bidaiari - bidaia aldizkaria

Abuztuan, tren historikoen irteera gehiago Burdinbidearen Euskal Museoan

Urtero bezala, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak eskainitako irteerak areagotu egin dira abuztuan, uda garaian bisitari gehiago izaten dituelako. Hona hemen datu adierrazgarri bat: guztira, 49 tren jarriko ditu abian abuztuan.

Burdinbidearen Euskal Museoko tren historikoetako bat Azpeitian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urtero egiten duen bezala, aurten ere Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoak areagotu egin ditu tren historikoen irteerak abuztuan. Guztira, 49 tren jarriko ditu abian: 34 diesel eta 15 lurrin-tren. Tren horiek Azpeitiko Museoaren eta Lasaoren artean ibiliko dira.

Diesel-trakzioko trenen zerbitzua asteartetik ostiralera (lanegunak) eskainiko da, eta museotik irtengo dira 12:00etan eta 17:30ean. Bestalde, lurrin-trenak larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ibiliko dira. Larunbatetan, 12:00etan eta 17:30ean aterako dira. Igandeetan, berriz, 12:00etan aterako dira museotik.

Tren bildumarik onenetakoa

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako trenen bildumarik onenetako bat jasotzen du bere instalazioetan. Mota guztietako ibilgailuak ditu: lurrin, diesel eta elektrizitate bidezko lokomotorrak; automotorrak eta era askotako bagoiak.

Halaber, Euskal Herriko makina-erreminta bildumarik osatuenetako bat ere badu, Urolako Burdinbidearen tailer mekaniko zaharrari esker, bai eta XIX. mende amaieratik aurrera erabilitako uniformeen laginak eta trenen arloko erlojuen munduko bildumarik onenetako bat ere.

Egia esan, garai haietako trenik inoiz ikusi ez duenak izugarri gozatzen du museoak eskaintzen dituen bitxikerien artean.

Honako hau da museoaren ordutegia: Asteartetik larunbatera, 10:30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:30era; igande eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik), 10:30etik 14:00etara.