Ariane KAMIO
Asteasu

Oñatin abiatuko da irailaren 14an 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Oñati izango du aurten abiapuntu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak irailaren 14an. Hiru hilabetez luzatuko da bertso lehia abenduaren 14an Donostiako Ilunben jokatuko den finalera arte. Tartean, 16 saio, 48 bertsolari.

Beñat Gaztelumendik jantzi zuen irabazlearen txapela duela lau urte. (Jon URBE/FOKU)
Beñat Gaztelumendik jantzi zuen irabazlearen txapela duela lau urte. (Jon URBE/FOKU)

Joan den maiatzean jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearen ondoren, finkatuta dago dagoeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duen bertsolari zerrenda. 48 lehiakide orotara. Izen berri asko tartean, sailkapen fase hartatik Txapelketara sailkatutakoak, eta baita izen ezagun ugari ere, tartean Beñat Gaztelumendi, 2015eko aldiko irabazlea. Berarekin batera ere lehian izango da aurten Alaia Martin, orduko finalean buruz burukoan izan zuen bertsolaria. Izen gehiago ere badira, Jon Maia, Agin Laburu, Iñaki Apalategi edo Oihana Iguaran.

Irailaren 14an izango du lehenengo hitzordua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak, Oñatin. Eta handik beste hamabost saio izango dira abenduaren 14an Donostiako Ilunben jokatuko den finalera bitarte. Bide horretan, Bertsolari Txapelketa Amasa-Villabona (irailak 15), Ordizia (irailak 21), Zumaia (irailak 22), Zumarraga-Urretxu (irailak 28), Elgoibar (irailak 29), Lasarte-Oria (urriak 5), Andoain (urriak 19), Irun (urriak 20), Eibar (urriak 26), Azpeitia (urriak 27), Azkoitia (azaroak 2), Arrasate (Azaroak 17), Oiartzun (azaroak 24) eta Tolosa (abenduak 1) izango ditu geldialdi nagusi. Hamasei saio orotara, zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala.

Epaile taldea, une honetan, 16 lagunek osatzen dute, gai jartzaile taldea 15ek eta lau lagun ariko dira idazkari lanak egiten.

Saio guztietarako sarrerak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Saio egunetan ere jarriko dira salgai, aretoetako leihatiletan. Txarteldegietan, finaleko sarrerak ere izango dira. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 6-16 urte artekoek prezio berezia izango dute.

Saioetako sarrerez gain, Bertsozale Elkarteko bazkideek bonua erosteko aukera izango dute. Bonuak saio guztietara joateko aukera emango du, finalera izan ezik.

Errota eta Elizegi

Asteasun aurkeztu da gaur 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Asteasun, Pello Errota bertsolariaren mendeurrenari keinu bat eginez. Eta keinu horrek garrantzia ere badu aurtengo txapelketan bertan. Irudia bera errota baten irudikapena da. «Ura, egurra eta harria. Errekako ura errotara ekarri eta errotarria bueltaka-bueltaka jartzen du, etenik gabe, egun eta gau. Aleak apurka-apurka eroriko dira, eta xehatuko, irin bihurtu arte. Eta bizibide bihurtuko da eskulanaren emaitza. Nekez aurkituko ditugu bi errota edo errotarri berdin-berdin. Bakoitzak du bere moldea, bere izaera bereizgarria», adierazi du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari Saroi Jauregik.

Eta errotak bere lana egin nola, halatsu funtzionatzen du bertsolaritzak ere. Etenik gabeko mugimenduan, etengabeko emaria baita bertsolaria bera.

Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena bete da aurtengo otsailean eta Asteasuko Udalak hamaika ekimen ospatu ditu azken hilabeteetan. Berea ez da, ordea, Gipuzkoako Txapelketak omenduko duen irudi bakarra. Mikaela Elizegi alaba eta bertsolari asteasuarra ere lehen lerrora ekarriko du aurtengo edizioak, bere lanari esker berreskuratu baitira Errotak berak sortutako bertsoetako asko. Mikaela Elizegik ahoz kontatutako pasarte asko jaso zituen Antonio Zavalak hitzez hitz eta ‘Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua’ liburuan jaso zituen 1963an.

Irudiaz gain –Lanku Kultur Zerbitzuak sortua–, Txapelketak sintonia propioa ere izango du, kasuan Imanol Ubeda buru duen Don Inorrez taldetik etorria. Irudia gaur ezagutarazi bada ere, sintonia irailaren 7an aurkeztuko da, Asteasun, parte hartzaileekin egingo den aurkezpen festa batean.

Urtero bezala Txapelketaren xehetasunak www.bertsozale.eus eta www.bertsoa.eus webguneen bidez jarraitu ahal izango dira eta sare sozialetan ere jarraipena izango du #GBTX19 traolarekin.