Ane Urkiri

Kaleko arteek «denboran luzatu» nahi dute Kalekan

Hogeita hamargarren edizioa du aurtengo Kalekak, Lekeitioko kaleko arteen jaialdiak. Atzo hasi, eta igandean bukatuko da, baina tailer pedagogikoen bitartez lau egunetik harago doan «kultura ondarea» izatea du helburu.

Ulua(k) Teatro-ren entsegu irekia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Ulua(k) Teatro-ren entsegu irekia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Kaleko arteen hainbat sortzaile jada Lekeitioko kaleetatik jira eta bueltaka dabiltza. Agertoki handi bat bilakatu da herria, 1989tik urtero egin duen legez, eta aurtengoa orain arteko ediziorik «zabalena» izateko asmoarekin eraiki dute. «Arteetako hizkuntza askok izango dute tokia, dibertsitate handikoa izango da», hala ziurtatu du Kaleka jaialdiko zuzendari artistiko eta koordinatzaile Maider Illanak.

Atzo altxatu zuen oihala Lekeitioko kale antzerkiak, eta iganderaino ez du jaitsiko. Dena den, Illanak gogoratu legez, lau eguneko jaialditik harago doan kultur espazioa da. Are gehiago, duela hiru urtetik bizi duen une oroko transformazioarekin.

1989an «ezerezetik» jaio zen jaialdiak eraberritzeko grina izan zuen 2016an, eta herriak zer behar zuen ebaluatzeari ekin zioten. Eta zer behar zuen? Kaleka berea sentitzea. «Ardura kulturala dugu herritarrekiko», eta apur bat pausatu eta kale antzerkien instrumentalizazioaren begirada non jarri nahi zuten argitu bezain laster, Arropaineko Arragua elkarlanera gonbidatu zuten. «Espazioak ireki ditugu, formatu ezberdinei tokia egin eta denbora luzatu dugu; ez da 50 minutuko ikuskizun bat egin eta kitto».

Filosofia horrekin bete-betean bat egiten duen konpainia da Ulua(k) Teatro. Atzo atera zituzten beren txotxongilo eta maskarak “Ulua(k) Cabaret” ikuskizunean baina gaur herritarrekin bertatik bertara egoteko lau gune eratuko dituzte.

Aurtengo edizioak abizena aldatu du. Nazioarteko kale antzerkien jaialdia izatetik, nazioarteko kaleko arteen erakustoki izango da, eta bertan, artista bakoitzak bere ezagutzak eskaini ahal izango ditu. Maskara eta txotxongiloekin moldatzen dira hobekien Ulua(k) taldekoak, eta horiekin esperimentatzeko guneak izango dituzte eskura lekeitiar zein bisitariek.

Jada pasa den astean entsegu ireki bat eskaini zuten Arropaineko Arraguan, azaroan Berlinen aurrestreinatzea espero duten “Maite” ikuskizunarena. «Guretzat oso garrantzitsua da jendearen pertzepzioa», adierazi du Nerea Ariznabarretak.

Lau artistak osatzen dute taldea: euskaldun bat, bi aleman –batek Italiarekin lotura handia du– eta Ingalaterrako bat. «2015. urtetik daramagu sortzen, baina ez gara batere ezagunak. Nik, agian, eduki ditzaket kontaktuak Euskal Herrian, eta beste batek Alemanian; baina konpainia gisa ez gara aski ezagunak», azaldu du Ariznabarretak, beraientzat Kalekan parte hartzeak zer-nolako garrantzia duen azaldu nahian.

Beraientzat oso esanguratsua da «jaialdi batek gure alde apustu egitea». Kontaktuak egiteko, harremanak egiteko, ezagutarazteko, sortzaile moduan hazteko eta ikasteko balio dielakoan dago Ariznabarreta. Gainera, aspalditik ezagutzen du festibala eta jakitun da jendea mugiarazteko duen abileziaz. Bestalde, Ulua(k) Teatro konpainiarekin betidanik «ondo portatu» den herria dela azpimarratu nahi izan du: «Oso eskuzabala da».

