NEKANE AZPIAZU LEJARDI
ARKITEKTURA

Ibilguaren dantza geometrikoa

Artikulu honek udan 7K-n argitaratu den arkitektura, natura eta ingurumenari buruzko serieari amaiera ematen dio. Egileak erakutsi du posible dela izaki bizidun guztiak lehenesten diren arkitektura ekologiko eta jasangarri bat. Gaur Suitzako Lully herrira eramango gaitu.

Kanala parke lineal bihurtua. (Fabio Chironi)
Kanala parke lineal bihurtua. (Fabio Chironi)

Iritsi gara uda sasoi honetan astez aste naturan oinarrituriko praktiketan zehar eginiko bidaiaren amaierara. Genevan emango diogu bukaera, Lully herrian, uholdeei aurre egiteko egokitzapen prozesu berezia egin baita. Urte askoan zehar gizakiak natura hezteko egindako saiakeren lekuko izan da eremua; Aire ibaiaren uholde arriskutik babesteko egokitzapenez, hain zuzen ere. 60ko hamarkadaz geroztik, ur-lasterraren maila azkar igotzeko joerak kezkatu izan ditu bertako biztanleak, baina herriaren hazkundeak ibaia baino beherago kokaturiko eremuetan uholdeak izateko aukerak areagotu ditu, eta zorupeko ur-maila altuek eta inguruko nekazaritza-lurretatik zetozen urek ere ez dute egoera hobetzen lagundu.

Horregatik, eskualdearen historia gizateriaren eta naturaren arteko harreman konplexua bilakatu da. 1890ean, eremu horretako drainatze txarra zela-eta, ibaiaren ibilbidea aldatu zen. Urbanizazioaren garapenak, ordea, aurrera egin zuen, arriskuak handituz eta obra osagarrien beharra sortuz. 1920an, lurrak kontsolidatzeko eta drainatzeko proiektua abiarazi zuten; 400 kilometroko kanala eta drainatzea nekazaritza ekoizpena optimizatzeko eta uholdeak minimizatzeko. Esfortzuak alferrikakoak izan ziren, sistemak ez ziren nahikoa izan ura drainatzeko, eta uholdeak gertatzen ziren lehengo eran. Beste hainbeste 1933ko ibaiaren murrizketa proiektuarekin eta 1980ko esku-hartzeekin. Naturaren joerei lekua kentzeak ez zirudien emaitza onak izango zituenik, eta are gutxiago haien kontrako lehia bizian aritzeak.

Diseinatuaren eta naturalaren arteko muga eta oreka. (Fabio Chironi)

Egoera horretan, Genevako estatuak lehiaketa itxia antolatu zuen uholdeei aurre egiteko irtenbide eraginkorrak garatzeko; besteak beste, Aire ibaiak egun daukan itxura Atelier Descombes Rampini eta Superpositions arkitektura bulegoek ibaia bere meandro naturaletara itzultzeko asmoz egindako proiektuari zor zaio, ibaiaren birnaturalizazioaren alde egin baitzuten. Hiru dira proiektuan zehar jarraitu dituzten printzipioak: uholdeetatik babestea, natura berreskuratzea eta espazio kolektiboa sortzea. Planteamenduak kanal zaharra mantentzearen aldeko apustua egiten zuen, eta, era berean, ibaiaren antzinako ibilguarekin nahastea proposatzen zuen. Lekuko ekologia hobetzeaz gain, eremuaren berezko ezaugarriak babestu nahi izan dira, hura ulertzeko eta gizartea kontzientziatzeko. Ingurunea errespetatzea ingurune horrek urez gainezka egin dezakeela ulertzean datza, eta beharbada gizakia da pauso bat atzera eman behar duena.

Proiektua azpiegitura bihurtu baino nahiago izan dute fenomeno kultural kontsideratu; eta horrek bisitariei lekuaren irakurketa egitea ahalbidetzen die. Kontzeptu garrantzitsuena ibaiaren berezko trazadura “arkitektura natural” moduan ulertzea izan da, eta kanala, berriz, “arkitektura diseinatu” gisa kontsideratzea. Bi errepide esturen artean zihoan kanala parke lineal bihurtu zuten, haren luzeran zehar uraren ibilgua gurutzatzeko, esertzeko nahiz jolasteko elementuen bitartez. Ibaiaren ertz bat, iparraldekoa, oinezkoentzako pasealeku egin dute, eta bestea, berriz, hegoaldekoa, basatiago utzi dute.

Erronbo formako zulaketak ibai- korridore berria eratzeko, eta geometriaren eraldaketa. (Easytomap)

Esku-hartzearen elementurik interesgarrienak muga horietan kokatzen direnak suertatu dira, diseinatuak, trazatuak, eta, aldi berean, naturak orraztuak; esaterako, ur-jarioa kontrolatzeko zulatu diren lurrezko erronbo geometrikoak. Geometria horrek urari hedatzeko aukera ematen dio, baina modu kontrolatuan, etengabe aldatzen ari den ibilgu dinamikoa sortuz. Elementu naturalen eta artifizialen uztartze horrek gizakiaren esku-hartzearen eta prozesu naturalen arteko oreka aurkitu nahi izan du.

Proposamenak, ordea, uholdeetatik babesteko sistema sofistikatuagoak ere tartekatu ditu, hormigoizko bi dike, hain zuzen ere, betiere paisaian integratuz eta interbentzioa espazio kolektiboen sorrerarekin errematatuz.

Denborarekin, fauna eta floraren zenbait espezieren itzulera izan da proiektuaren saria. Diseinuaren bitartez sortutako baldintza berriak bioaniztasuna sustatzeko gai izan dira, eta esku-hartzearen emaitzarik arrakastatsuena bihurtu da hori. Aire ibaia etengabeko bilakaeran dagoen sistema da. Proiektuak uholde arriskua arintzea lortu du, eta horrez gain, beste zenbait ertz ukitzeko gai izan da, ekologia berrien eta naturan oinarrituriko soluzioen bitartez espazio kulturalak, sozialak eta espezie anitzekoak sortuz.