NAIZ.INFO
DONOSTIA

Jorge Oteizaren omenezko jardunaldiak, Donostian, apirilaren 8tik 11ra bitartean

Aldatzen Laguntzen antzerki taldeak eta Donostiako Doka Kafe Antzokiak Jorge Oteizari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Gipuzkoako hiriburuan apirilaren 8tik 11ra bitartean, artistaren heriotzaren hamar urte betetzen direnean.

Jorge Oteiza artistaren omenezko jardunaldien aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Jorge Oteiza artistaren omenezko jardunaldien aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ion Martinez Aldatzen Laguntzen taldeko kideak azaldu duenez, ekitaldien helburu nagusia gerturatu nahi duen orori Oteizaren sentitzeko era eta pentsamenduak aurkeztea da, «Euskal Herriak ezin baitu inoiz ahaztu zer nolako ekarpena egin zien Oteizak bere garaian euskal kultura, politika, arte garaikidea, irakaskuntza, mitologia, hizkuntza edota jendarteari».

Sustatu zituen ideia guztiek nolakoak ziren ezagutarazi eta gaur egun oraindik zenbaterainoko erabilgarritasuna izan dezaketen hausnartzea bilatzen duten jardunaldiek. «Izan ere, oso baliagarriak izan daitezkeela uste baitugu gaur egun bizi dugun egoera sozioekonomikoan, aldaketa sakon baten premia dugula behin eta berriz errepikatzen dugun honetan, alegia», azaldu du.

Osorik Doka Kafe Antzokian burutuko den egitaraua apirilaren 8an hasiko da, 19.30ean, Kukai dantza taldeak eta Tanttaka antzerki taldeak egindako ‘Otehitzari biraka’ ikuskizunaren DVDaren proiekzioarekin. Hilaren 9an, Jon Intxaustegik Oteizaren ibilbide artistiko eta pentsaerari buruz egindako ‘Fragmentos’ dokumentala emango da, 19.30ean.

Apirilaren 10ean, Oteizari buruzko hitzaldi eta film labur bat izango dira, 19.30ean. Emilio Varela Frojan arkitekto eta Oteizaren inguruan ezagutza handia duenak, artistari buruzko hitzaldi bat emango du, eta ondoren, Oteizak eta Nestor Basterretxeak Irunen elkarbanatu zuten etxeari buruzko ‘Casa vacía’ film laburra nola burutu duen kontatuko du Jesus Mari Palacios egileak. Azkenik, filma ikusteko aukera izango da, eta bukatzeko, www.casavacia.com webgunearen aurkezpen txiki bat ere egingo dute.

Bertso saioa

Apirilaren 11n ‘Oteitzarekin’ izenburuko bertso saioa izango da, Maialen Lujanbioren eta Andoni Egañaren parte-hartzearekin. Saioa 19.30ean hasiko da eta sarrerak 5 euro balioko du (egun horretan bertan jarriko dira salgai, ordu erdi lehenago).

Bertso saio berezia izango da. Horrela, alde batetik, Ion Martinez aktoreak Jorge Oteizaren papera egingo duen, artistaren ideia nagusiak eta bere anekdota ezagunak azalduko dituelarik, eta bestetik, bertsolariek, Oteizak planteatutako gaien gainean bertsotan egin beharko dute, Unai Elizasu gai jartzailearen laguntzarekin.

Aldatzen Laguntzen taldea 2010. urtean sortu zen, ‘Oteitza =/= Gizartea’ artistaren pentsaeran oinarrituta zegoen antzezlana taularatzeko asmoz. Ekainean estreinatu eta hainbat herritan antzeztu zen, 16 emanaldi eginez.

Azken emanaldia Antiguako Doka kafe antzokian egin zen, 200 pertsona bilduz eta, besteak beste, Maialen Lujanbio eta Ander Lipus gonbidatu berezien parte-hartzearekin.

Momentu honetan, antzerki taldea ‘Ispilua’ antzezlanarekin dabil, Saioa Royo eta Ion Martinez aktoreekin, eta dagoeneko 40 emanaldi baino gehiago egin dituzte.