naiz

Maiatzaren 15 eta 16rako greba deitu dute EAEko Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetan

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek «Kristau Eskola, AICE, Ikasgiltza eta Elizbarrutiko Ikastetxeen aldetik eskariei emandako erantzun eza eta EAEko Gizarte Ekimeneko sektoreko langileek martxoaren 20ko grebari emandako babes handia» dela-eta bi greba egun gehiago deitu dituzte maiatzaren 15 eta 16rako.

Martxoaren 20kogrebak %70eko jarraipena izan zuela nabarmendu dute. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Martxoaren 20kogrebak %70eko jarraipena izan zuela nabarmendu dute. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Maiatzaren 15 eta 16rako EAEko Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetan greba deitu dute ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. Gogora ekarri dute martxoaren 20an sektoreko langileek «oso modu zabalean» babestu zutenen sindikatu hauek egindako greba deialdia, zeintzuek %70tik gorako jarraipena izan zuten. «Egun hartan ondo agerian geratu zen premiazkoa zela negoziazioak edukiz betetzea, eta gure eguneroko lanerako eta gure lan-baldintzetarako behar-beharrezkoak diren alderdiak adostea: ordu osagarriak, kidegorik prekarioenak artatzea, enpleguari eusteko plan baten beharra, eta galdutako eroste-ahalmena arian-arian berreskuratzea», adierazi du ELAk ohar baten bidez.

Aldarrikapenen aurrean patronalaren jarrera arbuiatu dute. «Beraien ardurak saihesten eta informazio toxikoa zabaltzen jarraitzen dute». Horren aurrean argi utzi nahi izan dute «ez dela egia gure eskaerek ikastetxeen bideragarritasuna arriskuan jartzen dutenik», «Horietako batzuk ez dute kostu ekonomikorik eta beste batzuk kolektibo txikiei eragiten diete», gehitu dute.

Patronalaren proposamen ezaren aurrean mobilizazioak indartzeko beharra nabarmendu dute. Greba deia EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxe guztietako langileentzako da. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala.

«Aurrera begira egoera aldatu ezean, mobilizazioak areagotu beharko ditugu hurrengo ikasturtean, greba deialdi berriekin. Horiek garaiz iragarriko ditugu, baina kopuruz askoz nabarmenagoak izango direla aldez aurretik esan dezakegu», adierazi dute.