13 OCT. 2024 DOLUA ALPINISMOAN Maitasunaren preso Euskal alpinismoaren historia beltza dakar gogora urriak, bi hamarkada igaro ondoren ere. Pumori mendiaren magalean geratu ziren betirako bost gazte, elur-jausi batek harrapatuta: Urola aldeko bi gipuzkoar eta Sakanako hiru nafar. 2001a zen. Hiru urte geroago Xabier Ormazabal urretxuarra hil zen Cho Oyun, Euskal Herriko alpinista gazte aparta. Egun latz haiei buelta ematen saiatu dira gertukoak, bakoitza bere modura, doluaren iluna argi printza bilakatzen saiatzen. Mendia maite zuten, eta mendia, bizitza, maite zutelako geratu ziren Himalaian; maitasunaren preso, etxekoak han geratu zirenekin bezala. Pumori mendian elur-jausi batek harrapatuta hil zen boskotea: Beñat Arrue (Aizarna, 23 urte), Iñaki Aiertza (Aizarnazabal, 27 urte), Aritz Artieda (Etxarri Aranatz 23 urte), Javi Arkauz (Lakuntza, 22) eta Cesar Nieto (Iruñea, 23). Arrue-Gurrutxa familia Andoni Urbistondo 2001eko urria; berri lazgarriak Himalaia aldetik. Sakana-Pumori espedizioko bost lagun desagertu ziren 7.161 metroko mendiaren magalean, lehen eta bigarren kanpamentuen arteko bidea egiten ari zirela. Sokalagunen berririk ez, eta Xabier Ostolaza, Jon Odriozola eta Jexux Mari Errazu, beheko kanpamentuan geratu ziren hiru kideak, ziztu batean abiatu ziren mendian gora. Mendia hautsi zuen elur-jausia ikusi zuten, eta mendiko bi buzo. Ez zegoen esperantzarako zirrikiturik. Pumori, mendiaren alaba tontorraren magalean geratu ziren betirako Beñat Arrue (Aizarna, 22 urte), Iñaki Aiertza (Aizarnazabal, 27 urte), Aritz Artieda (Etxarri Aranatz 23 urte), Javi Arkauz (Lakuntza, 22 urte) eta Cesar Nieto (Iruñea, 23 urte). Hiru urte geroago, egun bertsuetan eman zituen azken pausoak Xabier Ormazabal Urretxuko semeak (Gipuzkoa). Cho Oyun hil zen 2004an, egun batzuk lehenago Shisha Pangma, bere lehen zortzi milakoa igo ondoren (8.027 metro). 23 urte zituen Ormazabalek, eta ibilbide distiratsua osatzen ari zen, oso gazte. Elurretako Lehoinabarra saria irabazi zuen, Sobietar Batasuna zeneko bost gailur garaienak igo ondoren ematen den saria. Denak zazpi mila metrotik gorakoak, eta zailak: Khan Tengri (7.010 metro), Korhzenevskaya (7.105 m), Lenin (7.165 m), Poveda (7.439 m) eta Ismail Samani edo Komunismo (7.495 m). Zortzi milakoetara jauzi egin eta Shisha Pangma igo zuen (8.027 m). Etxera bueltatzeko une aproposa zen, lorpena ospatzeko, baina bertan geratzea erabaki zuen, Cho Oyun saiatzeko. «Aseezina zen. Esan nion etxera bueltatzeko, bagenuela nora joan etxeko mendietan, parrandaren bat egin zortzi milakoa ospatzeko… baina han geratzea erabaki zuen», esan du Andoni Ormazabal anaiak, Urretxu zaintzen duen Irimo mendi ezagunaren babesean, begirada galduta. 