Herriko deabruak

Aktoreen mugimendua «indartzen edo anplifikatzen» duten maskaretatik abiatuta, zeintzuek, aurreneko begiradan, inpaktua eragiten duten –Nerea Ariznabarretaren esanetan, «oso ohituak ez gaudelako»–, ikuskizun historikoa jasotzeko prest dago Lekeitio; oraindik zer-nolako dimentsioa har dezakeen oso argi ez dagoen arren.

«Erraldoia izango da», ausartu da ziurtatzen Hodei Izarra, Lekittoko Deabruak taldeko kidea. Su eta pirotekniarekin argiztatuko dituzte Lekeitioko kaleak 200 deabruk baino gehiagok. Kataluniako beste lau talderekin elkarlanean osatu dute «historikoa» izango den ikuskizuna, «Euskal Herrian inoiz egin den koreografiarik handiena».

Diables de Manresa, Diables Mussols de Sokarrats, Diables de Riudoms eta Diables de Garcia taldeek lagunduta egongo dira lekeitiarrak: «Espero dugu jende asko aho zabalik uztea eta urteetan gogoratuko duten ikuskizun bat izatea».

Ziurtasun horrekin batera, bizkarrean «izugarrizko pisua» dutela ere onartzen du Izarrak. Kalekan betidanikegon da su eta piroteknia ikuskizuna, eta 30 urte horiek laburbilduko dituen erakustaldia egingo dute. «Guretzat Kaleka gure gurasoak izango balira bezalakoa da, jaialdi honen barnean jaio ginen 2012an, zerbait puntuala izango zelakoan; eta ikuskizun honekin, emandako guztia itzuli nahi diogu», dio patxadaz.

«Lotura berezia izan dugu herriarekin», azaldu du. Lekittoko Deabruak 20-22 lagun lekeitiarrek osatzen dute eta guztiek txikitatik ezagutu dute Kaleka. Izarraren ustez, «Euskal Herrian abangoardia izan da, lehenengoko su ikuskizunak Lekeition plazaratuz». Horrek su eta piroteknia ikuskizunak hobeto estimatzea eragin duela iritzi dio: «Oso indartsu bizi dute».

Eta indartsuago biziko dute bihar, 23.30etik aurrera. Suhiltzaileei ere deitu diete, eta inoiz baino segurtasun neurri gehiago hartu dituztela iragarri du taldekideak, «bikoiztu egin dugu guztia: indarra, tenperatura, piroteknia, ikusgarritasuna...». Sorpresak ere egongo dira eta hortaz, ez du ezer gehiago aurreratu nahi izan.

Lekittoko Deabruak bere ibilbidea marrazteko indarra Kalekan hartu zuen eta Maider Illanak esan digu ez direla bakarrak. Talde asko sortzen dira Kalekarako propio eta ondoren beren bidea egiten dute. Benetako ohorea dela dio.

Kaleka Scratch

Bulkada emaile izan daitekeela ohartuta, Kaleka Scratch egitaraua sortu zuten, laguntza behar duten taldeei babesa emateko. «Sortzen ari diren proiektu ugarik egiten dute eskaera, baina guk ezin diegu guztiei nahi duten moduan lagundu; beraz, aukeraketa bat egin behar izaten dugu». Aurten bost egongo dira: Kataluniako bi, estatu frantseseko bi eta Euskal Herriko bat.

Illanak uste du ezin daitekeela ediziorik onena zein izan den aukeratu, baina ikuskizunen kasuan badu kuttun bat: “The Big Game”. Hamar egunez tailerrak eskaini dituzte, Kalekarako ikuskizun bat eratzeko. Jendearen parte-hartzea ikusita, «berezia, polita» izango da. Minutu batzuetako erakustaldiaz harago, pedagogikoa izan da. Eta hori da Kalekaren helburua: Kaleka denboran luzatzea, alegia.