Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Kultur subordinazioaren kontrako literatura intsumisoaren beharra

Orduan biek sortutako proposamenak oraingoz irauten duen subordinazioaren kontrako giroaren emaitzak izan ziren eta oraindik ere badira, literatura intsumisoa.

Karmelo Landak eta biok plazaratutako "Bioi, lagunarteko antologia" (Adhara, 2020) hizpide izan dugu Bilboko Kultur Birak antolatutako tertulia literario musikatuan. Hartan, Azurmendiren eta Arestiren poetikak parez pare jarri genituen aurreko mendearen erdialdean sortutako euskal kulturaren giroa ulertu ahal izateko eta, bide batez, egun bizi ditugun sasoiaren sustraiak ere hobeto ulertu nahian.

Kontzientzien kontrolaz hitz egiten digu Joxe Azurmendik, hasiera batean Elizaren bitartez egiten zenaz eta, orain, zuzenean, Estatuak egiten duenaz, baina, jakina, bortxaren monopolioa berarentzat gordetzen duen bitartean gizakiaren berezko bortxa naturala kondenatuz betiere. Erabat baztertuz, gainera, Azurmendiren "Manifestu atzeratua"-n poetikoki azaldu bezala, bortxa ere emantzipazioaren aldeko izan daitekeela.

Beraz, "Manifestu atzeratua"-n (1968) Joxek berak zioen moduan:

«Nik ez dut bakerik nahi zeren bakea ez da libertatea... ta nire herriari indar egiten zaio... libertatea etorkizunean dago... libre izan nahi dugu... gizaberea ez da ideia bat... zergatik ez aitortu? Gizaberea mendian dabiltza otsoa bezala da... gizabere honek ez du hil nahi... eta ez du hilda bizi nahi ere, librea nahi du... baina libertatea ez merezi, irabazi egin behar da... orduan bai, eguzki zaharrak argi berria emanen du...».

Gabriel Arestik, bere aldetik, 1961ean idatzitako Zuzenbide debekatuan honako hau esan nahi zuen, zera, Euskal Herriari zuzenbidea, justizia, debekatu izan zaiola betidanik. Alegia, Euskal Herriak ez Espainiatik ezta Frantziatik ere ez duela inoiz aukerarik izan modu justuan tratatua izateko.

Orduan biek sortutako proposamenak oraingoz irauten duen subordinazioaren kontrako giroaren emaitzak izan ziren eta oraindik ere badira, literatura intsumisoa.

Azurmendik eta Arestik izkiriatutakoarekin poetika berria sortu zen, non testuak ezin ziren genero literarioen arabera sailkatu, aitzitik, idazkera «proaktiboak» izaten ziren, erasokorrak, sailkagaitzak bezain sortzaileak, eta haietaz aritzeko, noski, bestelako hurbilketa literarioa eskatzen digute, politikoki zuzena ez den idazkuntza…abagune honetan premiazko zaiguna, alegia.

Buscar