20 eta 23 urte pasatu dira egun triste haietatik. Heriotzaren, hutsunearen doluak bizirik dirau. Bakoitza bere martxan. Andonik 43 urte ditu egun, bikotekidea eta hiru seme-alaba. Aho bizarrik gabe, zintzo mintzatzen da doluaz, minaz. Erraza, ez: «Fase askotatik pasa naiz. Heriotza gertatu zeneko shock edo kolpea. ‘Guri ezin zaigu hau gertatu’, ‘konfunditu egin dira’ eta antzekoak esaten dizkiozu zeure buruari». Amorru puntu handia eduki omen zuen ondoren: «Kristorena. Haserre nengoen, elkarrekin proiektu piloa genituelako eta ezin nuelako sinetsi, dena eten, eta hain gazte…», azaldu du. Ezker-eskuin, Mikel Leizeaga gidari legazpiarra, Arantxa Gurrutxaga eta Suku Maya Madrilera iritsi zirenean. Nepaldik Euskal Herrira ekarri zuten Suku, giltzurrunean zeukan gaixotasuna sendatzeko. Arrue-Gurrutxaga familia Obsesio puntu batera ere iritsi zen urte pare batean. “Elurretako lehoinabarraren aztarna” dokumentala prestatzen, Gorka Quevedo lagunarekin “Izarren hautsa” liburua prestatzen… «Ez nuen anaiaren heriotza onartu nahi, baina barruan neukana ateratzea erabaki nuen. Horretaz bakarrik aritzen nintzen. Zergatik? Ez dakit, akaso errudun sentitzen nintzelako anaiaren heriotzaz mintzatzen ez banintzen. Barre egitea ere kosta egiten zitzaidan, dolua bukatu arte poztasunik eduki ezingo banu bezala, edo triste egoteko beharra edukiko banu bezala. Jendeak izorratuta, minez, nengoela jakitea nahi nuen». On egin zion anaiaz gogoratzeak, berari buruz hitz egiteak, eta antzera jarraitzen du egun ere. «Ez dut sekula ezkutatu anaiaren heriotza. Hiru seme-alaba ditut, ez zuten Xabi osaba ezagutu, baina gure bizitzan presente dago. Modu naturalean, behartu gabe. Nik behar dut, eta mesede egin dit». Doluaz, dituen aurpegi ezberdinak azaldu dizkigu Andonik: «Ni neu eta nire senideak nola gauden ikusten dut, eta ondorio bat atera dut: dolua ez da bakarrik denbora kontua. Ni ondo nago, Xabi ahotan dudanean ez dut minetik hitz egiten, ez dut dardara sentitzen, korapilo bat egiten sabelean berari buruz hitz egiten dudanean. Nire arrebak, aldiz, negar egiten du oraindik». Fisioterapeuta da lanbidez Ormazabal, eta alderaketa egin du: «Zauri sakon batek orbana uzten du, baina orban hori maita dezakezu, korapila zaitzake, edo gorde dezakezu. Nik esparru guztiak pasatu ditut. Ezkutatu nuen hasieran; ondoren, ez nintzen batere gustura egon orbanarekin, eta egun maitatu egiten dut. Ez dut heriotza zergatik gertatu zen galdetzen, zertarako baizik. Zergatik galderaren erantzunek ez naute asetzen, ez zaizkit gustatzen: zorte txarra, ekaitza sartu, muturreko ahalegin fisikoa… Ezin dut gertatu zena aldatu eta hori ikasgai bat da. Zertarako balio izan du heriotzak? Mendira bakarrik ez joateko, adibidez. Zenbatetan esan ote nion Xabiri bakarrik ez joateko… Mendia soka da, anaitasuna, partekatzeko zerbait». Andoni erantzun bila joan zen Gasherbrum II zortzi mila metroko mendira, «eta han ez dago erantzunik. Anaia zortzi milakoetan zergatik ibiltzen zen jakin nahi nuen, zer sentitzen zen han goian, hainbeste arriskatzeak merezi ote zuen… baina ez nuen ezer berezirik sentitu. Gailurreko une berezia, segundo gutxi batzuk, eta gero sekulako marroia beheraino jaisteko». Euskal Herrian ehunka gazte izan dira mendizale petoak, himalaismoan trebatuak, etxean senideak utzi eta erronka berrietara abiatu direnak. Arrisku neurtuak hartuz, noski, baina mendi handietan arrisku denak kontrolpean edukitzea ezinezkoa dela jakinda. Hitz potoloa, arriskua; bizitza, heriotza, erronka… Zergatik, mendi handi horietara joateko grina? Ormazabalen azalpena: «Khan Tengri mendian izan ginen anaia eta biok (Kirgizistan, Txina eta Kazakhstango