NAIZ
IRUÑEA

Hirekin kolektiboaren manifestazioarekin eta okupazioarekin bat egin du Ernaik

Larunbatean 12.00etan Iruñeko Nabarreria plazatik abiatuko den manifestazioaren deialdiarekin bat egin du Ernaik. Ohar batean etxebizitza pribilejio bilakatu duen sistemaren aurrean okupazioa «tresna zilegi eta beharrezkotzat» dela nabarmentzen du.

"Azken egunetako eztabaidak Hirekin kolektiboak planteatutako aldarrikapenak desbideratzen dituela uste dugu; etxebizitzaren merkantilizazioa bultzatzen duen sistema kapitalistak herria eta, are gehiago, gazteok prekarietatera kondenatzen gaitu eta etxebizitza pribilejio bilakatzen du. Honen aurrean, okupazioa tresna zilegi eta beharrezkotzat jotzen dugu. Bide honetatik, Hirekin-
ek planteatutako dinamika babestu eta larunbatean egindako ekintza txalotzen dugu", dio Ernaik.

Honekin batera, Iruñeko Udaltzaingoak izan zuen bortizkeria salatu eta gertutakoa argitzeko eskatzen du. "Botere osoa ez dago instituzioetan eta poliziak larunbatean egindakoak agerian uzten du hau. Erregimenak bizirik dirau eta horren adierazle izan zen Sarasateko eraikinaren huste bortitza", dio Ernaik.

"Herri eta gazte mugimenduek garatzen dituzten borrokek, kaleak duen pisuak eta aldarrikapen desberdinak batzen dituzten eragile eta pertsonek ere aldaketari bere ezinbesteko aportazioa egiten diote, ezin dira horrelakoak aldaketaren kontrako ekintzatzat jo. Borroka honen subjektua gazte mugimendua da eta, berriz diogu, eztabaida etxebizitzaren ingurukoa izatea beharrezkotzat jotzen dugu, gaineratu du gazte antolakundeak.

"Aldaketak aurrera eginen du Iruñerrian eta Nafarroan: kontraesanak asumitzeak aurrera goazela erakusten digu, gure bidea indartzen du eta Nafarroa askea lortzera bidean jartzen gaitu. Gazte boterea eraikitzen jarraituko dugu", dio ere Ernairen oharrak.