Burdinbidearen Euskal Museoan, ohiko denboraldiaren hasiera
Uda garaiko egitarau berezia bukatuta, Burdinbidearen Euskal Museoak azarora arte iraungo duen ohiko denboraldia abiatuko du. Lurrunezko hiru tren jarriko ditu martxan irailaren 7an eta 8an, Azpeitiko instalazioetatik Lasaora bidean.
Euskotreneko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, tren irteerak 12:00etan eta 17:30ean izango dira larunbatean, irailaren 7an, eta 12:00etan igandean, irailaren 8an.
Museoak Europako trenen bildumarik onenetakoa du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrun, diesel eta elektrizitate bidezko lokomotorrak, automotorrak eta era askotako bagoiak. Gainera, Euskadiko makina-erreminta bildumarik osatuenetakoa du, Urolako Burdinbidearen tailer mekaniko zaharrari esker, bai eta XIX. mende amaieratik aurrera erabilitako uniformeen laginak eta trenen arloko erlojuen munduko bildumarik onenetakoa ere.
‘Egun batez surgina’ berreskuratuta
Bestalde, Azpeitiko museoak eskaintzen dituen jardueren artean ‘Egun batez surgina’ delakoa berreskuratu da. Lurrunezko lokomotorraren kabinan joan-etorri bidaia osoa egiteko aukera ematen du, tren-makina martxan jartzeko beharrezkoak diren prestaketa lan guztiak zuzenean ikusiz.
Segurtasuna une oro bermatzeko adinako prestakuntza eta ekipamendua emango dira. Esperientzia esklusiboa da eta 50 euroko prezioa du, eta parte hartu nahi dutenek erreserba egin beharko dute museoa@euskotren.eus helbide elektronikora mezua bidalita jarduera egin nahi den eguna baino 72 ordu lehenago, gutxienez.
Burdinbidearen Euskal Museoa 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era dago zabalik asteartetik ostiralera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etatik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).