mugan dagoen mendia, 7.010 metro). Sekulako miseriak pasa genituen gailurrera bidean: izozteak, elur-jausiak, gailurreko eguna gogorretan gogorrena… Behera jaitsi eta etxera ziztu batean bueltatzeko gogoa sartzen zaizu. Ba, anaiari ez, eta han geratu zen Komarov errusiarrarekin Poveda mendia igotzeko (Poveda edo Jengish Chokusu Txina eta Kirgizistango mugen artean dago, 7.439 metro ditu); aldatuko zuela hegazkineko txartela. Han jabetu nintzen anaia aseezina zela mendi kontuetan, eta Shisha Pangman berdina gertatu zitzaion. Igo zuen, lehen zortzi milakoa zuen eta halakoetan normalena lehenbailehen etxera bueltatzea bada, Xabik han geratu eta Cho Oyura joatea erabaki zuen. Berandu zen, espedizio bakarra bertan, eta jaisten, akabo, han geratu zen». Ikonikoa egin den argazkia; Beñat Arrue gaztea, beso artean Suku Maya neskato nepaldarra duela. Beñaten gurasoek bastoi horiek eurak izan daitezkeela pentsatzen dute. Arrue-Gurrutxaga familia PUMORIKO EZBEHAR LARRIA Askoz larriagoa izan zen Pumoriko istripua. Elur-jausi erraldoi batek azpian harrapatu zuen bost laguneko taldea, lehen eta bigarren kanpamentuen arteko bidean, eta hantxe geratu ziren betirako: Beñat Arrue (Aizarna, 22 urte), Iñaki Aiertza (Aizarnazabal, 27 urte), Aritz Artieda (Etxarri Aranatz 23 urte), Javi Arkauz (Lakuntza, 22 urte) eta Cesar Nieto (Iruñea, 23 urte). Arantxa Gurrutxaga eta Peio Arrue Beñaten gurasoek Iñaki Peñaren “Mendian hil, hirian hil” eta Iban Gonzalezen “Pumori, mendiaren alaba” dokumentaletan esandakoak dira ondoko hitzak. Arantxa amarenak, hauek: «Bizitza osoa zeukan aurretik 23 urterekin, eta mendia gustuko izanda ere, han hiltzea, hain gazte, pena handia da. Seme bat galtzen denean bizimodu dena aldatzen da, erditik ebakitzen dizute bizitza. Dauzkazun ilusioak, proiektuak, bertan behera geratzen dira. Ez dela posible pentsatzen duzu hasieran, onartzen duzun arte. Bere falta eta pena handi-handia sentitzen dira». Peio Arrue Beñaten aitak ere ondo gogoan du urriko egun hura: «Berria jakin eta berehala pentsatu nuen ‘nire eta gure ametsak bukatu dituk’». Peiok eta Arantxak dolua Himalaiara bertara joanez egin dute. Peio Arrue: «Nepalen taldeari aurrea hartzen nion tarteka, eta nire semearen izena bota ozen, ‘Aupa Beñat’ hitzekin. Gero han geratu ziren beste lauena botatzen dut». Arantxarena, hurrengo aitortza: «Pumori mendia ikusgarria da, zuri-zuri ikusten da. Atseden gune bat bezala dauka, eta gure semea eta besteak han daude. ‘Ondo zaudete’ pentsatu nuen, eta lasaitasuna sentitu». Peiok, Arantxak eta beste askok Benantxio Irureta zenarekin egin zituzten trekkingak Nepalen. Aizarnakoa izatez, eskarmentu handiko alpinista zen Benantxio, 2013an Aneto mendian istripua eduki eta hil zen arte: Arantxa Gurrutxaga: «Benantxiok mendia maite zuen, eta hura mendian nola ibili, hala egiten saiatzen gara gu ere. Mila bere arrebari esan genion Pumori magalean bere errautsak haizatuko genituela, Beñat eta besteengandik hurbil, Nepalera bueltatzen ginenean. Pumoriren magalean utzi genituen errautsak, elurra hasten den tokian, bost mutilen izenak erakusten dituen arroka baten ondoan», gogoratzen du Beñaten amak. Arantxa eta Peio, Nepalgo trekking