29 JUN. 2015 ALPINISMOA «Balade au clair de lune» bidearipuntu gorria jarri berri diote Hilak 3an, Cedric Lachat eta Fabien Dugitek Mont Blanc mendilerroko Aiguille de Foun dagoen marra (A3/A4, ED+) askatu zuten.Orain 8b gradukoa da luzerik gogorrena, baina, hala ere, alpinistek zailtasun teknikoa bera baino bidearen arriskua nabarmendu dute. Andoni ARABAOLAZA Aiguille du Fou ez da Mont Blanceko mendirik ezagunena, ezta gutxiagorik ere. Baina orratz horrek oso pareta erakargarria du bere baitan. Mendiaren eguteran dagoen hormatzarrari buruz hitz egiten ari gara; hots, hego aurpegiari buruz. Eta horma horretan, besteak beste, “Balade au clair de lune” bidea dago. Sormen lan hori ez da inolaz ere gaurkoa, 1983. urtekoa baizik. Eta marraren egileak honakoak izan ziren: Jean-Marc Boivin, Eric Bellin eta Martial Moioli. Hiru hamarkada pasa dira bide hori zabaldu zutenetik, eta aitortu behar da oso igoera gutxi izan dituela. Eta era askean, bat bera ere ez. Beno, lehenbizikoa pasa den hilak 3an iritsi zen Cedric Lachat eta Fabien Dugiten eskutik. Ordura arte A3/A4 (ED+) bezala graduatuta zegoen marra, 8b izatera pasa da orain. Hori da, bederen, “Balade au clair de lune” bideari puntu gorria jarri dioten protagonistek azaldu dutena. Nahiz eta zailtasun teknikoak garrantzitsuak diren (batez ere seigarren luzea: 8b), lerrootako protagonista diren alpinistek azpimarratu nahi izan dute arazo handienak luze asko aseguratzeko orduan topatu dituztela. Beste era batera esanda, zailtasun teknikoak baino arriskua nabarmendu nahi izan dute. Eta hori guztia gutxi izango balitz, Lachat eta Dugitek logistika gogor bati egin behar izan zioten aurre. Batetik, hurbilketa bera nahiko deserosoa izan zen; eta, bestetik, aurkitutako eguraldiak eskalatutako marran egin beharreko lana asko baldintzatu zien. Kontuan hartu behar da, alpinistok guztira hiru bidaia egin zituztela. Lehenengoa apirilean izan zen: elur sakonarekin eta motxila handiekin tresneria garraiatu zuten. Bigarrenean, berriz, bidearekin lehen harremana izan zuten: “Balade au clair de lune” marra mitikoa era askean sinatzeko aukera aztertzeko, paretaren beheko aldean dauden luzeak artifizialean eskalatu zituzten. Eta hirugarrenean, azkenik, bi eguneko jardueraren ostean, xedearekin egin ziren. Lachat suitzarra da; Dugit, aldiz, frantziarra. Biak ala biak hormatzarretan espezialista handiak dira. Eta argi utzi dute sokada osatzen dutenean ere, ondo baino hobeto moldatzen direla. Aurreratu behar dugu xedearen bultzatzailea Dugit izan zela: «Mont Blanceko mendilerroan bide bat era askean igotzeko irrikatan nengoen aspaldi. Nire irizpideak marra horretan indarrean jarri nahi dituen, eta ‘Balade au clair e lune’ aukeratu nuen. Orratz hori niretzat big-wall txiki bat da, oso tentea eta sendoa. Aukeratutako marrak gailurrean uzten zaitu, Boivinek zabaldu zuen, oso errepikatzaile gutxi ditu, librean ateratzeko eszeptiko asko zituen, arriskua du, espit gutxi... Horrek guztiak motibatu ninduen. Niretzat etikak erabateko garrantzia du, eta bidea zabaldu zutenei errespetu handia diet. Horregatik, Cedric eta biok argi genuen handik era askean pasatzeko espitak jarri gabe irtenbideak bilatu behar genituela». Bi egun Alpinista frantziarrak aurreratu duenez, bidearen inguruko xehetasun batzuk bazituen: «Eric Doiseauk bide hau neguan igo zueneko krokis oso zehatza pasa zidan. Ohartu nintzen bidearen giltza seigarren luzean plaka batean dagoen A3/A4 zailtasuneko tartea izango zela. Marraren beste luzeetan, aldiz, ez nekien zer aurkituko genuen. Argazki batzuk ikusi nituen, baina ez zidaten asko laguntzen. Bi bidaia egin ondoren, hirugarrenean era librean eskalatzeari ekin genion. Giltza izango ziren luzeak kateatzen saiatu ginen. Horiek, bigarren bidaian, ez genituen probatu. Ustelduta zeuden lau espitak ez genituen aldatu, eta, beraz, eskaladaren