Josu Jimenez Maia

Beltz hizkuntzaz mintzo

Espainiako kartzela batean gertatua eta euskal preso politiko ohi batek ikusia eta kontatua dakit jarraian doakizuena. Espetxe urrun batean hiru preso beltz ari ziren patioan hizketan, eta presozain bat hurbildu, eta hauxe esan zien: «¡Vaya, si no habláis en negro! ¡Estáis hablando en Español! ¿A que os sentís mejor hablando en Español y no en vuestro idioma?»

Hiru preso beltz aho bete hortz gelditu ziren, zer esan ez zekitela. Izan ere, bata Senegalekoa zen eta ama-hizkuntzaz gain, frantsesa ere bazekin; bestea, Ghanakoa, eta ama-hizkuntza ez ezik, ingelesa ere bazekien; hirugarrena Angolakoa zen eta ama-hizkuntzaz gainera, portugesez ere bazekien. Espainiako espetxe batean egonik, hirurek elkar ulertzeko hizkuntza bat behar zutenez, espetxe-hizkuntza lardaskatzen zuten, eta espainolez aritzeak ez zien harrotasun berezirik sentiarazten; jagole horren ustea, ustela, beraz.

Espetxe urrun —eta zurrun— horretako presozain elebakar horrek ez zuen ulertzen ahal beltzak ez zirela «beltz hizkuntzaz» mintzo; Afrika osoan hizkuntza bakarra hitz eginen balitz bezala!

Wislawa Szymborska poeta poloniarrak idatzi zuen: «Ezjakintasunak hemen lan handia dauka; etengabe zenbatzen, alderatzen, neurtzen du, eta horretatik ateratzen ditu ondorioak eta erroketak». Nobel saridunak ez zuen buruan izanen, segurki, Espainiako espetxe bateko jagole ezjakin bat, baina...

Ostegunean, irailaren 24an, ‘Euskal preso eta iheslariak #etxera’ lelopean mobilizazioak eginen dira herri eta auzo guztietan: kalera atereaz, argi mintzo gara.

Search