batean. Arrue-Gurrutxaga familia ZALETASUN ADIKTIBOA Alpeetan, Andeetan edo Himalaian ibili dena bizitzari zukua ateratzeko asmoz joaten da hara; erronkak betetzera. Heriotzak gertatzen direnean mendizaleak nahi zuen tokian hil dela esaten da, kontsolamendu moduan, baina ez da egia. Juanjo San Sebastian alpinista ezagunak esana da inork ez duela hil nahi, ezta mendira joaten denean ere. Honakoa ere esan zuen alpinista bilbotarrak: «Istripuak, heriotzak, besteei gertatzen zaizkiela uste dugu, ez guri, beste horiek gu garela jabetzen garen arte». Erabat ados dago hitz horiekin Andoni Ormazabal: «Ezin da hobeto adierazi. Gure kasua hala izan zen». Alpinistaren dohain garrantzitsu bat nabarmendu du Andonik: «Zatarra da hau esatea, baina mendizalea oso berekoia da. Bizitzera, esperientzia berri bat ezagutzera zoaz Himalaiara, baina arrisku batzuk hartuz. Juanjo San Sebastian aipatu duzunez, haren beste esaldi ezaguna da zure beldurren aurka borrokatzera joaten zarela Himalaiara, eta adiktiboa bilakatzen dela». Andonik bere azalean sentitu zuen berekoikeria hori. Xabier anaiarekin, aurrena: «Mendi gose izugarria zeukan. Ez da ego kontua, behar fisiologikoa baizik. Xabik lehertuta bukatzeko, muga-mugan ibiltzeko joera zeukan. Pasioa zen beretzat. Faktore guztiak ez daude zure esku, are gutxiago himalaismoan. Mila aldiz esan nion Xabiri, anaia zaharra nintzelako». Anaiaren kasuan alpinismoak adiktiboa bilakatzeko arrisku guztia omen zeukan: «Nola ez, ekinaldi oro irabazten bazuen? Dena zen nahi eta lortu, erronka guztiak betetzen zituen. Horrek puztu egiten zaitu nahitaez». Xabier Ormazabal, Khan Tengrin. Andoni Ormazabal Andoni bera ere berekoitu egin zen anaia hil ondoren: «20 urte geroago jabetzen naiz ze berekoia izan nintzen orduan, anaia hil eta bi urtera Gasherbrum II mendira joan bainintzen (Pakistango zortzimilako mendia, 8.035 metro). Amari banindoala esan nionean esan zidan: ‘Baina zer, Felix Iñurrategi hil zen mendira zoaz?’, eta nik ‘bai ama’, bota nion. Ez zidan inoiz galdetu ea zertara ote nindoan hara, gure hautua errespetatu zuen beti eta akatsekin ikas genezan erraztu, baina ziur naiz uneren batean pasako zitzaiola burutik ea bigarren seme bat galdu behar ote zuen mendian. Herio latza pasatakoa izango da gure ama». Beldurra sentitu ote zuen Ormazabal-Aristegi sendiak etxean, anaia egunen batean hil zitekeelako? «Bai, Batirtze bikotekideak esaten dit sarri hori», zintzo demonio Andonik. «Xabik bere bidea egiten jarraitu izan balu, asko sufritzeko proportzioa geneukan etxekoek. Dena muturreraino eramaten, etxetik urrun, egun asko informaziorik gabe…». Era berean, garbi zuten ez zutela bere izateko modua aldatuko: «Alferrik. Ez zen ikasle ona, piper egin zale sutsua zen, eta taberna zuloan lau sos atera eta mendira joaten zen ahal zuen guztietan. Pletoriko sumatu nuen Shisha Pangmatik jaitsita, eta gero hil egin zen. Ez nuen espero. Gauzak ondo egiten zituen, baina arriskuak ere hartzen zituen. Oso estilo alpinoa zeukan, poloniarren eskola zaharraren jarraitzaile sutsua zen». Peio Arrue eta Arantxa Gurrutxaga Suku Mayaren sendiarekin. Arrue-Gurrutxaga familia HILEZKORTASUN SENTSAZIOA Andonik ondo gogoratzen