NEKANE AZPIAZU LEJARDI
ARKITEKTURA

The Tokyo Toilet

Ezinbestekoa dugun espazio batek, hots, bainugela edo komunak, aparteko garrantzia du Japonian. Horren erakusgarri da Shibuya auzoko hainbat tokitan kokatutako hamazazpi bainu publikoen birdiseinua, zeinean mundu mailako arkitekto eta diseinatzaileek parte hartzen duten.

Ezkerretik eskuinera, zurezko bolumenen multzoa; beirazko komuna, gardena; kaxa zuri diskretua; hormigoi zuriko esfera eta iturri publikoa.
Ezkerretik eskuinera, zurezko bolumenen multzoa; beirazko komuna, gardena; kaxa zuri diskretua; hormigoi zuriko esfera eta iturri publikoa. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Komunaren esanahiak pisu handia dauka Japonian, eta kulturak higieneari nahiz erosotasunari ematen dion balioa islatuta ikusten da elementuetan, espazioetan eta arkitekturan. Etxeetan ohikoa da bainugela bereizita egotea; alde batetik, bainuontziaren esparrua dago eta, bestetik, komunontziarena. Izan ere, banaketa horri esker, bainua erlaxatzeko leku bihurtzen da eta komuna osasun-funtzioetarako soilik balio duen espazio gisa ulertzen da. Baliteke ezaugarri hori dagoeneko barneratuta izatea, hemen ere gero eta ohikoagoa baita horrelako barne-banaketak ikustea. Hala ere, bereziak dira komun japoniarrak.

Oro har, komunetan ikusten diren aurrerapen teknologikoak gainazal desberdinekiko kontaktu fisikoa murriztu nahiaren emaitza dira. Tapa automatikoek, ukitu gabeko deskargek, aire bidezko lehorgailuek eta beste hainbat aurrerapenek komunaren erabilera garbiagoa bultzatu nahi dute, botoiak eta gainazalak ukitzea saihestuz. Hori dela eta, Japoniako edozein txokotan egonik ere, esan daiteke ezinezkoa dela washlet gabeko komun batekin topo egitea; kaleko komun publikoek ere badituzte eurenak.

Esan beharra dago, ordea, kaleko komun publikoen errealitatea ez dela betidanik halakoa izan. Garai batean ez ziren orain bezain txukun mantendu ohi, eta are okerragoa dena, askok ez zituzten kontuan hartzen desgaitasuna duten pertsonak, haurrak, adinduak edota laguntza behar dutenak. Komun publikoak guztiontzat erosoak, irisgarriak eta seguruak izan beharko lirateke beti. Horrenbestez, premisa horrekin sortu zen The Tokyo Toilet proiektua, denentzako komunak sustatzeko asmoz. Ekimenak Shibuyako auzoetako eta parkeetako hamazazpi komun publiko berritu ditu, jendearen arreta erakartzen duten diseinuak dituztenak.

Tokiora eginiko bisitan, hamazazpi horietatik bost bisitatu -eta zenbait probatu- nituela aitortu behar dut, batzuk parean topatuta eta beste batzuk, berriz, bila ibilita. Komunen tourra edo halako zerbait eman dezakeen arkitektura-esperientzia japoniarrean murgiltzeko modu alternatiboa izan zen. Hauek osatzen dute zerrenda: Nabeshima Shoto Park-eko komunak, Yoyogi Fukamachi Mini Park-eko komunak, Ebisu Station-ekoak, Nanago Dori Park-ekoak eta Nishisando-ko komunak. Ohiko bizitzara itzuli beharrak zerrenda bere horretan uztera behartu ninduen.

Gogoan dut identifikaturiko lehena Kengo Kumarena izan zela -Nabeshima Shoto Park-ekoa-; nabaria zen arkitektoaren nortasuna diseinuan. Landarediaren presentzia handia den parkean kokatuta dagoenez, arkitektoaren asmoa naturan integraturiko komuna sortzea izan da, zuraren kultura japoniarra partekatuz eta akaberetan elementu hori erabiliz. Ibilbide batek lotutako bost bolumen txikiko multzoa da eraikuntza, eraikin bakoitzean erabiltzaile desberdinei bideraturiko komunak daude, eta, era berean, zatiketa horri esker sortzen diren tarte espazioek pribatutasuna ematen diote erabiltzaileari.

Diskrezio gutxiagokoa da Shigeru Ban-ek diseinaturiko komuna, lehen begiratuan ez duena sartzera deitzen, gardentasunak itxitura ezaren sentsazioa sortzen baitu eta kanpotik ikusiko zaituzten beldurra. Behin atea kisketaz itxitakoan, ordea, beira zeharrargi bilakatzen da eta ez dirudi Yoyogi Fukamachi Mini Park erdian zaudenik. Diseinu gardenaren funtsa komuna hutsik dagoela eta bertara sartzeak arriskurik ez duela egiaztatzea da, gizartean segurtasunaren inguruan dauden beldurrei erantzuna emateko. Tokioko ‘komun garden’ gisa ezaguna denak garbiketaren kontzeptua muturreraino eramaten du; izan ere, erabiltzen ez denean barrualde osoa erabat ikusten denez, une oro akatsik gabe mantendu beharra eskatzen du. Gauez, parkea argiztatzen duen linterna da.

Ebisuko estaziotik atera eta han egin genuen topo Kashiwa Satoren kaxa zuriarekin jendartean, eta berehala hauteman genuen The Tokyo Toilet proiektuaren pieza baten aurrean geundela, nahiz eta pieza apala izan. Diseinuaren helburua horixe da, gehiegi ez nabarmentzea, bestelako atentziorik ez ematea. Kolore zuriak garbitasuna, alaitasuna eta freskotasuna ematen dio, horrenbeste oinezkoren zirkulazio handia dagoen leku batean.

Aurrekoa gogoraraz dezake Kazoo Satorenak, Nanago Dori parkekoak, hormigoizko esfera zuria baita. Haren helburua ‘munduko komunik garbiena’ izatea da, eta horretarako ahots-agintedun esku libreen diseinu integratua dauka; hori da haren bereizgarria. Mugikorra konektatzen da sarreran daukan pantaila batera, eta aginduak ahots bidez emanez erabil daiteke komuna, inolako gainazalik ukitu beharrik gabe. Erabiltzailearen esperientzia gainontzekoen aldean desberdina da.

Bosgarrenak iturri publikoaren funtzioa betetzen du hirian, ura espazio publikoan dohainik edatea ahalbidetuz. Sou Fujimotoren diseinua hirira irekitako ontzi eta iturri erraldoia da. Bost ur iturri ditu altuera desberdinetan, instalazioaren barrualdetik zein espaloitik erabiltzeko, eta eskala handiko harraska horrek berak babesa ematen dio komunen sarrerari, aldi berean jendearen mugimendua ikusgarria izatea egiten duelarik. Hiriko eskubideak denonak izatea bermatzen du trafiko azpiegituren azpian aurkitzen den eraikuntza zuriak.

Tokioko hiria ezagutzeko bestelako bide bat izan dira bost mikrointerbentzio horiek. Espazio publikoko komunen proiektuak berrikuntza eta funtzionaltasuna uztartzen ditu segurtasun eta garbitasunaren inguruko kezkei heltzeko, eta, aldi berean, arkitekturak funtsezko zeregina izan dezakeela erakusten du komunaren izaera publikoaren eta intimoaren arteko muga hausteko orduan.