Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Haur eta Gazte liburuaren nazioarteko egunaz

Gezurrak ospe txarra duela ez dago dudarik eta, ondorioz, uste ohi da benetakoa dena ezkutatzeko eta komunikazioa desitxuratzeko erabiltzen dela.

Askotan, zoritxarrez, haur eta Gazteen literatura hezkuntza morala besterik ez da.

Aurten, apirilaren 2an, Haur eta Gazte liburuaren nazioarteko eguna izanik, Perugiako Santa Cecilia Auditorium delakoan gure "Kuoi" (Txalaparta 2021) haurraren abenturetan oinarritutako ikuskizuna taularatuko dute Irrimarra taldeak sortutako irudiak lagundurik. Hezkuntza moraletik at sortutako testua da.

Vietnam aldera egindako bidaian aurkitu nituen Kuoi izeneko haur gezurti, lapur eta bihurri horren berri hango ahozko istorio tradizionalaren bidez azaldurik eta, gustura handiz, gure literatura idatzira ekarri nuen.

Testuak, bada, egia, fikzioa, gezurra eta kontakizunak nahasten ditu eta usu izaten ez diren usain, paisaiak eta galdera berriak azaltzen dira. Haien artean, besteak beste, mendebaldean ohikoa den, eta Collodiren Pinotxoren eraginez, gezurrari buruzko heziketa ere kolokan jartzen da.

Carlo Collodi, hamar anai-arrebeengandik zaharrena, Lorenziniren izengoitia izan zen, amaren herriaren izenetik hartua. Carlo Lorenzini Sonzogno argitaletxera iritsi zen, Milanera. Florentziara itzuli zen 1860an Antzerki Zentsura Batzordean parte hartzeko. Felice Paggi editoreak bultzatuta, Perraulten fabula frantsesak itzultzen eta eskolako liburuak idazten hasi zen.

Itxuraz, Collodi gizon lasaia zen baina, berez, pertsonaia asaldatua eta kontraesankorra izaten zen, jokoa maite zuena eta kokoteraino zorrez betea. Eta, hain zuzen ere, zorrei aurre egiteko, bere idazkiak argitaratzen hasi zen, besteak beste, "Pinotxoren abenturak". Kapituluz kapitulu argitaratzen abiatu zen 1881ean haurrentzako aldizkari batean eta, ondoren, 1883an, Paggi editoreak kaleratu zituen liburu bakar batean.

Eta, berehala, zurezko panpina jator eta bihurria, haren sudur erraldoiaz, maitasunez irabazi zuen mundu osoa eta irakurle bakoitzak bere erara interpretatu zuen. Horrela, jende gehienak jokatu ohi du hura bere interesetarako erabiltzen, haiek ekonomikoak, politikoak edota erlijiosoak izan.

Kontserbadoreek haur on gisa ikusten zuten; faxismoak komunismoaren aurka erabili zuen. SESBean, berriz, proletario bihurri bihurtu zuten. Estatu Batuetan, Pinotxo familia burges eta zoriontsu baten semea zen.

Italian, ia alderdi politiko guztiek erabili zuten publizitate politikorako, haien ideologiaren arabera sudurra moztuz. Eta Boloniako kardinalak ere ideia hau kaleratu zuen: Pinotxo «fedearen, heriotzaren eta patuaren profeziaren alegoria» da.

Pinotxori buruz soziologoek, artistek, zinema-zuzendariek, idazleek eta psikoanalistek hitz egin dute baina, Collodiren lana ezin da psikoanalisiaren ikuspegitik soilik aztertu, ez baita fabula bat, kontrafabula bat baizik.

Carlo Lorenzini zentsorea izan zen, baita liburu didaktikoen idazlea ere. Bere ekarpena, bada, heziketa moralaren arloan kokatu beharra dago.

Ezin gara idazle hildakoen buruetan sartu, ezta bizien buruetan ere, nahiz eta azken hauei elkarrizketa egin ahal izaten zaien literatura garaikidea dokumentatzeko. Hala ere, nahikoa dokumenturekin, pentsamendu- eta ekintza-ereduak hauteman ditzakegu literaturan eta, noizean behin, Collodiren kasuan bezala, zentsorea idazlea ere bada eta haren testuen bidez gizarterako, eta literaturarako noski, zer nolako kontakizun eredu proposatzen digute jakiterik ere egon badago.

Pinotxoren arotz fabrikatzaileak haur bat bezala moldatu nahi izan zuen panpina besterik ez zena pertsona heldua eta hezia izan zedin baina, bere erabateko inplikaziorekin batera, berarentzat «aita» bihurtu baitzen, nortasunik gabeko munstro txiki bezain penagarria bat sortu zuen, ezinbestean gezurra erabili behar izan zuena.

Geppetto zurgin-aita, beraz, hezitzaile txarra da, ez baitzen gai izan Pinotxo bera izaten uzteko, bere lagunak izaten eta bere nortasuna sortzen. Pinotxok, aldiz, gezurra erabiliko du bere inguru erantzukizunetatik eta aitaren manipulaziotik ihes egiteko eta, aipatu kontakizunak, salatu egiten du hark erabilitako gezur lotsagarriek haren sudurra nabarmen luzatu eta handitu egiten zuela.

Philippe Meurieuk "Frankenstein pédagogue" liburuan (2004) atal osoa eskaini zion Pinotxori ipuinaren hezkuntza balioaz hausnartzeko eta, bide batez, testuan zabaltzen den gezurraren deitoratze morala agerian uzteko.

Gure "Kuoi"-ren testuan, ordea, gezurra dibertigarri bezain erabilgarria suertatzen zaio haurrari. Kuoi umezurtza da eta haren osabaren etxean bizitzeko behartuta dago. Bertan zapalduta dagoenez hango dirua lapurtzen du eta mutikoa engainatu nahi dituztenak (zalduna edo erregea izanik ere) engainatzen ditu berak. Boteretsuei boterea kentzen die (zaldia zaldunari eta koroa erregeari) gezurra arma duela eta, azkenik, bera bihurtzen da boteretsuena gezurraren indarrari esker.

Gezurrak ospe txarra duela ez dago dudarik eta, ondorioz, uste ohi da benetakoa dena ezkutatzeko eta komunikazioa desitxuratzeko erabiltzen dela, hau da, gezurra gertaera baten izaera ezagutzeko aukera bertan behera uzten duenaren sentimendua zabalduta dago.

Kuoiren ipuinean fantasiaren eta errealitatearen arteko eten literarioak funtzionatzen du, ordea. Istorioa entzuten duen haurrak jakin badaki elefanteek ezin dutela hegan egin baina, aldiz, errealitatean boteretsuen amarruak gainditu daitezkeela uler dezake.

Edozein modutan ere Vietnamgo ahozko istorio batek Italiako haurrentzako ipuin baten adina balio duelakoan nago edukietan guztiz baliokideak ez izan arren.

Buscar