NAIZ
IRUÑEA

Zazpi herrialdetako finaletan erabakiko da Euskal Herriko mus txapelketako finalisten zerrenda

Heldu den larunbatean lehiatuko dira Euskal Herriko mus txapelketako zazpi herrialdetako finalak, 440 bikote izango dira herrialde bakoitzeko azken kanporaketa honetan lehian. Bertan erabakiko dira martxoaren 16ko Lizarrako final handirako sailkatuen zerrenda.

Kaiet Irigoien eta Ximun Uturralt, eskuinean, Zuberoako txapeldunak. (EH Mus Federazioa)
Kaiet Irigoien eta Ximun Uturralt, eskuinean, Zuberoako txapeldunak. (EH Mus Federazioa)

Urtez urte herrialdetan arrakastaz jarraitzen du Euskal Herriko mus txapelketak eta horren adierazle 440 bikote ariko direla heldu den larunbatean herrialdetako finaletan.

Herriz herri egin diren lehen kanporaketen ostean 44 bikote ariko dira Arabako finalean lehian. Aguraingo Herriko tabernan izango da bertako finala, 10.00etan hasita. Bizkaiaren kasuan 32 dira sailkatutako bikoteak eta finala Zeberiko Herriko tabernan izango da (10.00). Gipuzkoan 117 bikote ariko dira Zaldibiko herri antzokian antolatu duten finalean (15.00etan). Lapurdiko finala Pausuko (Urruña) Xaia ostatuan izango da (15.00) eta 24 bikote ariko dira. Nafarroa Behereko finalerako 66 bikote sailkatu dira eta otsailaren 23ko finala Bankan izango da, herri antzokian (15.00). Nafarroa Garaian 157 bikote sailkatu dira herrialdeko finalerako, Iruñean izango da finala, Arrano elkartean (8.30).

Zuberoaren kasuan aurreratu egin zuten finala, Urdiñarben izan da asteburuan eta 45 bikotek parte hartu zuten. Hauetako lau izango dira martxoaren 16ko Lizarrako finalean.

Nazio gisa, mus jokoan

Abenduan aurkeztu zuten mus txapelketaren aurtengo edizioa. Euskal Herriko Mus Federazioa da antolatzailea eta lehen kanporaketetan tokian tokiko arauetara moldatzen saiatzen dira. Azken txanpan arauak bateratzen dituzte, noski. 2.000 bikote inguruk parte hartu ohi dute urteroko txapelketa honetan.