Gotzon Aranburu
Donostia

Urbia ardiz bete da

Milaka urte dira euskaldunak artzain gabiltzala. Kasu askotan, gaur egungo artzainen saroiak eta txabolak historiaurreko megalito-eremuetan daude. Entzian, Iparlan, Gorbean, Aralarren, Urbasan, Urbian… horietan guztietan ibili izan dira ardiak larrean eta artzainak haiek zaintzen, baina arriskuan dago lanbide hau. Urbian izan gara, Josu Etxezarretarekin, bertako artzain gazteenarekin.

Josu Etxezarreta, Urbian. (Gotzon ARANBURU)
Josu Etxezarreta, Urbian. (Gotzon ARANBURU)

Segurakoa da Josu Etxezarreta, baina Zerainen dauka ukuilua, eta hor ematen dute ardiek urteko zatirik handiena. Izan ere, duela gutxi arte udaberri hasieran igotzen zituzten artzainek Aizkorriko magaletara, baina gaur egun dezente atzeratu da larre-aldatze hori. Josuren kasuan, uda hasieran igo ditu bere ardiak, hiru ekinalditan. Ez du kamioirik erabili horretarako, oso antzinakoak diren mendi bideak baizik. Bere gurasoek eta aiton-amonek ere bide horiexek erabiltzen zituzten, eta ondo ezagutzen ditu Josuk, oso gaztea den arren, 22 urte baino ez baititu. «Etxean ardiak jezteko makina daukagu eta askoz ere erosoagoa da, mendian hainbeste ardi eskuz jetzi beharrean, zenbait eguraldirekin, neuk bakarrik askotan. Gazta egiteko instalazioa ere behean daukagu, eta esnea jasotzera ere etxera etortzen zaigu biltzailea. Hemen ez ditugun aukerak ditugu han eta horregatik hasi gara beranduago igotzen» dio Josuk. 

Urbiako Arbelar saroian ematen dituzte udako hilabeteak Etxezarretatarren ardiek. Izan ere, Josuren ama eta osaba-izebak ere artzain dabiltza, eta denen artean mila buru inguru dauzkate. Gaurkoan goizeko bost eta erdietan abiatu da baserritik Josu, ‘Bixkor’ zakurra eta 160 ardi hartuta, mendian gora. Latxak dira denak, eta horietatik gehienak mutur beltzak. Hamaikak aldera gainditu dute Andraitzeko pasabidea, Arbelaitz tontorraren pean, bero sapa jasanez. Handik Arbelarrera beste ordu eta erdi behar izan du. Eta ardiak saroian sartu, bideko dunbak kendu, Coca Cola bat edan, eta berriro etxera abiatu da, etorritako bide beretik, mokadu bat egiteko ere denborarik gabe, zelaian moztuta daukan belarra biltzera. Sasoi bete betean dago Josu, baina hala ere ez zaio motza egingo eguna…

Larre-aldatze garaia aldatu egin dela esan dugu, baina ez hori bakarrik. Josuk dakartzan ardi hauek dagoeneko hazia jarrita daude, Arkauteko teknikoek abereak aztertu ondoren erabakitako ahariaren hazia. Garai batean, Urbiako zelaietan egiten zituzten familia hazteko egin beharrekoak Etxezarretatarren ardiek eta ahariek. Gainera, hazia jarri eta 45 egunera ekografiak egingo dizkiete ardiei, ea ernari geratu diren egiaztatzeko, hori guztia ELE artzain elkartearen bidez. «Teknikoek esaten digute zein ardiri hazia jarri eta zeini ez. Haiek arduratzen dira guztiaz; guk ardiari eutsi besterik ez dugu egiten» azaldu du Josuk.

Garai batekoak baino txabola hobeak, tresneria egokiagoa, laguntza teknikoa… eta abar eduki arren, inor gutxik nahi du gaur egun artzain aritu. Josuren anai-arrebek laguntzen diote ahal dutena, baina beste lanbide batzuk dauzkate, eta bera bakarrik animatu da artzaintzatik bizimodua ateratzera. Edo saiatzera behintzat. Urbiako gazteena da, eta adinez gertuena dagoenak 40 urte beteak dauzka.

Josuk ez luke tailerrean lanean aritu nahiko, «baina hilaren bukaeran jasotzen duten soldata hartuko nuke, bai» dio. Berak 2.000 - 3.000 kilo gazta egiten ditu urtero, ondo saltzeko adina, hozkailuan gordeta edukitzeko ez ditu egin nahi eta. Susmoa dauka ez ote den gazta dezente saldu gabe geratzen ari biltegietan. Arbelarren bertan asko saltzen du, esaterako elkarrizketa egiten ari garen bitartean Aizkorritik jaitsi diren bi turista frantziarrei. Gaztagintzan erabiltzen ez duen esnea saldu egiten du.

«Ni hementxe arituko nintzateke, lanbide honetan, erretiroa hartu arte. Baina ez dakit ba segitzerik izango dudan. Laguntza behar dugu, eta horren bila ari gara elkartearen bidez, era batera eta bestera saiatzen. Artzain-eskola eta badago, hementxe, Arantzazun bertan, baina hau oso lan lotua da, erabat lotua, eta jendeak oporrak nahi ditu, jai egunak…» esan digu Josuk ardiei kendutako dunbak txabolan zintzilikatzen dituen bitartean. Udazkenera arte hortxe geratuko dira, berriro artaldeak beherako bidea hartzen duenean jartzeko.