Kolore guztietako osagaiak Baffineko marra berrian
Maiatzaren 9tik 21era, David Allfrey eta Cheyne Lempe estatubatuarrek Great Cross zutoinean «Deconstructing Jenga» bidea sortu zuten. Sormen lan berria 900 metro luze da, eta 5.9+ eta A3+ zailtasunak ditu. Sokadak eskalada osoa kapsula estiloan egin zuen.
Baffin (Nunavut) tokitan dagoen uhartea da. Tokitan egoteaz gain, Artikoaren eraginak zein indarrak oso kutsu berezia ematen diote. Hori guztia gutxi izango balitz bezala, hormatzar bikainak ditu. Asko eta asko, gainera, ukitu gabeak. Horregatik guztiarengatik eskalatzaile zein alpinista batzuk-batzuk erakusleiho alpino horren sarera erortzen dira. Ez dira asko, jakina, uharte horretara espedizio bat egitera “ausartzen” direnak; izan ere, oso garestia izateaz gain, logistika korapilatsua du.
Haatik, hango ohiko denboraldiaren hasierarekin batera, mugimendua izaten ari da. Cheyne Lempe eta David Allfrey estatubatuarrek, adibidez, aukera izan dute Great Cross zutoinean bide berri bat zabaltzeko. Hori, maiatzaren 9tik 21era erdietsi zuten, eta sormen lan berriari “Deconstructing Jenga” izena jarri diote: 5.9+, A3+, 900 metro. Klimaren gogortasuna dela-eta, sokada estatubatuarrak kapsula estiloan eskalatu zuen.
Allfreyk aurreratu du Sam Forf fiordora iristeko buruhausteak izan zituztela: «Hiru eguneko bidaia, beste egun bat galduta hegazkina ez zelako irten, beste bi herriaren inguruan bibaka egiten, bost ordu elurretako motor batean bakarrik eta itsaso izoztuan fiordora iristeko... Horretaz guztiaz gain, egun eta erdi geure kanpalekua prestatzen eta paretaren sarrerara materiala eramaten pasatu genituen».
Lan eskerga hori bukatu ondoren, protagonistok pronto ziren eskaladari ekiteko. Maiatzaren 9an lehen urratsak egin zituzten: «Kapsula estiloan sartu ginen. Ekialdetik etengabeko haize fina sartzen zen, eta espedizio osoan egoera horrekin jardun behar izan genuen. Eguzkia irteten zenean, zer edo zer berotzen zuen; bueno, ezer gutxi. Hormatzar alpinoetan eskarmentu handia duten Regan eta Yeti poloniarren lema altxatu genuen: ‘Egunero eskalatu behar da’. Eta hori egin genuen, nahiz eta bigarren zein hirugarren eskalada egunetan Artikoko elur ekaitzak zein -20 graduko tenperatura izan. Hori guztia gutxi ez eta, perspektibarekin arazoak izan genituen; 30 metroko tarte bat zirudiena, azkenean 60koa izan zen».
«Jenga» jokoa
Eguraldiak ez zien asko laguntzen, baina sokada estatubatuarrak erritmoa hartu zuen: «Eskuineko zutoinaren sarrerara iristeko sei luze eta 365 metro eskalatu genituen. Puntu horretan geure lehen kanpalekua atondu genuen; hain zuzen ere, erlaitz baten babespean. Ondoren, ezkerrera jo genuen; eskuineko eta erdiko zutoinen artean dagoen ageriko artesi baten bila joan ginen. Eremu horretan, geure kide Ben Ditto eta Sean Villanueva bide berri bat zabaltzen saiatu ziren, baina eskaladaren laurden bat egin ondoren, arrokaren kalitate eskasarengatik, atzera egin zuten. Guk beste lau luze eskalatu genituen; harkaitzaren kalitatea oso ezberdina zen».
Eskalatzaileok pareta nagusiaren erdia eskalatua zuten. Gogor borrokatu behar izan zuten, batez ere aurrean zituzten offwidth zailekin: «Kontuan hartu behar da bota bikoitzekin eta Artikoan jarduteko tresneria astunarekin eskalatzen ari ginela. Baina zorionekoak gu, Yosemiten dugun eskarmentuak asko lagundu zigulako. Oro har, arroka soltearekin eskalatu behar genuen, eta tximinietan zeuden blokeek dekonstrukzio delikatua eskatzen zuten. Jenga izeneko jokoa bezalakoa zen: eskalada basatia, bakarra eta gozagarria».
Bidearen giltzetariko bat diedro sistema puskatu batean aurkitu zuten: «A3+ graduko sekzio bat izan zen. Beste bat eskaladaren amaieran; Yosemiteko Kapitaineko ‘Reticent Wall’-en itxura zeukan. Beste A3+ bat gainditu genuen. Eskalada arriskutsua, baina, era berean, ederra. Arrokazko sekzioak gaindituta, gailurrera arazorik gabe iritsi ginen. Ondoren, bide beretik rappelatzen hasi ginen. Bigarren kanpalekura iritsi arte, 24 ordu lorik egin gabe eta ezer jan gabe egin genituen: kanpalekura leher eginda iritsi ginen!».