Josu Jimenez Maia
Idazlea

Bost soldadu horietako bat Nafarroako eta Tuterako artzapezpikua da

Argazkiak bost urte baino ez ditu, eta soldadu horietako bat Francisco Perez Gonzalez da, Nafarroako eta Tuterako artzapezpikua. Amerikarrek Kirgizistanen duten Manas hegazkin-basean aterea da, eta hor agertzen da gure artzapezpikua genozida horiei bostekoa ematen.

Nafarroan ez dago eskuina boterean, ultraeskuin ultrakontserbadorea baizik, eta Barcinaren Tea Party dugu boterean azken hamarkadetan. Horregatik beste inon ikusten ez direnak agerikoak dira hemen, artzapezpiku militar bat beste militar batzuen laguntzarekin, guardia zibilekin, Antsoaingo klinika baten aurrean escrache fatxa bat egiten, diana markatzen gaueko soldaduek jakin dezaten non jo.

Oinarri nabarreroa eta nazionalkatolizismoa pozik uzteagatik joan da Francisco Perez Gonzalez apezpikua Nafarroa osoan legezko abortuak egiten diren klinika bakarraren atariraino. Ez da Francisco aita santuaren aginduak betetzen ari, botere faktikoenak baizik. Eta, bidenabar, inork ez dezala hitz egin «CAN auziaz», desagertu diren 1.000 milioiez nehork ez dezala galde... Barcinaren annus horribilis estaltzeko botere faktikoek nahi dute mintzagaia eta erritmoak ezartzea, gelditzen zaien denbora politikoa markatzea eta baldintzatzea.

Berdin zaie nafar gizartean eragin dezakeen arrakala, berdin zaie zer sakona egiten ari den Eliza katoliko ofizialaren eta nafar gizartearen arteko amildegia... Boterea galduko duten beldur dira, amorratuta daude, eta zakur amorratuaren gisa, zaunka eta hoska egiten dute, eta General de Brigada den artzapezpikuak badaki aginduak betetzen eta ematen.

Antsoainen egindako agerraldia esperpentikoa izan da, benetan desesperazioaren adierazle, orain arte, bere aurrekari Fernando Sebastian ez bezala, Francisco Perez isilpeko lanetan aritu baita bost urtez nafar herritarren ondasunak «inmatrikulatzen» alegia, eufemismoak eufemismo, beretzat hartzen, ad maioren ecclesiae gloria. Izan ere, Olentzerok ez dio kasualitatez ikatza ekarri apezpikuari berriz ere. Susmatzen dut, susmoa baizik ez da, artzapezpikua gusturago dagoela azpilanetan kale gorrian errosarioak errezatzen baino, pulpituan laketuago publikoan baino.

Afganistanera bonbardaketak egitera joaten diren hegazkin-basean egindako argazki salagarria jadanik ez dago Interneten. http://www.catholicmil.org/images/gallery/display/10271_hq.jpg.jpg helbidea nabigatzailean jarrita, «File not found» agertuko zaizu, norbait arduratu baita argazki hori kentzeaz...

Francisco Perez Gonzalez, milaka lagun hil eta hiltzen dituen inperialismoaren morroi, errosarioa eskuetan bizitzaren alde dagoela dioen hipokrita izugarri bat, Iraken, Afganistanen eta mundu osoan haren lagun amerikarrek hiltzen dituzten ume horiek guztiek ez baitituzte oraindik jaio ez den umeki batek bezainbeste eskubide.

Search