NAIZ.INFO
DONOSTIA

Ogasunaren iruzurraren auzian ardura politikoak eskatu ditu Martin Garitanok

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez, Jose Maria Bravoren eta haren emaztearen aurkako sententziaren ondoren orain ardura politikoak argitu behar dira.

Martin Garitano, gaur Donostian eskaini duen agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Martin Garitano, gaur Donostian eskaini duen agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Martin Garitano pozik agertu da Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Irungo Ogasunaren iruzurraz atzo kaleratu zuen sententziarekin, «diru kopuru garrantzitsua berreskuratuko delako eta eredugarria delako».

Auzi honetan «ardura politikoak» daudela uste du Gipuzkoako ahaldun nagusiak, izan ere, iruzurra «ez zen egun batean egin, hamabost urtez baizik». Horregatik, horrelako delitu bat «hain denbora luzean ezin da gertatu Administrazioaren alde politikoak arduraren bat izan gabe».

Diputazioan 30 urtetan EAJk agindu zuela gogora ekarri du. «Hor begiratu beharko litzateke», esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

Irungoa ez dela kasu bakarra nabarmendu du eta, euskal Ogasunak «iruzur-gunea» ez direla zehaztu duen arren, «begien bistakoa da gainontzeko hiritarren diruaz jabetzeko babesa izan duen jendea badagoela» eta Jose Maria Bravok «inpunitatea» izan zuela egin zuena egiteko.