07 AGO. 2024 ‘Euskal pilotaren historiaren ibilbidea Iruñean’ bisita gidatuak Iruñeko Udalak euskal pilotaren historia ezagutarazteko bisita gidatuak antolatu ditu. Hiriak pilota sustatzen du ondare kultural eta turistiko gisa eta, horregatik, zortzi bisita programatu ditu ‘Euskal pilotaren historiaren ibilbidea Iruñean’ izenburupean. Iruñeako Gaztelu Plazatik ere igaroko da ibilbidea. (Iñigo URIZ | FOKU) Bidaiari Irteerak ostiraletan izango dira, arratsaldeko 18:30etik aurrera, aurretik izenak eman ondoren. Lehen saioa abuztuaren 9an izango da, Nafarroako Errege Artxibotik abiatuta. Bisitak euskal pilota jokoen jatorria eta bilakaera ezagutzea du helburu, garai batean pilotan jokatzen zen kale eta plazak zeharkatzen diren bitartean. Hiriko frontoi nagusiak ere bisitatuko dira. Bisita gidatuak bi orduko iraupena du, 18:30etik 20:30era, eta lau geraleku izango ditu: Mañuetako pilotalekua, Gazteluko plaza, Jito-Alai eta Labrit pilotalekua. Labriten, hain zuzen ere, frontisari buruzko ikus-entzunezkoen proiekzioa eskainiko da, eta, ondoren, euskal pilotaren hainbat modalitateren erakustaldia egingo da, frontoiko kantxara jaisteko aukera eskainiz, hainbat tresna probatzeko. Jardueraren prezio orokorra, 14 urtetik aurrera, 5 eurokoa da, eta 4 eurora murrizten da Pamplona Iruña Card (PIC) txartelarekin. 14 urtetik beherakoek doako sarrera dute. Aurreikusitako datak honako hauek dira: abuztuak 9 eta 16; irailak 6 eta 13; urriak 11; azaroak 1; abenduak 6 eta 27. Bisitak gaztelaniaz izango dira, irailaren 6koak eta azaroaren 1ekoak izan ezik, horiek euskaraz baitira. Bisita gidatuez gain, abuztuan hasi eta irailaren 30era arte, Labrit pilotalekua libreki bisitatu ahal izango da, doako sarrerarekin, programatutako ekitaldiak egiten ari direnean izan ezik. Ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara; larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, bisita horiek ez daude eskuragarri.