esaldia behin eta berriro errepikatu genuen: ‘Ezin dugu erorikorik izan’. Bi eguneko lana izan zen. Lehenean, bidearen erdia arte, sokak finkatu genituen, batez ere seguru batzuk jartzeko. Hori bai, zulagailua erabili gabe; eta seguru finkorik ere ez genuen jarri. Bigarren egunean, aterpetik goizaldeko hiruetan irten ginen, eta gailurra arratsaldeko zortzi eta erdietan zapaldu genuen». Dugitena bereziki azpimarratzekoa da, besteak beste, astebete eskasean, mendilerro horretan, bide bat zabaldu (Jeff Mercierrekin batera) eta aipatzen ari garen lehen igoera aske hau sinatu zituelako: «Zalantzarik gabe, astebete emankorra izan zen. Foun eskalatzeko entrenatu nintzen, batez ere aurretik nuen maila berreskuratu ahal izateko. Burua lantzeko, berriz, udaberrian mendian hainbat irteera egin ditut. Jeffekin Aiguille du Plan mendiko mendebal aurpegian egin genuenari buruz esan dezaket biok ala biok denbora generamala helburu hori aztertzen. Baina nire xede nagusia ‘Balade au clair de lune’ zen». Frantziarrak argi asko zuen Lachat sokakide oso aproposa izango zela; izan ere, suitzarra hormatzarrak librean igotzen espezialista handia da: “Orbayu” (Picu Urriellu), “Hotel Supramonte” “(Sardinia) eta “Delicatessen” (Korsika) dira, besteak beste, Lachatek poltsikoratutako zailtasun handiko bide luzeak. Bi protagonistok era askean eskalatu duten bidearen ezaugarriei buruz, suitzarrak adierazi du giltza lehen sei luzeak direla: «Batez ere, bigarrena (7b+, baina kaka moduko iltze batekin), hirugarrena (6b+, baina 30 metroan soilik seguru bat jarri genuen) eta seigarrena (8b). Bai, buruhauste handiak izan genituen seguruak jartzeko orduan, batez ere artesiak txikiak eta itxiak zirelako. Oso-oso zaila da fidagarria den seguru bat jartzea. Luzeok ia soilik iltzeekin aseguratzen dira. Eskalatzen ari zaren artean, seguruak jartzea oso zaila da. Bi irtenbide dituzu. Lehena, aldez aurretik segururik ez jartzea eta hiltzeko arriskua ahal duzun neurrian kudeatzea. Eta, bigarrena, era librean hasi aurretik artifizialean eskalatu eta luze horiek babestea. Eta bigarrena aukeratu genuen. Fab eta biok oso eskalatzaile onak gara, baina artifizialean soilik oinarria dugu; argi dago beste diziplina bat dela! Alabaina, esan behar dut A3/A4 zailtasuneko luzea eskalatu genuela; hots, ez ginen soka finkoetatik igo. Hori bai, adrenalina handiarekin eta patxadaz aritu ginen». Lachatek behin eta berriro azpimarratu nahi du, seguruak aldez aurretik jarri bazituzten ere, hala nola erorikoak saihestu behar zituztela: «Hasieran ez genekien bide hori era askean igotzeko aukera zegoenik. Eguraldi iragarpenek zioten bi egun bikain jarraian izango genituela. Sona duen A3/A4 graduko luzera iritsi ginenean, helduleku batzuk garbitu eta kateatzeari ekin nion. Erortzea saihestu behar nuen, plaka batean dauden bi espit erabat erdoilduta baitzeuden. Azkenean, luzeari puntu gorria jarri nion. Ondoren, Fabek ere, soka gainetik, luzea kateatu zuen. Teknikoki luzerik zailena izan da, baina gogorragoa izatea espero genuen. Bidearen bigarren zatia askoz errazagoa da; badira A2 graduko pausu batzuk, baina friend-ekin ondo babesten ziren. Amaiera aldera, berriz, beste luze batek nahiko arazo eman zizkigun. Fabek aldez aurretik hainbat iltze jarri zituen; oso arriskutsua zen. Teknikoki ere ez zen batere erraza izan; uste dugu 7c+ izan daitekeela. Gailurra 20:30ean jo eta jaitsiera gauez egin genuen». 8B Marra Jean-Marc Boivin, Eric Bellin eta Martial Moiolik zabaldu zuten orain dela 32 urte. Teknikoki luze zailena seigarrena da. ARRISKUA Jardueraren zailtasun teknikoen gainetik, aseguratzeko izan dituzten buruhausteak nabarmendu dituzte protagonistek. PUNTU GORRIA Cedric Lachat eta Fabien Dugit alpinistek Aiguille du Fou mendiko hego aurpegian dagoen «Balade au clair de lune» bidea era askean igotzea lortu dute.