Euskara erdigunean jarri eta «larrialditik indarraldirako bideari» ekitera deitu du Kontseiluak
‘Larrialditik indarraldira’ adierazpena plazaratu du Kontseiluak, euskalgintzako eta kulturgintzako eragileen babesarekin. Euskara agenda politiko eta sozialaren erdigunean jarri eta neurri «egokiak» hartu ezean «atzeraldia» etorriko dela ohartarazi du. 2025a «garrantzitsua» izango dela iragarri du.
Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gizarte eragileen ordezkariak Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean bildu dira, ‘Larrialditik indarraldira’ izeneko adierazpenaren berri emateko.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du hitza adierazpena irakurtzeko. Honen bitartez, 2025ean larrialdi linguistikotik «indarraldirako» bideari ekiteko beharra aldarrikatu dute. Horretarako lehen eginkizuna euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea dela azaldu dute.
Horrekin batera, iazko azaroaren 4ko manifestazioaren ondoren adierazi bezala, euskararen normalizazioa berriro «norantza egokian» jarriko duen akordio sozio-politikoa bideratzeko erantzukizunean berretsi da Kontseilua. Hortaz, iragarri du 2025a «urte garrantzitsua» izango dela euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat.
Kontseiluak bere adierazpenean gogoratzen duenez, ELEN Europako Hizkuntzen Sarearen batzar orokorrean adierazi zuten azaroaren 9an euskara «larrialdi linguistikoan» dagoela» eta egoera horretara eraman duten eta «alarma piztekoak diren» hainbat faktore zerrendatu, hala nola eremu euskaldunenetan atzera egiten ari dela euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera dela «euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea».
Horrekin batera, nabarmendu du bere lurraldeko eremu zabal batean euskarari ukatu egiten zaiola ofizialtasuna, «nor izatearen gutxieneko aitortza, taxuzko politika publikoak aurrera eramateko aukera». Eta ofiziala den eremuan, berriz, «euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra».
Neurri egokiak hartu ezean, «atzeraldia»
Euskarak bizi duen «ahultasun» hori, gainera, «larritu egiten du» globalizazioak eta «jendeon mugikortasunak, bilakaera sozio-demografikoak eta bizitzaren digitalizazioak erronka berriak ezarri dizkio euskararen biziberritzeari».
Hori guztia kontuan hartuta, Kontseiluak ohartarazi du «indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak» epe laburrean hartu ezean, «atzeraldia» etorriko dela.
«Hizkuntz politikan aurrerapauso sendoak egiten ez badira, bizigarritasun soziala irabazi ordez galtzen hastekotan gaude», dio adierazpenak.
Testuan jasotzen denez, «larrialdian gaudela esatea» ez da «arrangurarako dei bat» ezta etsipenerakoa. Aitzitik, «larrialditik indarraldirako bideari ekiteko lehen urratsa» dela uste du.
Kontseiluaren iritziz, «garaiz gaude euskararen eta euskal hiztun komunitateari etorkizun oparo bat bermatzeko» eta horregatik «buru-belarri» arituko da «larrialditik indarraldirako bidea bultzatzen, osatzen, egiten».
Horretarako lehen eginkizuna, nabarmendu du, euskararen normalizazio eta biziberritzea «agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea» da, eta horretarako deia egin die erakundeei, agintariei, eragile politiko eta sozialei. «Lehen mailako auzi politikoa da, urgentea, eta erabakimenez heldu behar zaio».
Mobilizazio sozial handia 2025eko abenduan
Horrekin batera, bere konpromisoa berretsi du euskararen normalizazioa «berriro norantza egokian jarriko duen akordio sozio-politikoa bideratzeko, larrialditik indarraraldirako bidea bultzatuko duen gizarte itunaren lanketan». Ildo horretan, 2021ean hasitako dinamika horren emaitza 2025ean gizarteratuko duela jakinarazi du.
Kontseilua sinetsita dago, izan ere, datorrena «urte garrantzitsua» izango dela euskararentzat eta euskal hiztunentzat, «larrialditik indarraldirako bideari ekingo diogulako, noranzko berri bati», baina bide horrek «guztion premia» duela argi utzi nahi izan du, «euskararen alde, hizkuntz berdintasunaren alde eta, funtsean, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sinesten dugun guztiona».
Horregatik, prozesu honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, guztiok baitaukagu «ekarpenak egiteko aukera». Mobilizazio sozialerako gonbidapenak ere izango direla aurreratu du, eta 2025eko abendurako, Euskararen Egunaren testuinguruan, «mobilizazio sozial handi baterako» deia egingo duela iragarri du, «prozesu baten emaitza izango dena, eta ziklo berri baten abiaburu».
«Itxaropen eta ekimenez jantzita jar gaitezen etorkizunera begira. Garaiz gaude. Bagoaz larrialditik indarraldirako bideari ekitera. Eskuz esku, besoz beso. Euskaraz bizi nahi dugu eta euskaraz biziko gara. Etorkizuna, euskaraz!» aldarrikatuz amaitzen da adierazpena.