@mtxintxurreta
IRUÑEA

Indarkeria sexista birpentsatu eta erauztearen alde egin dute Iruñean

Iruñeko Udalak antolatutako Indarkeria Sexistaren Biltzarraren bigarren eguna hartu du gaur Baluarte Jauregiak. Indarkeria sexistarekin lotutako ertz desberdinen gaineko hausnarketa egiteaz gain, emakumeen aurkako biolentzia anitzak testuinguratzeko marko teoriko bat osatzeko asmoa izan du biltzarrak. Horretarako, komunikazioan, zuzenbidean eta ikerketan adituak diren pertsonen hitzaldi ugari izan dira.

Maria Alcalek kode penalaren errepasoa egin du. (Iñigo URIZ/FOKU)
Maria Alcalek kode penalaren errepasoa egin du. (Iñigo URIZ/FOKU)

Iruñeko Udaleko ordezkariek atzo arratsaldean eman zioten hasiera Indarkeria Sexisten Biltzarrari eta gaur goizean gorpuztu da programaren hitzaldi sorta. Zuzenbideko, komunikabideetako eta ikerketaren arloko emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan teorizatu dute hizlariek, gaiari begirada globala eskainiz.

Maria Alcale Sanchez Cadizko Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedradunak Estatu espainiarreko zigor kodearen iraganaren, orainaren eta etorkizunaren errepasoa egin du, indarkeria sexistaren trataera judizialak biktimarengan duen eragina aztertu asmoz. Alcaléren ustez, Estatuko zigor kodearen gainean egindako zuzenketek erakusten dute gaiaren trataeran «aurrerapausoak» eman direla; hala ere, «emakumeak epaiketa prozesuan jasaten duen ber-biktimizazioa» oraindik ere ematen dela esan du. ‘La Manada’-ren kasua jarri du adibidetzat eta esan du Nafarroako Auzitegiaren sententziak frogatzen duela zigor kodea «patriarkala» dela.

Ana Burgos Garcia antropologo eta Noctámbul@s Behatokiko kideak jai giroan eta droga kontsumoaren testuinguruan ematen diren indarkeria sexistak aztertu ditu. Aipatu du emakumeek «bortxatuak izateko beldurra» sentitzen dutela gaueko festa eremuetan. «Beldur hau mehatxu bat da eta emakume guztien gaineko kontrol mekanismo bat artikulatzen da mehatxu horren bitartez: emakumeei esaten zaie zein den euren lekua munduan», azaldu du.

Biolentzia «transistemikoa» eta identitate anitzak izan dituzte hizpide Itziar Gaindarias psikologoak eta Cony Carranza El Salvadorreko hezitzaileak. Jatorri, adin, klase, arraza eta beste hainbat elementuk elkar gurutzatzen diren biolentzia motak zehazten dituztela azaldu dute.

Arratsaldean, hizkera sexistari buruz hitz egin du Eulalia Lledok. Argitu du hizkuntza ez dela «berez sexista», hitz egiten duena baizik. Hartara, gizarteak matxista izaten jarraitzen duen heinean, hizkuntzak sexista izaten jarraituko duela ondorioztatu du.

Bihar eguerdian amaituko da Indarkeria Sexisten Biltzarra. Goizean, Europa, Ekialde Hurbileko eta Afrikako errealitateak aurkeztuko dituzte Morag Macdonald, Majeda Azmi Al Saqqa eta Beatrice Eyong hizlariek.