Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Literaertaroa

Ahozkotasunak Erdi Aroko poesian agindu ohi du: abestua, dantzatua, irudikatua baita irakurria ere, irakurketa beti ozenki egiten zelako, ondo ahoskatuz.

Bizidun-bizigabe kontraesana literaturan ahozko kulturaren gain eraiki ohi da. Guztiz bizia dugun kultura izaten da ahozkoa. Besteengana helarazten dituen datuak indarrez beterik daude. Beti ekintzei edo aktibitateei lotua.

Idazketak, berriz, tartea sortzen du. Azaltzen dena ez da izan, norbait konkretu batek esana, ez eta errealitatearekin harreman zuzena suposatzen duenik ere. Idazkiak abstrakzioa egiteko bideak ireki ohi ditu.

Ahozko kulturak interakzioak eta esperientziak behar ditu. Idazketak, berriz, hitza eta esanahi arteko bereizketa lantzen du. Ahozko literatura «ezarria» bezain testuinguratua den bitartean literatura idatzia «orokorra», nagusia edo «unibertsala» jotzen da.

Ahotsa dela medio pentsatzen duen kultura, egoera jakin bati zein besteri lotuta azaltzen da beti, kuantitatiboki izan ohi dira zerrendak eta kualitatiboki kontzeptuak baina ahozkoak katalogoak eta abar egin ditzake nahiz eta norberaren esperientzi edo egoera konkretuekiko harremanetan egon beti. Honela beste ondorioarekin egiten da topo, hau da, alfabetatzeak dakarren pentsamoldearekin eta, jakina, era berean galarazten dituenekin edo, beste modu batez adierazia, memoriak egituratzeko bi erekin egiten dugu topo goian aipatu kontraesan horretaz aritzerakoan.

Bai ahozko hizkuntzak, baita idazten denak ere, egitura desberdinak dauzkate datuak gordetzeko eta berreskuratzeko. Beraz, beraien gordeketa-zirkuituak material desberdinen gain eraikitzen dira.

1. Ahozkoak lotura zuzenak erabiltzen ditu. Juntagailuak direla medio (eta... etab.) esanahiak nahiz esaldiak kateatzen dira. Pentsamendu metaforikoa.

2. Idazketak berriz, menpeko esaldiak sortzen ditu eta beraiekin batera anaforak eta abar. Pentsaera silogistikoa.

3. Ahozkoa, mintzaira ezarria baldin bada, berari pragmatika dagokio.

4. Idazketari ordea, orokorra bezain teorikoa izanik, gramatika dagokio.

5. Era berean, eta memoriaren arabera jarraituz, ahozkoak hitzak elkarturik ematen dizkigula esan genezake. Gogoratze-prozedurari laguntzeko hain zuzen ere, gehienetan izena eta izenlaguna batera doaz.

6. Bestalde, idazketak hitz bakoitza isolatzen du bere esanahi desberdinen ondoan. Horregatik, hiztegigintza berarekin batera ibili ohi da.

7. Aho-hizkuntzak egitura errepikagarria du, erritmikoa eta poetikoa izaten da.

8. Idazketan joera laburtzailea nagusitzen den bitartean, memoria ahalmena babesteko esandakoaren errepikapenaren beharra joera nagusia dugu ahozkotasunean. Are gehiago, «pentsamenduaren ikuspegi analitikoa idazketak sortutako pentsaera besterik ez dela esan daiteke» ahozkoak joera sintetikoagoa duen bitartean.

9. Errepikatze honek, ordea, ez bide du ekartzen denboraren kontzeptualizaziorik. Nekez bereizten baita ahozko-kulturetan iragana eta gaurkoa. Askotan, memoriak utzitako hutsuneak, modu berri batez betetzen dira, iragan den garai haien oroimena erabat nahasiz. Horregatik, halako kulturetan iraupenaren balorazioa gehiago dago aldaketarena baino. Eta aldaketarik balego, hauxe ez litzateke haustura gisa azalduko, oroimenen berregituraketa gisa baizik. Idazketak, aldiz, berritasuna nahiago du.

10. Beraz, eta lehen esan bezala, ahozkoa-idazketa delako bikoteak bi memoria desberdini bidea irekitzen die eta, beraz, derrigorrezkoa dugu, bikoiztasun hori historikoki aztertzea, horren arabera adierazpenaren gauzatze gisa jotzen den literatura, aldagai horien guztien artean kokatzeko
Erdi Aroan aukera gutxi eman zitzaion poesia itzultzeari, baina oso hedatua izan zen hizkuntza batetik bestera istorioak zabaltzea eta, halaber, birsortzea ere. Kasu askotan, jatorrizko bertsioarekin nahikoa zen. Gesta kantu batean, abeslari probentzalen bertsoen edo monologo juglareskoen erritmoa (batez ere dantzara bideratutako piezez baina ez hitzez hitz errepikatzeagatik), jatorrizko letra bezain garrantzitsuak edo garrantzitsuagoak ziren erabilitako doinua, musika, exekuzioaren kalitatea eta mimika.

Baina horrela gertatzen ez zenean, Erdi Aroak egokitzapenera jotzen zuen, hots, ez itzulpenera. Karlomagnoren eta Roldanen keinuek Norvegiatik Siziliara eta Galesetik Euskal Herrira jo zuten. Balada asko kontinenteko hizkuntza guztietan eta Atlantikoko uharteetan izan ziren entzunak, egokituta noski. Trobadoreen lirikak ez zuen ia itzulpenik izan baina, horien beharrik gabe, Europako poesiaren zatirik sendoena eman zuen.

Ahozkotasunak Erdi Aroko poesian agindu ohi du: abestua, dantzatua, irudikatua baita irakurria ere, irakurketa beti ozenki egiten zelako, ondo ahoskatuz. Ahozko izaera indartsua duen testu baten irakurketa haren ahoskera hutsa baino praktika aktiboagoa izan da, irakurlea transmisorea baino gehiago egile-kide bilakatzen baita. Ikuspegi horretatik abiaturik uste dut Errenazimentuaren aurreko Europako poesiaren antologia egin daitekeela.

Buscar