NAIZ
BILBO

Joe Lynch estatubatuarraren ‘Mayhem’ filmarentzat izan da FANT 24ren Film Onenaren Saria

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 24. edizioko epaimahaiak Joe Lynch zinemagile estatubatuarraren ‘Mayhem’ film luzeari eman dio Film Onenaren FANT 2018 Saria.

Joe Lynch estatubatuarraren ‘Mayhem’ filmaren fotograma bat.
Joe Lynch estatubatuarraren ‘Mayhem’ filmaren fotograma bat.

Aurtengo edizioko sarien berri emateko agerraldian, «zuzentasun ezarengatik, zonbien generoa modu originalean berraztertzen asmatzeagatik eta kapitalismoaren kritika basatira daraman espazio itxiko eszenifikazioarengatik» aukeratu du epaimahaiak ‘Mayhem’ filma.

Joanes Urkixo idazle eta gidoilariak, Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak eta Janire Zurbano zinean espezializatutako kazetariak osatu dute aurten epaimahaia.

Pelikularen protagonista Dereck Cho da. Lanetik modu bidegabean kanporatua izan ondoren, birus misteriotsu eta arriskutsua dela-eta abokatu bufetearen eraikina koarentenan dagoela ikusten du. Gaixotasunaren biktimak beren inpultsu basatienak jarraituz jarduten hasten direnean kaosa bulegoaz jabetuko da.

Bestalde, film laburren atalean, epaimahaiak Rubin Steinen ‘Bailaora’ film espainiarrari eman dio Film Labur Onenaren Saria. «Apustu bisual paregabea eta genero nahasketa harrigarri, bitxi eta hipnotikoa» azpimarratu ditu epaimahaiak.

Halaber, Euskal Film Labur Onenaren Saria Aitzol Saratxagaren ‘Ziren’ fikziozko lanak jaso du, «genero proposamena izan arren, erritmo geldoa ematean asmatzeagatik eta arimaren existentziari buruzko gogoeta egiten ausartzeagatik».

Berrikuntza gisa, Euskal Aktoreen Batasunak Euskal Film Laburren Antzezpen Onenaren saria eman du edizio honetan. Saria Fernando Albizuri eman zaio aho batez, David Perez Sañudoren ‘Aprieta pero raramente ahoga’ filman egindako lanagatik, «pertsonaia konplexua defendatzeagatik eta umore-samurtasun-beldur nahasketa eskaintzeagatik, pertsonaiaren helburua argi mantenduz, karikaturan erori gabe, eta mugitzen den atmosferaren barruan sinesgarria den itxurazko egunerokotasunari eutsiz».

Gainera FANT 24ko ikus-entzuleen iritziz, Film Labur Onena Albert Pintó-ren eta Caye Casasen 16 minutuko ‘RIP’ lan espainiarra izan da. Sail Ofizialeko Ikus-entzuleen Film Luze Onenaren saria Issa Lopez mexikarraren ‘Tigers are not Afraid’ lanak lortu du.

Bestalde, Panorama Sailaren Film Luze Onenaren Saria Andres Goteiraren ‘Dhogs’ lan espainiarrak irabazi du, «ikusteko orduan indar handia duen film gordina eta oso zuzena delako eta, batez ere, indarkeriaren kontsumoari buruz gogoeta egiteko egiten digun gonbidapenarengatik», azaldu du epaimahaiak. Daniel Romero zinemagileak, Mentxu Sesar bideoklip, film labur eta dokumental zuzendariak eta Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendari berriak osatu dute epaimahaia.

Film laburren atalean, saria Lorène Yavoren ‘À Chacun Sa Malédiction’ film belgikarrak lortu du, «unibertso berezi paregabea sortu duelako, fantastikoaren bitartez egunerokoa eta gertukoa den zerbaiti buruz hitz egiteko». Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia eman dio Pablo S. Pastorren ‘Bye Bye Baby’ film labur espainiarrari, «zuzendaritza bikainarengatik eta estetika oso istorio zinefagoaren alde erabiltzeagatik».

Bilboko Udalak antolatzen duen Zinemaldiaren Sari Banaketa Ekitaldia ostiral honetan izango da, 20.00eta, Kale Nagusiko BBK aretoan, Trevor Stevens-en ‘Rock Steady Row’ (AEB, 2018) filmaren emanaldi bereziarekin. Aurtengo edizioko berrikuntza gisa, larunbatean, maiatzaren 12an, FANT 24ko sari guztiak berriro proiektatuko dira BBK Aretoan.