Iraia OIARZABAL

Bihotzak josiz, arimak betez, Berri Txarrak Donostian

Goizean Donostiako Udalaren eskutik Adarra Saria jaso ostean Victoria Eugenia antzokia bete du Berri Txarrak taldeak. «Jaio, musika, hil» leitmotiv bihurtzea lortu du hirukote nafarrak. Eta izen hori daraman abestiak ongi dioen moduan, Donostian ikusleen bihotzak josi eta arimak betetzea lortu dute.

Gorka Urbizu Victoria Eugeniako oholtza gainean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Gorka Urbizu Victoria Eugeniako oholtza gainean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Victoria Eugenia bezalako antzokiak ez dira ohiko plaza rock taldeentzat- Gorka Urbizuk berak esan du kontzertua hastean, testuingurua berezia izan dela gaurkoan. «Ez gaude ohituta zuek eserita ikusten, ez gaude ohituta sariak jasotzen. Jokoz kanpo gaude, zuek lagundu beharko diguzue». Esan eta egin. Entzuleek zintzo erantzun diote eskariari eta bosgarren kantua hasterako asko ziren eserlekutik altxa eta emanaldia burua astinduz eta saltoka segitu dutenek. Rocka eta elegantzia bateragarriak dira, bai horixe.

Hirukote nafarrak etenaldi mugagabea iragarri zuenetik bere kontzertuak huts egin ezinezko zita bihurtu dira askorentzat. Sarrerak salgai jartzea eta minutu gutxitan agortzea ohiko bihurtu da. Halaxe izan zen Victoria Eugeniako kontzertuaren kasuan ere. Akaso aretoaren ezaugarriengatik, aniztasuna izan da Donostiako publikoan nagusi. Gaztetxoak, gurasoekin batera etorritako haurrak, jende helduagoa... Halakoetan ikustera ohituta ez gauden jendea hurbildu da Lekunberrikoen rock doinuez gozatzera.

Eta errepertorioa ere zabala izan da. Ibilbide aberats baten errepasoa. Eta hasieratik amaierara, publikoarekin sintonia agerikoa izan da. Riff eta riff artean, letrak goitik behera zekizkien publikoa kantuan. Entzuleak gogoz zeuden, eta hirukoteak gertutasuna bilatu du haiekin ere. Euskal Herrian Seulen bezain ongi zenbatzen dakigula ere frogatu dute, David Gonzalez baxu jotzaileak ‘Zerbait asmatuko dugu’ abestiari hasiera emateko publikoaren laguntza eskatu duenean. Bat, bi, hiru, lau... eztanda berri ere eserlekuetatik salto eginda.

Gorka Urbizuk osatutako letrek ematen diote, zalantza gabe, izaera berezia Berri Txarrak-ek egiten duen magia horri. Inguratzen gaituenarekiko kezka beti egon da hor hirukotearen lanetan. Eta gaurkoan ez dute ahaztu 2016ko sanferminetan izandako bortxaketa eta horren osteko guztia, Auzitegi Gorenaren gaurko ebazpena azken kapitulu duena. «Sua Manadari», halaxe bota du Urbizuk ‘Hitzen oinarri ahula’ kantaren erdian.

Lehen disketako kantak ere ekarri dituzte oholtzara. ‘Ikasten’ entzun denean iritsi da lehenengo eztanda. Grinez erantzun dute entzuleek. Eta halaxe egin dute ‘Ikusi arte’ jo dutenean ere. Horixe baita hirukoteak eszenatokietatik behin behineko agurra egiteko aukeratu leloa. Jendeak ez ditu agurtu nahi, ordea.

Momentu berezirik ere izan da Victoria Eugenian. Horietako bat, Urbizu kitarra akustikoarekin publiko artera irten denean, ‘Maravillas’ kantatuz. Oilo ipurdia eta irrifarrak aurpegian. Eta inprobisaziotik ere egon da. Publikoa ere animatu baita mikrofonoa hartzera. Tim McLirathen lanak egitera ausartu da Mexikotik etorritako Julen. Ez da erronka makala ‘Denak ez du balio’ identifikatzen duen errepika hainbeste lagunen artean afinatzea.

Adarra saria jaso izana izan da gaurko emanaldiaren arrazoi nagusia eta Lekunberrikoek eskertu nahi izan dute. ‘Liluraren kontra’ setlistean sartuz sari hori jaso zuen Mikel Laboa ere oroitu dute eta mezu bat ere bidali diote jendarteari. «Gure ekosistema kultural txii honetan asko dago egiteko. Beharrezkoak dira entzuleak, eskolak, hezkuntza, hedabideak... Sariak baino sarea behar dugu osatu denon artean. Aintzat hartu gaitzaten. Orain eta, batez ere etorkizunean».

Hiperkonektibitate garai hauetan, kontzertuan ez grabatzeko eskaerak sorpresaz hartu ditu batzu. Baina nostalgiko eta antigoaleko jarri gabe, eskergarria ere bada halako kontzertu bat bost zentzumenekin bakarrik gozatzeko aukera. Tarteka begiak itxi, tarteka zabaldu eta musika zein hitzak azaletik erraiteraino sartu daitezela. Zertarako amestu nahi dugun erabakitzeko, pasioa exijitu daitekeen gutxienekoa dela ulertzeko... Arimak bete eta bihotzak josteko mila modu daudelako.