08 JUN. 2015 ALPINISMOA Esplorazio grinari esker, Alaskan 3 mendi «berri» igo dira Revelation mendilerroan pare bat bide berri zabaldu dute: Obelisk mendian «Emotional Atrophy» (M6, WI5, A0), eta Seraph mendian«Mandarin mounty» (5.10, WI5+, A2). Hansjorg Auer eta Much Mayr austriarrek, berriz, Reaper mendian «Sugar man» (M7, 85º, A1). Andoni ARABAOLAZA Munduko mendilerro garaienetan alpinismoaren mugimendua ia erdi «lo» dagoen bitartean, Alaskan alpinista batzuk «dantzan» daude. Bai, jakin badakigu Alaskako mendien denboraldian gaudela, baina horrek ez du esan nahi, bederen, alpinismo tekniko eta esploratzailearen aldeko apustua egiten dutenak geldirik daudenik. Jakin badakigu, Nepalen gertaturiko lurrikara bortitzek montzoi aurreko denboraldia bertan behera utzi dutela. Eta, hein handi batean, horregatik une honetan alpinismoaren gune nagusia Alaskan dugu. Hori ondorioztatzera eraman gaituzte mendi horietan izaten ari diren eskaladek. Azken asteotan aportazioaren bidetik sinatutako hainbat jarduera lerrootara ekarri dizkizuegu, eta oraingoan ere ez gara atzean geratuko azken bolada honetan Alaskako mendilerroetan kalitatezko mugimendua egon delako. Horren isla dira aurkeztuko dizkizuegun hiru jarduerak. Hirurak ala hirurak, gainera, orain arte igo gabe zeuden mendietan egin dira. Europako mendebaldekoentzat hiru mendi erabat ezezagun: Obelisk, Seraph eta Reaper. Irakurtzen den bezala, esplorazioaren grina jarduera horien zutabeetariko bat izan da. Beste bat, bide berri horiek zabaltzeko erabili den abiadura. Eta beste bat aipatzeko, eskalada horietan gainditu diren zailtasun teknikoak ditugu. Obelisk mendia Hasteko, Revelation mendilerrora abiatuko gara. Aitortu beharra dago Alaskako aurtengo denboraldian eguraldiak ez duela batere lagundu, baina, hala ere, batez ere Revelation mendilerroan mugimendu interesgarria izaten ari da. Nahiz eta hango mendietan hainbat hamarkadatan eskalatu den, batez ere azken urteotan sona handia hartzen ari dira. Eta horren guztiaren «errua» Clint Helander estatubatuarrak dauka. Alpinista askok diotenez, Revelation mendilerroa paradisu ederra da esploratzeko gogo handiz dabiltzanentzat. Helander aipatu dugunez, gehitu behar dugu denboraldi honetan ere ingurumari hartako protagonistetako bat izan dela. Harrigarria bada ere, zortzigarren urtea du jarraian mendilerro horretan, eta joan den martxoan egin zuen espedizioak Obelisk mendira eraman zuen. Badirudi, gainera, mendilerro horretan eskalatu gabe zegoen «azken» mendia dela. Alpinista estatubatuarrak berak aitortu duenez, gogo handia zuen Obeslik mendiari ekiteko: «Iazko denboraldian Graham Zimmenmarekin jardun nuen, eta etxera hiru helburu ezberdinekin itzuli nintzen. Horietako bat Obelisk zen; denbora neraman mendi horrekin amets egiten. Xede hau antolatzen ari nintzela Tad McCrea kideari deitu nion». Eta ongietorria espero zutena baino askoz ere basatiagoa izan zen: «Kanpalekura ekaitz baten erdian iritsi ginen. Elur asko egiteaz gain, termometroa -55 gradura jaitsi zen. Eguraldi ankerra, krudela... 