du heriotzaren eguna: «Amaren etxeak bi solairu ditu, eta ni goikoan nengoen. Egun batzuk lehenago luze aritu nintzen Xabirekin telefonoz. Shisha Pangman bide edo bariante bat ireki zutela, oso gustura zegoela. Bera zen bezala, arrapaladan botatzen zuen dena. Cho Oyura zihoala esan zidan, aklimatatuta zegoela, 10 egun baino ez zirela izango… Hilezkor izatearen sentsazio horrekin hitz egiten zuen», bota du Andonik, hilezkortasunaz hausnarketa hau eginda: «Gaztetan Xabirekin sarri hitz egiten genuen gai horri buruz. Ez genuen pentsatzen guri zerbait gertatuko zitzaigunik. Inoiz ez. Gaitasuna sentitzen genuen, zailak ziruditen gauzak aise egin, besteek egiten zutena eta gurea konparatzen genuen… Puztuta bizi ginen, eta neurri batean hilezkor sentitzen ginen. Urteak pasata, Txindokiko ertza sokarik gabe eta korrika zenbatetan egin ote dudan gogoratzen naiz. Batere beharrik gabe! Beldurra zer den sentitzeko grinarekin. Orduan ez genuen beldurrik sentitzen. Edozein erorketa da arriskutsua mendian, baina gaztetan erorita ere ez ginela akabatuko sentitzen genuen. Hezurren bat apurtu bai, akaso, baina hil ez. Nola hilko gara gu ba? Helduko gara arrokaren batean. Gaztetasunaren ero puntua zen». Xabier Ormazabal, Cho Oyun, egon zen Himalaiako azken mendian. Andoni Ormazabal Xabiren gorpua etxera ekarri zuten: «Iñaki Ochoa de Olza nafarra han zen, eta gorpua ekartzeko aholkatu zigun. Cho Oyuko ohiko bidearen ondoan zegoen zerraldoa, eta mendi masifikatua, komertziala da Cho Oyu. Argazkiak aterako zizkioten Xabiri, eta ez zen gozoa izango guretzat. Hori, alde batetik. Bestetik, zauria ixteko. Agurra egiteko beharra genuen etxean, eta gorpua ekarri izanak on egin zigun. Alex Txikonek jaitsi zuen hilotza, eta eskerrak eman beharrean gaude». Zerraldoa Urretxuko etxera iritsi zenean etxeko denek bere alboan egin zuten lo egongelan, «eta hura izan zen gure agurra. Agur horrek batu egin gintuen asko etxekoak. Nik neuk bizitzan ezin izan nion agur esan, eta hilotza ondoan zegoela esan genion». Pumoriko gertaeraz gogoratu da Andoni: «Han geratu ziren lagunen gurasoak zertara joan ziren hara? Dagoen tokia ezagutzera, agur sinboliko hori egitea behar zutelako». Jon Arrue Beñaten anaia eta Ane bikotekidea, Suku eta bere sendiarekin. Arrue-Gurrutxaga familia MINA ARINTZEKO JARDUNA Doluaz, dituen milaka aurpegiei buruz, asko daki Iñaki Peña zainketa aringarrietako medikuak (Burgos, 52 urte). 13 urte daramatza Arrasaten aringarrien arloan lanean, baina hiru bat hamarkada egingo ditu lelo bat gauzatzeko asmoz: “Zure mina arindu nahi nuke”, Gorka Urbizu abeslariaren “Janela bat” abestiko pasartea. Medikua lanbidez, dokumental egilea afizioz. Peñak doluarekin zerikusia duten hiru ekoizpen osatu ditu Aretxabaletako Arteman ekoiztetxearekin elkarlanean: “Aulki hutsak”, “Suminetik eta saminetik bakera” eta “Mendian hil, hirian hil”. Ondokoaren mina, dolua, arintzea posible dela dio: «Enpatia eduki behar da. Bestearen larruan jartzea, eta zerbait sentitzea. Eta sentitzen duzun horrekin saiatzen zara zerbait egiten, mina arintzen». Egiten duzun lehen aldian halako bertigoa sentitzen omen da. «Bigarrenean ere bai, baina ahal duzula ikusten duzu. Hazkunde