Lan falta omen dagoen sasoi honetan nik gaur ez dut jairik hartu, “Euskadi egunean” diot…Nik bezala, gure Unibertsitatean, ikasleek eta administrazio edota zerbitzuetako langile batzuk ere lan egin dute. Ez da gure festa, Pilar amabirjinarena ez den moduan…
Estatu bakoitzak bere jaien politika kudeatzen du eta, espainiar estatuan euskaldunok espainiarrak ez garela frogatu behar dugu hauteskundeez harago.
Baina hauteskundetan ere bai.
Bere “Independentziarako paperetan” Pako Aristik hauteskundetan parte hartu beharrean abstentzioa dela bidea dio. Jarrera horixe azaldu izan ohi du “Euskadin” berriki izan ditugun hauteskundeen harira. Aipatu liburuan, esaterako, honako argumentuak erabili ditu, hitzez-hitz:
“(…)1978an hamabost urte neuzkan eta beste gauza batzuk
izango nituen gogoan, baina, hainbat iturri ezberdinetatik
jaso dudanez, orduan izan genuen independentzia lortzeko
aukera borobil bat.
Joseba Ariznabarretak, funtsezko ildoak laburtuz, hau
kontatu zuen hitzaldi batean:
Guk, 1978an, indar izugarri bat izan genuen. Gidaritza
politiko inteligente bat izan bagenu, gaur independenteak
ginateke. Francok problema bat izan zuen: ekonomia
aldaketak zekarzkien Europar Batasunak, merkatu bateratua
beharrezkoa zen, eta Espainia krisi ekonomiko izugarri
batean erdian zegoen, irten ezinik. Espainiak merkatu zabalago
bat behar zuen, atzerriko inbertsioa behar zuen. Eta
hori Merkatu Komunean soilik zen posible.
Horren parte izateko label demokratiko bat eskatzen zioten,
nahiz eta formulazio hutsa izan. Guk gure esku izan genuen,
garai hartan, Espainiak ez lortu ahal izatea label hori.
Horretarako nahikoa izango zen hauteskundeetan hondartzara
joatea. Hemen posible izango zen abstentzio izugarri
bat lortzea, %90eko abstentzioa, gutxienez.
15
Batzuek diote: Bai, baina orduan ‘brunetea’ bidaliko ziguten.
Ez zituzten bidali behar; hemen zeuden, eta hemen
jarraitzen dute. Sufritu egingo genuen. Ziurrenik militarrek
boterea hartuko zuten berriro. Baina zenbat denbora iraungo
zuten? Ekonomiak behartuko zuen egoera berriro aldatzera,
eta guk posizio berbera mantendua izango genuen. Begira,
Errusiak Espainiak baino armada askoz ere handiagoa zuen,
baina Lituaniak eta beste herri askok askatasuna lortu zuten.
Kostu sozial gutxirekin lortuko genuen independentzia
orduan. Gaur egun askoz ere koste sozial handiagoa ordaindu
beharko dugu. Espainiako sistema honek zilegitasun handia
lortu du, eta neurri handi batean geuk eman diogu zilegitasun
hori.
Eta irudi ezin tristeagoa deskribatu zuen: euskaldunak,
hiri handi nahiz herri txiki guztietan, igandetako jantzirik
dotorenak soinean, botoa ematen guardia zibilek
zaindutako hauteslekuetan. Geure borondatez zilegitasuna
ematen okupatzailearen eskaintza politikoari; menpekotasuna
geure borondatez sinatzen.”
Orduko datuak, ordea, honakoak izan ziren:
Konstituzioko erreferenduma (1978ko abendua)
Euskal Herriko Abstentzioa: 51,2% eta Baietza: 34,8%
Ez du ematen, beraz, hauteskunde jarrera horrekin Euskal Herriak Konstituzioari inolako zilegitasuna eman zionik.
Bistan da politika ez dela botoetan soilik neurtzen. Gaur bezalako egun batean lan asko zegoen egiteko eta, agian, ez da behar beste egin baina Pakorena, zinez, ez da oso kritika landua izan, nire aburuz behintzat.
Fito Rdz.