deseroso bihurtzen diguten traba, muga eta oztopo barik, hizkuntza eskubideak urratzen dituen sententziarik jaso gabe epaitegietatik», azaldu du.
Bada, euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu jada AEKren ehundik gora euskaltegiak, ikasleen beharrizanetara egokitutako ordutegi, modulazio eta mailekin. Gainera, AEK-k euskara eskolak ematen ditu enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan. «Pantailen beste aldetik ere», nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, AEKren sareko euskaltegiko ikastaroen bitartez.
Doakotasuna
Bestalde, Lurdes Etxezarretak adierazi du AEK-tik euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatzen dutela, «uste baitugu administrazioek bermatu behar dutela euskara doan ikasteko herritarren eskubidea». «Azkenaldian urratsak egiten ari badira ere, oraindik badago zeregina benetako doakotasuna lortzeko, besteen artean, herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea», gaineratu du.
Era berean, A1 mailarako diru laguntza berria nabarmendu du, doakotasunaren bidean «beste urrats bat eta pizgarria» baita euskaratik urrun bizi direnentzat. Horrela, EAE-n euskara hutsetik ikasi nahi duten ikasleen matrikula merkeagoa izango da hemendik aurrera; alegia, A1 mailako euskara ikasleek orain arte ordaintzen zuten matrikularen laurdena ordainduko dute aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako edozein euskaltegitan.
Ildo beretik, gogorarazi du aurreko ikasturtean zabaldu zen diru laguntza lerroaren moldaketa egin duela Lakuak, baina 16-18 urtekoentzat C1 maila prestatzeko diru laguntza ere badagoela aurten. Era berean, bestelako erakundeek diru laguntzak ematen dituztela ere gogoratu du. Hain zuzen, B2 mailara arteko prozesua doakoa da EAEn, maila euskaltegian nahiz deialdi ofizialetan egiaztatuz gero.
Bestalde, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere badira euskara ikasteko diru sailak. Edonola ere, Nafarroako Ager eremuko euskara ikasleek Errigora bekaren laguntza ezinbestekoa dute.
Azkenik, Etxezarretak ziurtatu du AEKren euskaltegietan ikasleek «euskara eroso ikasteko eta bizitzeko aukera» izango dutela, eta gainera, ikasturte honetan, euskaltegi berriak eta berrituak izango dituztela: Galdakaoko Barandiaran euskaltegi berritua ekainean zabaldu zen, eta dagoeneko ikasleek ezagutzen dituzten Oreretako Xenpelar AEK eta Mungiako Kinttopeko AEK euskaltegi berriak inauguratuko dira laster.