Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Covitetik Zupiriaraino

Txillardegiren merituak estaltzerakoan auzi politikoaren aitzakia begi bistakoa da eta erakundeen politika sektarioa agerian uzten du. Haien legeen barruan ibilita ere ezin dute onartu beste herrigintza mota zilegi denik, Covitetik Zupiriaraino. Hau marka hau...

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Coviteren eleduna ere badela dirudi. Duela gutxi, direnak eta ez direnak nahastuz, Euskal Herria Bilduk Txillardegi zuritu nahi zuela zioen ahoan bilorik gabe.

Berak honi buruz hitz egin aurretik, ordea, hona hemen, euskaraturik, aipatu elkarte horrek gazteleraz zabaldutakoa: «Ezker abertzalearen eta #ETAren arteko bat-egitea oso nabarmena da. Azken proba: Gipuzkoako Urrezko Domina Txillardegiri emateko proposamena, ETAren sortzaileetako bati eman nahi izatea. ETAren oinordekoak dira ala ez? Hala dira, eta harro daude horretaz».

Zupiriak, berriz, PSEko Gipuzkoako idazkari nagusiak bezala, Txillardegik sortutako ETA 1968tik aurrera ezagutu den ETA bera ez zela ahaztuz, Covitek egiten duen modu berean, gezurra galanta hedatuz segitu eta Historia beren arrastora eraman nahian demagogia egin du argi eta garbi.

Halaber, Gipuzkoako Batzar Nagusietan PSOEren eta PPren jarrerak, zaharrak berri, ez du, ez, asko laguntzen gure Historiaz jabetzen baina, esan bezala, egin berri dutena orain arteko haien alderdikeriari segida ematea besterik ez da izan. Hau da, etengabe errepikatzen duten diskurtso bera erabili dute berriro ere haien iritzia fundatzeko baina, horretarako, gezurrak erabiltzea ez da zilegi.

Ezin da esan Txillardegik ETA erakunde terrorista sortu zuenik Txillardegik sortutako ETA ez zelako erakunde armatua. Aitzitik, Txillardegi 1967an bota zuten ETAtik (edo utzi zuen, bertsioen arabera...) baina ETAk eragindako lehen hildakoa 1968koa da. ETAn, hiltzen zuen erakunde hartan zeuden, Txillardegiren aurka hain zuzen ere, Txato Agirre (EAJrekin kargu politikoa), Mario Onaindia (PSEko presidentea) eta Patxi Iturriotz (EMKtik PSEra joan zena) edota Teo Uriarte (EEtik PSOEra eta orain Voxetik gertukoa) baita Mikel Azurmendi ere (Covite eta PPrekin batera politikan aritutakoak). Lagin bat besterik ez da.

Ezin da esan Txillardegi Bakearen kontra zegoenik Espainiako Gorteetara Bake proposamen bat eraman zuelako Josu Muguruza eta Iñaki Esnaolarekin batera eta trantze hartan tirokatuta izan zela jakina denean (Josu hilik, Iñaki larri zauriturik...). Denak diputatu eta senatariak izan arren, hauteskunde legearen bidez kargu hautatuak alegia, hori gertatu eta hurrengo egunean urte legegilea normal hasi zen Madrilen eta, Donostian bertan, atentatu baten biktima izanda ere, ez zuen inork horri buruzko inolako interes ofizialik agertu, eta terrorismoaren biktimen elkarteek are gutxiago.

Betiko leloa entzun dugu Txillardegiren merituez harago bere jarrera politikoa ezin dela saritu eta, horrekin batera, haiek denek, Covitetik Zupiriaraino, adierazten digute politikaz benetan uste dutena, hau da, politika instituzionala sektarismoaren kudeaketa eta bestelako politika egiteko moduen bazterketa sistematikoa dela. Izan ere, Txillardegi frankismo garaian atxilotuta egon zen behin baino gehiagotan, kartzelan sartuta eta, azkenik, erbesterako bidea hartu behar izan zuen politika antifrankista egiteagatik. Diktadorea hil ondoren itzuli zen eta segitu zuen politika egiten. Hasieran ESBren bidez, Euskal Herriak eduki duen lehen alderdi sozialdemokratan, eta gero ezker abertzalearekin batera beti modu publikoan eta legezkoan. Batasuna alderdia legez kanpo jarri zutenean (bai Asensio jauna, zure alderdiak espainiar eskuinarekin batera Eusko Jaurlaritza eskuratu ahal izateko...) Txillardegi legeak utzitako barruti estuan aritu zen Aralar alderdi politikoan.

Politikoegia zelakoan ukatzen zaio Jose Luis Alvarez Enparantzari aitortza instituzionala, Xabier Arzallusi 2005ean eman zioten berbera, alegia. Arzallus, nonbait, ez zen pertsona politikoa?

Ez, Txillardegiren merituak estaltzerakoan auzi politikoaren aitzakia begi bistakoa da eta erakundeen politika sektarioa agerian uzten du. Haien legeen barruan ibilita ere ezin dute onartu beste herrigintza mota zilegi denik, Covitetik Zupiriaraino. Hau marka hau...

Eta abar, eta abar... badakigu hauen guztien ideologia atzerakoia bezain despota zein den baina haien gezurrak ezin ditugu irentsi. Muga gezurra izaten da, eta gezurra, funtsean, gertatu ez diren gertaerak ontzat hartzea da. Gezur haiek berresatea eta zabaltzea gaiztoa bezain zuria da, Covitetik Zupiriaraino, eta Txillardegi Liburutegi Herri Ekimenaren kideok ez dugu onartuko.

Buscar