15 JUN. 2015 KIROL ESKALADA 25 urte geroago, Ben Moon historikoakbere bigarren 9a sinatu du Duela astebete, eskalatzaile ingelesak «Rainshadow» marra (Malham Cove) poltsikoratu zuen. Hain zuzenere, mende laurden bat igaro da bere lehen 9a, «Hubble», egin zuenetik. 49 urte bete berri ditu. Andoni ARABAOLAZA 49 urte egin baino bost egun lehenago, Ben Moon eskalatzaile historikoak “Rainshadow” bidea (9a, Malham Cove) kateatu zuen. Bai, pasa den 8an izan zen; eta berriak, besteak beste, bi irakurketa izan ditzake. Lehena, adin horrekin 9a zailtasuneko marra bat sinatzea azpimarratzekoa dela. Bestea, 25 urte pasatu direla bere lehen 9a (“Hubble”) egin zuenetik. Eta hori ere azpimarratzekoa da. Mende laurden bat, beraz, “Rainshadow” eta “Hubble” mitikoaren artean. Eta azken bideari mitikoa deitu diogu, egun 9a mailakotzat hartua delako. Berez, hasiera-hasieratik 8c+ bezala aurkeztu zen, baina egun plus bat gehiago gehitu diote. Horrela bada, lasai asko esan dezakegu eskalatzaile ingelesak historia egiten jarraitzen duela. “Rainshadow” bideari dagokionez, aurreratu behar dugu Britainia Handiko biderik gogorrenetarikoa dela; hain zuzen ere, “Raindogs” bidearen hedapen bat da. 2003. urtean, Steve MacClurek egin zuen marraren lehen igoera. Protagonista honi kosta egin zitzaion xedeari puntu gorria jartzea, guztira 17 egun ezberdinetan makina bat saio egin baitzituen. Bidearen hasieran, giltza dena, 8a edo 8a+ graduko blokeko pauso bat egin behar da. Ondoren, 8a+ beste sekzio bat, eta azken hamar metroek mugimendu luzeak eskatzen dituzte. Hamar urte igaro ziren lehen errepikapena iritsi arte, eta Adam Ondra izan zen protagonista. Hurrengo errepikapena Jordan Buys-ena izan zen (2013. urtean), eta azkena Moon-ena. Bigarren 9a Harrigarria bada ere, lerrootako protagonistak erabat lotuta jarraitu du kirol eskaladan. Eta gauza bat da eskalatzen jarraitzea, eta bestea maila horretan jardutea. Hots, duela 25 urte lortu zuen maila berean. Gogora dezagun, Moonek asko eskaini diola kirol eskaladari. 1980ko hamarkadaren amaieratik aurrera, Jerry Moffat sokakidearekin batera, kirol eskaladaren zailtasunaren bilakaeran urrats oso garrantzitsuak egin zituen. Ingelesak, adibidez, munduko 8c graduko lehen bi bideak igo zituen. 1990. urtean, berriz, “Hubble”-ren lehen igoera egin zuen, eta harentzat 8c+ proposatu zuen. Baina, urteen poderioz, 9a mailakotzat hartua da. Horrela balitz, “Hubble” munduko lehen 9a izango litzateke, eta ez Wolfgang Gülich-en “Action directe”. Gauzak horrela, Moon-ek bere bigarren 9a egin du. Ia 49 urterekin! BEN MOON Eskalatzaile ingelesak «Rainshadow» bidea poltsikoratu berri du. Bere bigarren 9a da, eta ia 49 urterekin sinatu du.