pertsonal ikaragarria da, eta alboan duzun pertsonak zu hor zaudela sentitu behar du». Doluan funtsezkoa omen da «hanka sartzeko beldurra galtzea. Zer esan ez dakigula geratzen gara, nola jokatu jakin gabe. Isiltasunean egoten ere jakin behar da, ezer esan gabe, isiltasuna oso eraikitzailea baita». Aita minbiziarekin hil zitzaion 2007an, 64 urterekin, eta urte hartan Ramon Olasagasti kazetariaren “Mendiminez” liburua irakurri zuen Peñak. «Aita hirian hil zen, baina mendian hil zirenei buruzko liburu hark ikaragarri lagundu ninduen doluan». 2018koa da “Mendian hil, hirian hil” dokumentala, han eta hemen 100 emanaldiak gainditu dituen ekoizpena. 2018an Gasteizen zainketa aringarrien kongresuan Jorge Nagore Nafarroako kazetariarekin elkarlanean idatzitako hitzaldi ederra egin zuten Gasteizen, eta orduan ernatu omen zen dokumentala egiteko ideia. «Hitzaldi haren izena ‘Mendian hil, hirian hil’ izan zen». Baikortasun mezua eman zezaketen lekukotzak bilatu zituen Peñak. Sandra Carrasco eta Olatz Etxabe arrasatearrekin egoteak erakutsi zion bidea, “Suminetik eta saminetik bakera” dokumentalean. “Mendian hil, hirian hil” pelikula bezala, oso aberasgarriak izan dira ondorengo solasaldiak, «errespetuz eta morborik gabe egindakoak». Argazki-oin honen azpian, Xabier Ormazabalen Andoni anaia, Urretxuko Santa Barbara ermitako parajeetan. Gotzon Aranburu | FOKU Galdera egitea erraza da. Nola bilaka daiteke dolua, mina, mezu baikor? Peñaren erantzuna: «Beldurrak kenduz. Umeei erreparatu. Haiek modu naturalagoan bizi dute, baina helduok blokeatu egiten gara. Beldurrak kentzea proposatzen dut eta iraganera, baserrira, bueltatzea da. Ez aspaldi, baserrietan heriotzak ospatu egiten ziren, eta hildako pertsona hura ezagutu dugunok zortedunak gara. Mingarria da pertsona hori hiltzea, noski, baina ezagutu egin dugu». Peñaren ustez, heldulekuak falta zaizkigu beldur horiek uxatzeko, «eta medikuok ari gara hutsune hori betetzen, apaiz laikoak bilakatuz ia-ia. Heriotzaren atarian daudenek erantzunak eskatzen dizkigute guri, baina espiritualtasunaren aldetik ez daukagu erantzunik. Erantzunak bilatzeko euskarriak, baina, badaudela uste du medikuak: «Liburuak daude, musika, zinema… Ochoa de Olzaren liburuetan bere espiritualtasuna sumatu daiteke, beste zerbait badagoela. Himalaian Ekialdeko erlijioak oso erakargarriak dira alor horretan. Ziur nago Iñaki nahiko prest egongo zela barrutik gertatu zitzaionari aurre egiteko». Kensho hitza aipatzen du bilbotarrak: «Pagoetan, Aizkorrin edo Himalaian izan, mendian ibili garen denok sentitu dugu gailurrean egoteak ematen duen poz hori. Lebitatu bezala egiten dugu, eta sentsazio horri kensho esaten zaio (Zen budismo erlijioko japonierako hitza da). Gure kristautasuneko ‘epifania’-ren parekoa litzateke, errebelazio bat. Denok izan dugu gure esperientzia mistikoa». Azken hilabeteetan dolua eta heriotza prozesuen inguruko masterra egin du Peñak, Vic herriko Kataluniako Onkologia Institutuan (Bartzelona). «Hiru dokumentalei halako errematea emateko asmoz egin dut. Zortzimilako bat ikusi eta egitea bezala izan da. Euskaraz, katalanez eta gazteleraz egin dut amaierako lana». Iñaki Peña, azken urteetan