16 egunetik 14 dendan zein elurretan eginiko koba batean pasa genituen; bata bestearen ondo-ondoan, ia mugitu gabe. Haizeteen erauntsiak beldurgarriak ziren oso! Bazirudien eramango gintuztela; inoiz pasa dudan gau basatienetariko bat han igaro nuen. Baina «barealdia» ere iritsi zen. Ia azken orduan; izan ere, McCreak etxera itzuli behar zuen. Hegazkina hartzeko baino bizpahiru egun lehenago, martxoaren 20an, sokada martxan jarri zen. Helanderrek dio ziztu bizian eskalatu zutela: «Errimaia gainditu, eta elur aldats batzuetatik ehunka metro egin genituen. Ondoren, M6 zailtasuneko tarte bat eskalatu nuen. Beste elurrezko aldapa batzuk, eta arrokara iritsi ginen. Bidearen herena eskalatuta genuen. Baina atzera egin behar izan genuen». Bigarren saioan John (Giraldo) izeneko beste kide bat gehitu zitzaien: «Martxoaren 22a zen: eguraldi ona eta apenas haizerik. Lehen herena eskalatu ondoren, beste luze tekniko batera heldu ginen. WI5 eta M6 gradukoa zen; mendietan inoiz egin dudan zailenetarikoa. Izotz geruza oso-oso fina zen, eta zailtasunak izan nituen aseguruak jartzeko. Hortik aurrera eskalada lasaitu egin zen. Zortzi orduko jarduna izan zen, Obelisk mendiaren hego-mendebaldeko aurpegian. Bidea “Emotional Atrophy” deitu dugu: 4 (Alaskako eskalan), M6, WI5 eta A0. Seraph mendia Revelation mendilerrotik atera gabe, esan behar dugu Rick Vance eta Chris Thomas estatubatuarrek Seraph mendiaren lehen igoera sinatu dutela. Aurreko protagonistek bezala, hauek ere oso eguraldi bortitza jasan behar izan zuten. Hala ere, aurrekoek bezala barealdiarekin xede hori biribiltzeko aukera izan zuten. Badirudi Seraph mendian apenas izan dela saiorik; antza denez, bakarra 1960ko hamarkadan izan zen. Vancek azaldu du beste helburu batzuk zituztela: «Jezebel eta Pyramid mendiak zeuden gure xedeen artean. Lehenean, hegazkinak ezin izan zuen lur hartu. Eta bigarrenean, mendiaren baldintzak oso gaiztoak ziren. Horregatik C planari ekin genion. Lehen saioa apirilaren 13an egin genuen. Paretaren sarrera heltzeko komeriak izan genituen, eta eskalatzen hasi ginenean, lehen luze teknikoan, jaitsi ginen elurte baten ondorioz». Eguraldia lasaitu zenean, bigarren saioa egin zuten. Lehen zailtasunak behealdean iritsi ziren: «Bidearen giltza hor zegoen. Guztira, 15 luze igo genituen, eta ondoren, ensamblen ehunka metro batzuk. Guztira, 17 orduko jarduna (igo eta jaitsi) izan zen». Sortutako bideak “Mandarin mounty” du izena: 5.10, WI5+, A2, 700 m). Reaper mendia Hirugarren protagonistak ez dira estatubatuarrak, austriarrak baizik. Hauek ere igo gabe zegoen mendi baten lehen igoera sinatu dute. Reaper mendia da, eta, maiatzaren 17an, Much Mayr eta Hansjorg Auer-ek mendiaren ipar aurpegian “Sugar man” bidea (M7, 85º, A1, 750 m) zabaldu zuten. Di-da bateko espedizioa izan da; izan ere, austriarrek maiatzaren 11n Alaskara bidaiatu zuten, eta, 12 orduko jardueraren ondoren, hilaren 17rako lan guztiak bukatuta zituzten. «Kanpaleku nagusitik goizeko lauretan irten ginen, eta arratsaldeko 13:30ean zapaldu genuen gailurra. Jaitsiera, berriz, oso azkarra eta arazorik gabekoa izan zen. Mendebaldeko ertzetik jaitsi ginen, eta arratsaldeko 16:00etan kanpaleku nagusian ginen. Eguraldia nahiko ezegonkorra izan zen; zeru urdineko egun bakarra izan genuen. Luze batzuk teknikoak izan ziren eta segurtatzeko zailak. Luze horietan eroriko bat izatea ‘debekatuta’ zegoen», adierazi du Auer-ek. REVELATION Alaskako mendilerro horretan Obelisk eta Seraph mendien lehen igoerak egin dituzte. Clint Helander mendilerro horren bultzatzaile nagusietarikoa da. REAPER Much Mayr eta Hansjorg Auer austriarrek, 12 orduko jardunean, mendiaren lehen igoera sinatu berri dute. «Sugar man» bidea mendiaren iparraldeko aurpegian sortu dute.