NAIZ
Soria

Sorian aurkitutako euskarazko hilarri zaharrak ikusgai daude erakusketa batean

Eduardo Alfaro Peña arkeologoak Tierras Altas eskualdean idazkin zaharrak bilatzen urteak eman ditu. Orain topatutako 44 hilarrirekin erakusketa osatu du, eta horietako 12 testu euskaraz daude. Igandera arte ikusi ahalko da Santa Cruz de Yanguas herrian.

Erakusketako piezarik garrantzitsuena, ‘Sesenco’ hilarria. (EUSKERAREN JATORRIA)
Erakusketako piezarik garrantzitsuena, ‘Sesenco’ hilarria. (EUSKERAREN JATORRIA)

Igandera arte hilarri euskaldunen erakusketa izango da Soriako Santa Cruz de Yanguas herriko udal erakusketa aretoan (11.00-14.00). Eduardo Alfaro Peña arkeologoak antolatu du erakusketa. Honek bizitza osoa eman du Soriako idazkin zaharrak biltzen, eta orain euskaraz aurkitutako hilarriak bildu ditu.

Eskualdean 44 hilarri aurkitu ditu –horietatik dozena bat euskaraz daude– eta horien argazkiak atera ditu. Gainera, erakusketan 12 hilarri fisikoki ere ikusi daitezke. Gehienak erromatar garaikoak dira, I. eta II. mendetakoak.

Arkeologoak Eduardo Aznar Martinez antropologoarekin egin du lan eta honek euskarazko testuen interpretazioa eman dio.

Euskeraren Jatorria elkartetik jakinarazi dutenez, «Sorian garrantzia eman diote ekimen honi». Gainera, euskararen historiarako «altxor handia» dela uste dute ikerle askok Akitaniako hilarrien duten garrantzia maila berean kokatu dutelako.

Aznarrek ’El euskera en la Rioja’ liburuan euskararen presentzia Soriaraino iritsi zelaren hipotesia bota zuen, eta Alfaroren aurkikuntzak hori baieztatzen duela dirudi. Azken honek dio aurkitutako euskarazko inskripzioak Nafarroatik Soriara joandako abeltzainen hilarriak izan daitezkela.

Guztien artean ‘Sesenco’ hilarria da adierazgarria. ‘El Heraldo de Soria’ egunkariak berri batean honakoa jaso zuen: «Ondare zoragarria dugu, eta horren baitan euskararen jatorriaren ikerketei bira berri bat ematen ari diren piezak daude. Antestius Sesencoren hilarria, I. eta II. mendeen artean kokatutakoa eta Villa del Rion aurkitutakoa, erakargarririk handiena da; Euskal Herritik bisita egiteko erreserbak egiten ari dira. Honek erakusten du indigena baskoien nomenklatura bazegoela Tierras Altas eskualdean».