@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Euskal Herriaren ezagutza eta abentura uztartuko ditu EuskarAbenturak

Heldu den udan Euskal Herriko herrialde guztiak zeharkatuko ditu EuskarAbenturak Euskal Herriaren ezagutza, euskara eta abentura uztartuz.

 

EuskarAbentura ekimenaren ibilbidea. (EUSKARABENTURA.EUS)
EuskarAbentura ekimenaren ibilbidea. (EUSKARABENTURA.EUS)

Duela bi urte eta erdi hasi ziren EuskarAbentura ekimena antolatzen. Gaur, bederatzi lagunek osatzen duten elkartea dute eta udan egingo duten ibilbidea prest.

Antolatzaileen taldearen izenean gaur Iruñean Iker Goñik eta Irati Labaienek azaldu dutenez EuskarAbenturaren jatorrian euskararen ezagutzak aurrera egiten duen bitartean erabileraren hazkundea gelditu delaren kezka dago.

Hori konpontzeko helburuarekin uztailean Euskal Herrian Gizateriaren ondaren diren leku guztietara joango dira 120 gazterekin. Ekimenaren helburuak euskara sustatzea, euskaldun gazteen sarea sortzea, Eusal Herriaren ezagutzan sakontzea eta genero ikuspegia, turismo jasangarria eta ingurugiroari errespetua bezala balore positiboak bultzatzea dira.

2001 eta 2002 urteetan jaiotako gazteei zuzendatu dago EuskarAbentura eta bertan zazpi herrialdetako eta diasporako lagunak elkartuko dira.

Ekimenean parte hartuko dutenak hautatezko motibazio gutun bat eta lan bat igorri beharko dira. euskarabentura.eus webgunean eman behar da izena. Euskara eta herria, euskara eta emakumeak eta euskara eta itsasoa dira lanek jorratu beharko dituzten gaiak. Lanak historikoak, literarioak, plastikoak, musikalak eta ikus-entzunezkoak izan daitezke.

Lanak bidaltzeko epea martxoaren 18an amaitzen da. Apirilaren 16an emango dituzte hautatuen izenak eta abentura uztailaren 1tik 31ra egingo dute.

Herrialde desberdinetatik abiatuta Maulen elkartuko dira partehartzaileak. Done Jakueko Bide Frantsesa hartuta, Donibane Garazi eta Iruñea pasatuz Vianaraino helduko dira. Hortik Errioxako Donemiliaga Kukulara joango dira, euskarazko lehen idazkiak jasotzen dituen monastegira. Hortik, Añanako gatzagetara joko dute Barnakaldeko Done Jakue bidea alderantzizko norabidean eginez Txingudiraino heltzeko. Handik Baionara iritsiko dira Kostaldeko Done Jakue Bidea egiteko. Altxerri, Ekain eta Santimamiñe ikusteko parada izango dute. Abentura Getxon amaituko da, Bizkaia Zubian.