Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltaria, artea herrialdean zabalduz
Ertibil Bizkaia arte bisualen erakusketa ibiltariak Basaurin hasi du bere ibilbidea. Ariz dorrean egongo da ikusgai urriaren 3ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketaren 42. edizioa da, eta lurraldean bizi eta lan egiten duten 18 sortzaile berriren lanak aurkezten ditu.
Foru erakundetik jakinarazi dutenez, erakusketak «Bizkaiko egungo arte panoramaren aniztasuna eta talentu kartsua» islatzen ditu, instalazio, margolan (olio, akriliko eta pastel), bideo, eskultura eta argazkigintzaren bidez.
Ertibil ekimenak 149 proposamen jaso ditu aurten, eta, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kirol eta Kulturako foru diputatuak aurkezpenean nabarmendu zuenez, parte hartze hori «programak eragiten duen gogo biziaren eta interes handiaren adierazgarria da».
«Proposamenak teknika eta espezialitate artistiko askotakoak izan dira, eta gure lurraldeko arte garaikidearen aniztasun aberatsa erakusten dute. Aurkezturiko guztien artean, 18 obra hautatu dira, kontu handiz, erakusketa honetarako, eta Bizkaian sortzen ari den talenturik onena erakusten dute», azaldu zuen.
‘Entre murmullos y cabello’
Ertibil Bizkaia 2024ko lehen sariduna Leo Burge izan da, ‘Entre murmullos y cabello’ lanarekin. Zortzi marrazkiko bilduma bat da, «dimentsio anitzeko espazio batean marra eta zatien arteko fusioa» esploratzen duena.
Bigarren saria M. Benito Pirizentzat izan da, ‘Abrazo’ lanari esker, «zulatutako gorputzari buruzko eskultura-hausnarketa zirraragarriarekin». Lucia Jayo Altamiranok lortu du hirugarren saria, ‘You'll Never Guess’ lanarekin: argazki proiektu bat da, «irudiak errepikatuz ikuslearen pertzepzioari erronka botatzen diona».
Lehen hiru saridunen lanekin batera, Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Angela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, Victor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne Gonzalez & Eva Raya artistenak daude ikusgai Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltarian.
Basaurin izan ondoren, Ertibil 2024k Igorreko Lasarte aretoan jarraituko du ibilbidea, urriaren 5etik 31ra, eta ondoren, Derioko Kultur Birikan (azaroaren 4tik abenduaren 2ra) eta Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentroan (abenduaren 3tik 30era) izango da ikusgai.