Josu Jimenez Maia
Idazlea

Tuiza: sahararren auzolana

Emakume sahararrak, jostorratzak hartuta, jaima bat konpontzen, oihala josten ari ziren harean eserita zeudelarik udazkeneko iluntze hartan. Tuiza eginez, auzolanean ari ziren jaima horretako familiako emakume guztiak, baita inguruko beste emakumeak ere.

Nik haiek ezagutu ez, baina haiek ederki zekiten bisitan joandako euskaldunetako bat nintzela, eta inguruan pasieran nenbilela emakumeen arteko begirada konplizeak piztu ziren, barre txikiak egin eta batek hari mataza bat bota zidan oinetara. Gerora ikasi nuen esanahia, baina ederki gogoratzen dut ze barreak egin zituzten haiek nire lepotik hasieran, eta ze barreak egin genituen elkarrekin.

    Paradoxikoa dirudien arren, bat-bateko euria ez da inondik ere pagotxa bat basamortuan, batez ere euriteek uholdeak sortzen dituztelarik, aurreko egunetan gertatu den gisan errefuxiatu sahararren kanpalekuetan. Berez larria den kanpalekuetako egoerak ilunetik beltzera egin du:  hilaren 17 eta 18ko euriteek 1.350 jaima  eta adobezko etxetxo eraitsi dituzte Auserd, Aiaun, Smara eta Bojadorren. Baina are okerrago daude Dajlan: 19 eta 20ko euriteek 1.200 jaima eta adobezko etxetxo bota ditu.  

    Han izan ginela ikasi genuen eurite edo haizete kasuan, adobezko etxetxoak utzi eta jaimara biltzen dira guztiak; jaima erorita gero, ondorioak ez dira hain larriak... Sahararrak azkarrak dira, eta ongi antolaturik daudenez, oraingo euriteek eta uholdeek ez dute hildakorik eragin; baina 40 urte daramate harria besterik ez duen basamortuaren txoko batean gorderik, euren lurraldera noiz itzuliko zain, eta orain anitzek zeuzkaten apurrak galdu egin dituzte.

    Datozen egunotan, jaimak lehortzen direnean, emakume sahararrak berriz bilduko dira jostorratzak hartuta, eta lehenbizi bat konponduko dute denon artean, eta gero bestea konpontzen lagunduko dute, eta berriro jasoko ditugu guztiak, Inshalah, –Allah-k horrela nahi badu– eta euskaldun batzuk laster joanen dira berriz bisitan, aurten gogo eta kemen handiagoarekin, jaimak berriz ongi jartzen eta adobezko etxetxoak eraikitzen laguntzeko, auzolanean, tuiza eginez... Eta berriz eginen dugu barre elkarrekin.

Search