doluaren samina baikortasun bilakatzen saiatzen ari den zainketa aringarrietako medikua. Jon Urbe | FOKU MENDI FESTA URRETXUN ETA SUKU MAYA Doluak, saminak, heriotzak buelta nola hartu duen erakusten digute Urretxun Xabi Ormazabal mendi festa egunak eta Peio Arrue eta Arantxa Gurrutxagak Nepalen ezagutu zuten Suku Maya neskatoaren istorioak. Mendi festak Xabier Ormazabal mendi beka du oinarri. Andoni Ormazabal: «Xabik Takolo beka irabazi zuen bere garaian. Gogoan dut bazkaltzen nengoela etxean amarekin, Xabi etorri zen etxera eta amari eta bioi esan zigun 3.000 euroko beka bat irabazi zuela bere proiektua gauzatzeko. Harrotasunez lepo zegoen. Bekak, diru sariaz harago, esan nahi du norbaitek zuregan sinetsi duela. Horrek bultzada latza ematen dizu, zure ametsa egiten lagundu nahi zaituen jendea dagoelako». Horren harira ekimen bat aurkeztu zuen herriko udaletxean Andoni anaiak, Urretxun mendiko beka bat sortzeko. Duela zortzi urte ekin zioten, eta aurten laugarren saritua izan da. «Urte batean deialdia egin eta ekimenen bat saritzen dugu, betiere 23 urtez azpiko mendizaleentzat, eta 3.000 euroko diru sariarekin. Hurrengo urtean ekimenaren jarraipena egiten dugu». Bekak mendi festa egunean du jarraipena. «Dena prestatzeko mila buruko min izaten ditugu, baina gauza txukuna egiten da», esan du Andonik. «Guretzat Xabi Ormazabalen festa eguna mendizaleak elkartzeko eguna izatea gauza ederra da. Jende ezaguna etortzen da; Sean Villanueva eta Nico Favresse azkenak, baina mendizale arruntak ere asko. Jendea bueltatu egiten da, urtero. Araotzen izaten naiz eskalatzen, sarri, eta norbaitek esan zidan ‘iaz zure anaiaren mendi festan egon nintzen’». Umeentzako jarduerak antolatzen dituzte goizean: rokodromoa, tirolina, slack line batzuk… «Mendia herriratzen saiatzen gara, eta gure familiarentzat egun handia izaten da, asko jasotzen dugu bueltan: amak eta Xabiren lagun zirenek sukaldean laguntzen dute. Maitasun handia jasotzen dugu eta Xabiren oroitzapena bizirik mantendu. Horri bekaren gaia gehitu, eta ze gehiago eskatu behar dugu?». Pumorira bertaratu ziren gipuzkoarren taldea, Azpeitian. Uztarria aldizkaria Duela 23 urte gertatutakoa gainditzeko, sarri ibiltzen da mendian Arantxa Gurrutxaga Beñat Arrueren ama: «Hemengo mendietan ibiltzen naiz, Beñaten omenez. Lasaitasuna, bakea, ematen dit, eta ordu batzuetan dauzkazun arazoak aparte uzten laguntzen dizu». Arantxa eta Peio senarraren poz handiena, ordea, Suku Maya neskato nepaldarra da: «Sukuk asko betetzen gaitu. Neskato alaia da, eskertua; gustura ari gara bera laguntzen, eta bera gu. Beñat ez du inork ordezkatuko, noski, baina guretzat alabatxo baten parekoa da, bedeinkapen bat». Sukuren istorioa hunkigarria da benetan, bihotza zartatzen duten horietakoa: «Pumoritik bueltan etorri ziren mutilek gauza batzuk ekarri zizkiguten. Olatz Iñaki Aierzaren neskak argazki bat, hain zuzen ere, omenaldiko egunean». Argazki hartan Beñat Nepalgo haur txiki batekin azaltzen da, haurra Beñaten bastoiei helduta. «Oso argazki polita da. Hurrengo urtean Benantxio Iruretak esan zigun bazihoala Nepalera, eta gu berarekin joan ginen, Beñatengana hurbiltzeko asmoz. Gu bezala, beste senide