Guggenheim Bilbao Museoak 473.493 bisitari izan ditu ekainetik abuztura
Guggenheim Bilbao Museoko arduradunak pozik daude udan izandako bisitari kopuruarekin. Izan ere, 473.493 bisita izan ditu ekainetik abuztura arte, bere historiako bigarren udarik onena lortuz. Dena dela, iaz baino 16.453 bisitari gutxiago izan ditu.
Guggenheim Bilbao Museoak 473.493 bisitari jaso ditu ekainean, uztailean eta abuztuan, bere historiako bigarren udarik onenean, iazkoan baino 16.453 gutxiago izan arren. «Aurten ere lortutako emaitza bikainek museoaren osasuna eta nazioartekoa eta anitza den publikoa erakartzeko duen ahalmen handia berresten dituzte», nabarmendu dute museoaren rduradunek prentsa ohar baten bidez.
Hilabeteka begiratuz gero, ekainean 110.587 bisitari izan dira, ireki zenetik ekainarik onenean (iaz baino 4.146 pertsona gehiago); uztailean, berriz, 162.280 pertsona izan dira museoan, 2023an baino 3.138 gutxiago, eta abuztuan, azkenik, 200.626, iaz baino 17.461 gutxiago.
Jatorri geografikoa
Bestalde, bisitarien jatorri geografikoari dagokionez, Bilboko museoak pandemia aurreko nazioarteko bisitarien maila berreskuratzea lortu du, publikoaren %76 Espainiako Estatutik kanpo etorri baita (iaz baino %8 gehiago). Beste behin ere, frantsesak (guztien %17), alemanak (%9), herbeheretarrak (%8), erresumabatuarrak (%7), italiarrak (%7) eta estatubatuarrak (6%) nabarmendu dira. Bisitari gehien izan den eguna abuztuaren 9a izan da (9.044).
Beraz, abuztuaren 31 arte, 894.040 bisitari izan dira Guggenheim Bilbao Museoan, aurreko urteko antzeko kopurua eta pandemia aurreko urte arrakastatsuena izan zen 2018an baino %7 gehiago.