NAIZ

Alondegiko fatxada itxuraldatu du Naiara Goikoetxea artista grafikoak

Naiara Goikoetxea artista grafikoak Bilboko Alondegiko fatxadari bizi berria eman dio ‘Tres Gracias’ interbentzio artistikoaren bidez. Hiru obra eraman ditu eraikinaren aurrealdera.

‘Tres Gracias’ Interbentzioa. (NAIZ)
‘Tres Gracias’ Interbentzioa. (NAIZ)

Azkuna Zentroak eta Bilboko Udalak sustatu duten ‘Fatxada proiektua. Diseinua, ilustrazioa eta komikia’ programaren baitan Alondegiari itxura berria eman dio Naiara Goikoetxea artista grafikoak. ‘Tres Gracias’ interbentzio artistikoa teknika mistoko konposizio bat da, hiru pieza independentez eratua dagoena eta Alondegiaren Arrikibar aldeko fatxadan ikusi ahalko dena uztailera bitartean.

Goikoetxeak berak azaldu duenez, miresten dituen komiki eta eleberri grafikoetan oinarritu da interbentzioa osatzeko. «Nigan eragina izan duten eta betidanik praktikatu izan ditudan musika, artea eta skate arloak omendu nahi izan ditut, hiru adierazpen modu eta nolabait askatasun bideak direnak», adierazi du Goikoetxeak.

Interbentzioan iragana, orainaldia eta etorkizuna irudikatu nahi izan dituela ere zehaztu du, eta obrak ahalmen sortzaileari eta sentikortasunari ere egiten diola erreferentzia gaineratu du. «‘Tres Gracias’ bizitzak dituen gauza ederrak dira, eta graziak onestasuna, naturaltasuna eta sinpletasuna suposatzen du. Izenbururako erabili dudana hitz garrantzitsua da niretzat, lan hau eskerrak emateko modua baita», azaldu du.

Alondegitik gaineratu dutenez, ‘Tres Gracias’ Kulturaren Atarira ere zabalduko da datozen asteetan, espazio horretarako espreski egindako lan batekin.