gehienak ere han izan ziren». Peio Arruek Sukuren argazkia ikusi zuenean bere buruari agindu zion: ‘neska hori bilatu behar diagu’. Benantxio Irureta, argazkia hartu, eta Thamo aldera joan zen. Arantxarena, kontakizuna: «Herri batera iritsi baino lehen haur talde batekin topatu zen. Argazkia erakutsi zien eta umeak ‘Suku, Suku’ oihu egiten hasi ziren. Harengana eraman zuten Benantxio. Neskatila beldurtuta bezala geratu zen azaldu ginenean. Ama etorri zen gero, zer gertatzen ote zen galdezka, bere alabaren argazkiarekin, harrituta». Orduz geroztik bospasei aldiz joan dira Peio eta Arantxa Nepalera. Itzuli diren bakoitzean arropa eta eskola materiala eraman izan dute bertakoentzat. «Oso pozik joan izan gara beti». Andoni eta Xabier Ormazabal, helikoptero batean, Khan Tengri mendira joan zirenean. Andoni Ormazabal Azkeneko trekkinga 2016an egin zuten, «eta Suku bere txabolako txoko batean zegoen, etzanda, manta zahar batekin. Beldurtuta geratu ginen, ezin baitzuen hitzik egin ia-ia», esan du Arantxak. Peio senarrari nola edo hala erietxera eraman behar zutela esan zion. Esan eta egin, di-da batean abisatu baitzioten Mikel Lizeaga Nepalen urteak daramatzan gidari legazpiarrari. Arantxa: «Segituan lotu zuen helikopteroa. Katmanduko erietxe batera eraman zuten, baina ezin zuten sendatu. Mina kentzeko botika eman eta kito. Transplantea behar zuela esan ziguten, baina hori ezin zela Katmandun egin». Plasta bota omen zion Peiori: «Eta Euskal Herrira ekarriko bagenu, zer?». Peio prest zegoen, eta Sukuren gurasoak ere bai. 2017ko ekainean iritsi zen Euskal Herrira Suku. Momentu ahaztezina Beñaten gurasoentzat. Arantxa: «Besarkatu ninduen, eta apoteosikoa izan zen. Giltzurrunean mina zeukan, min handia, eta larrialdietara eraman genuen egun gutxira. Medikuek esan ziguten berehala egin behar zitzaiola ebakuntza». Han geratu ziren Arantxa eta Peio ebakuntza gelan zain. Infekzio handia zeukan giltzurrunean Sukuk, eta bi hilabete luze eman zituen erietxean. Dialisia beharko zuela esan zioten. Denbora eman zuen astean hirutan lau orduko saioak hartzen, eta azkenerako giltzurruna aldatu zioten. «Sukuk esaten digu hona ekarri izan ez bagenu ez litzatekeela bizirik egongo». Hasierako argazki hartan, Beñat eta Suku bi bastoiei helduta azaltzen den hartan, «akaso bastoi haiek Peio biok izango gara», esan du hunkituta Arantxa Gurrutxagak. Sukuk Aizarna zoratzen omen dauka: «Sorgin bat da. Oso alaia, eskertua. Dantzan, kantuan egiten du. Barruko poza sumatzen zaio. Ez zaio ezer kostatzen eskola eman beharra, medikuetan ibiltzea, dialisia…». «Bere indarra, bizitzeko gogoa, eredu dira guretzat», zioen Arantxak “Mendian hil, hirian hil” dokumentalean. 2001eko urrian bizitzeko gogoa kendu zien istripu lazgarria bizitzeko grina bilakatu da Suku Mayaren eskutik. Han geratu ziren mutilen senideek mendira joaten jarraituko dute, lasaitasunaz gozatzeko, mendian geratu zirenekin gozatzeko. Sakana-Pumori espedizioan hildakoak Aralarko San Migelen batuko dira, urtero bezala, senide maiteei omenaldia egiteko. Dauden tokian egonda ere maite dituztelako. Eta maitatuko dituztelako. Betirako. Pumori mendiaren ikuspegia (7.161 metro). Arrue-Gurrutxaga familia