29 JUL. 2024 Mendukiloko leizea, Aralar mendilerroaren erraietan 50 minututan hiru gela ezagutuko ditu bisitariak koba barnean, 540 metroko pasabide flotakor eta argiztapen dinamiko eta multimedia sistema bati esker. Astitzetik hurbil eta Lekunberritik minutu gutxira, Aralar mendilerroaren barrutiak azaleratzen dituen Mendukiloko kobazuloaz ari gara. Laminosineko lakua. (mendukilo.com) Bidaiari Nafarroa iparraldean, Plazaolako Partzuergo Turistikoaren eremuetan eta Aralarko mendilerroaren magalean. Zehazkiago, Larraungo bailaran, Astitzeko kontzejuaren herri-lurretan. Hortxe dago Mendukiloko leizea. 2005eko uztailera arte espeleologo eta abenturazale gutxi batzuen eskura soilik zegoen arren, gaur bisita daiteke, gidari batekin, gainera. Taldeak osatzen dira (gehienez 25 lagun) eta 50 minutuko iraupena dute. Hainbat areto Egia esan, aukera egokia da lur azpiko misterioak ezagutzeko, batez ere pasabide flotatzaileei eta multimedia-argiei esker. Bisitaldian zehar zenbait areto ikusiko ditu bisitariak: Artzainzulo, Laminosin eta Herensugearen gotorlekua. Artzainzulo sarrerako gela da, artzainen babestokia. Oso handia da eta, gainera, argi naturala sartzen da bertaraino. Lehen formazio geologiko xumeak ikusten dira bertan. Bigarren gela, Laminosin, lakuen aretoa da eta formazio geologikoez betea dago: estalaktitak, estalagmitak, gourgs-ak... Eta, azkenik, Herensugearen gotorlekua, ikaragarri handia, ikusgarria: 60 metroko luzera eta zenbait puntutan 20 metroko altuera. Espeleologiako abentura-programa Hala ere, nahi duenak espeleologiako abentura-programan har dezake parte. Gudariaren Aretoraino iritsiko da, 70 metrora lur azpian. Nolanahi ere, edonork ezin du egin hiru orduko ibilbide hau. Zenbait adituk diotenez, mendetan mendi-ukuilu gisara erabilia izan da eta, horrexegatik, baliteke izena hortik etortzea: mendi-ukuilu. Arkeologoek egindako indusketek hori berresten dute. Idatzizko dokumentuetara jotzen badugu, 1908koak, Endrokillo izenarekin agertzen da Larraungo udaleko katastro zaharrenean. Bertakoek leizea betidanik ezagutu arren, inor ez zen ausartu sarrerako gelatik haratago joatera, harik eta 1955 urtean Vianako Printzearen espeleologia taldeak lehen sarrera ofiziala egin zuen arte.